Erronkei, irtenbide teknologikoak
First Lego Leagueko finalean egongo dira Bermeoko Sagrado Corazoneko eta Gernika-Lumoko San Fideleko ikasleak. Finalerako "gogotsu" daude.
Bermeoko Sagrado Corazon eta Gernikako San Fidel Ikastolako ikasleak First Lego Leagueko finalean egongo dira, zapatuan [martxoak 16], Alacanten. Martxoaren 2an, First Lego League Euskadin aurkeztu zituzten lehenengoz beraien proiektu zientifikoak eta robotak, eta, orain, Espainiako finala jokatuko dute.
Sagrado Corazoneko ikasleek DBH 4ko ikasleek bi proiektu aurkeztu zituzten, eta biak izan ziren sarituak, arlo ezberdinetan: Bermibot Supernova taldeak bigarren sari orokorra jaso zuen –Innobasque 2. saria–, eta Alacanteko finalean izango dira; Bermibot Polaris taldeak, bestalde, Salto Wecosystem 1. saria jaso zuen, robotaren diseinu onenaren saria, alegia.
Bi taldeak sei hilabetez aritu dira lanean, eta Eneko Juaristi irakasleagaz entrenatu dute lehiaketarako. “Lehen hiru hilabeteetan talde txikietan aritu ginen; gero, aurrera jarraitu nahi genuenoi, 18 ikasleori, bi taldetan banatu gintuen Enekok”, adierazi dute ikasleek. Taldeak egiteko orduan hauek “ahalik eta egonkorrenak” izatea bilatu zuen Juaristik: “Bakoitzaren gaitasunak eta taldera egin ahal duten ekarpena begiratzen ditugu, ahalik eta talde orekatuenak egiteko”.
Bermibot Supernovaren proiektu zientifikoak “galtzen doan irakurketarako ohitura sustatu” gura du, Mikel Arroita taldekidearen berbetan. Jakinarazi duenez, irakurzaletasuna bultzatzeko aplikazioa da euren proiektua, eta liburuak irakurtzea “interaktiboagoa” izateko asmoz, irakurleei atal bakoitzean “animazio bat” eta liburu amaieran jolas bat agertzea bilatu dute. “Irakurleek puntuak lortuko dituzte pasarteak irakurri ahala, eta puntuak beste ekintza kultural batzuetan erabili ahalko dituzte, adibidez, zinemako sarrerak lortzeko”. Supernovaren proiektuak bigarren zati bat ere badu, arteari lotutakoa: “Mapa bat bezalakoa da, eta bertan zure inguruan dauden eskulturak, lanak… ikusi ahal dira, eta museoak edota lekuak bisitatuz, puntuak gehitzen joan daitezke parte hartzaileak”.
Bermibot Supernova taldearen proiektua Eder Solueta Baraiazarra, Mikel Arroita Gondra, Mikel Oseguera Gervasio, Carla Gomez Sanchez, Aitor Bilbao Garmendia, Ander Gervasio Solis, Ibon Lekue Monasterio, Ibon Atela Legarretaetxebarria eta Odei Fidalgo Moreno ikasleek osatu dute, eta proeiktuari “hobekuntza” batzuk eginda, Alacanteko finalerako “gogotsu” daude. “Ikasturte guztian zehar egin dugun lanak bere saria jaso du, eta orain beste esperientzia bat biziko dugu Espainia mailan”.
Bermibot Polaris taldea, berriz, Aroa Egibar Pico, Sofia Gutierrez Sanchez, Joane Basabe Dermit, Adriana Rojas Cabrera, Urtzi Idoyaga Garay, Aimar Urlezaga Olagoitia, Denis Alonso Echevarria, Roberto Exposito Larrinaga eta Alaitz Aranburu Martinezek osatu dute. Finalean izango ez diren arren, ikaskideak Bermeotik animatuko dituztela onartu dute.
Aroa Egibar: “Eskolaz kanpo etortzen gara, normalean arratsaldeetan denbora gehiago geratzen gara hemen, eta atsedenaldiak ere hemen ematen ditugu
Polaris taldearen proiektuak “artea pertsona gor eta itsuei helaraztea” bilatu du: “Inteligentzia artifizialaren bidez, irudia audiora pasatzeko gaitasuna du gure aplikazioak”. Horrez gain, norberak artelanari lotutako abestiak edo bestelakoak igotzeko aukera izango duela iragarri du Aroa Egibar taldeko kideak. Artea gorrak diren pertsonei helarazteko, berriz, “kontrakoa” egingo da: “Audio bat igotzen bada, irudi bihurtu ahal izango da”.
Eneko Juaristi: “Ez dira kontziente zenbat ikasi duten, eta ikasitakoak bizitzarako zenbat balioko dien”.
Bermeoko Sagrado Corazon Ikastetxeak zazpi urte daramatza First Lego League lehiaketan parte hartzen, eta ikasleak asko motibatzen dituen proiektua da: “Duela urte batzuetatik dugu proiektuaren berri, eta txikitatik gura izan dugu Lego League txapelketan apuntatu”. Ikasleek nabarmendu dutenez, beti izan dute lehiaketarako “ilusioa” eta “robota zein proiektu zientifikoa” egiteko gogoa. Horren adierazle da, ikasleak eskola orduetatik kanpo proiektuei eskaini dioten denbora: “Eskolaz kanpoko orduetan ere etortzen gara, normalean arratsaldeetan denbora gehiago geratzen gara lanean, eta atsedenaldiak ere hemen ematen ditugu”.
Eneko Juaristi entrenatzailearen esanetan, proiektuak ikasleek “konturatu gabe ikastea” ahalbideratzen du: “Ez dira kontziente zenbat ikasi duten, eta ikasitakoak bizitzarako zenbat balioko dien”. Adierazi duenez, gero eta ikasle gehiago animatzen dira parte hartzera, eta horregatik, iaz talde bakarra aurkeztu beharrean bi aurkezten hasi ziren. Egibarrek proiektua egiteko prozesuan “taldean lan egiten” ikasi duela azpimarratu du; Arroitak, berriz, “denen ideiak entzun eta errespetatzearen” garrantzia.
San Fidel.
Gernika-Lumoko San Fidel Ikastetxeak ere bi talde aurkeztu zituen txapelketara, eta honetan ere, bakarrak lortu zuen finalerako txartela. Bi taldeek Bilboko egoitzan azaldu zituzten euren proiektuak, eta lau sarirekin itzuli ziren etxera.
DBH 4.mailako ikasleek, Sanfitek fire taldeak, ez zuen finalera igarotzea lortu, baina hiru sari eskuratu zituen: Eusko Jaurlaritza Hezkuntza Saila 2. saria First Balioentzat, Ausolan 1. saria Robotaren Portaerarentzat eta Alzola saria Entrenatzailearentzat. Batxilergoko 1. mailako ikasleek osatutako Sanfitek-tek taldeak, berriz, Innobasque 2. saria irabazi zuen, eta Espainiako finalean izango da. Hain zuzen ere, Eider Mugira, Saiuri Martin, Danel Ugalde, Maite Calzada, Izaro Ikazuriaga, Raluca Iacob, Mara Dodan, Markel Berridi, Aimar Bengoetxea eta Ibai Aberasturi dira taldekideak.
Sanfitek-tek taldearen proiektuak kontzertuak gazteengana hurbiltzea bilatzen du: “Gazteentzako kontzertu batzuetara joatea oso zaila da, sarrerak oso garestiak direlako, azkar agortzen direlako edo beste herrialde batean izaten direlako”, adierazi du Oier Irazabal taldearen entrenatzaileak. Horregatik, gazteak kontzertuetara joatearen ordez, “kontzertuak euren etxeetara eroatea” proposatzen dute. Hala, errealitate birtualeko gafak erabiliz, musika emanaldiak etxetik entzutea izan dute helburu: “Kontzertua emanaldian bertan dauden kamarekin grabatuko litzateke, eta horren emankizuna guk sortutako aplikaziora bidali beharko genuke”.
Oier Irazabal: “Ikasleak ondo koordinatu behar dira eta ondo aurreikusi behar izaten dute lauzpabost hilabeteko lana”.
Taldekide batzuentzako ez da izan First Lego League lehiaketan parte hartu duten lehen aldia. Irazabalen hitzetan, ikasleentzako “urteroko erronka handia” izaten da, ikasturtearen zati handi bat horretan ematen dutelako: “Oso motibagarria da. Ikasleak ondo koordinatu behar dira eta ondo aurreikusi behar izaten dute lauzpabost hilabeteko lana”.
San Fideleko ikasleak Espainiako finalean egondakoak dira, eta berriz errepikatzeko aukera izateak prozesua “gogo handiz” bizitzeko aukera ematen die: “Balio asko ematen die Espainiako finalean lehiatu ahal izateari”.
Aurretik finalean egon badiera ere, ikastolak ez du sekula saririk jaso First Lego League-eko finalean. Espainiako toki guztietatik iritsitako taldeak izango dituzte parez-pare gernika-lumotarrek, baina laugarrenean saria iritsi daitekeenaren “ilusioa” du Irazabalek.