Busturialdeko hiru talde, Bizkaiko Taldekako Bertso Txapelketan
Txapelketa barikuan [martxoak 15] hasiko da, Gernika-Lumon jokatuko den kanporaketagaz. Guztira 16 taldek eman dute izena: LauBuru, Troiako zaldia eta Zapatilako Txikliek. Finala maiatzaren 25ean jokatuko da, Arrigorriagan.
Busturialdeko hiru taldek parte hartuko dute bertsolaritzaren oinarria indartzea helburu duen Bizkaiko Taldekako Bertso Txapelketan. 2017an lehenengoz egin zen txapelketagaz, bertso eskolak eta eskualdeak indartzeko gune ludiko bat eskaini gura du Bizkaiko Bertsozale Elkarteak. Aurtengoa txapelketaren laugarren aldia izango da, eta martxoaren 15etik maiatzen 25era bitartean egingo dute.
“Taldekakoa giro informalean eta jai giroan gauzatzea da helburua. Batez ere, bertsolari hasiberriei plazarako bidea erraztu gura diegu”, azaldu dute arduradunek. Horrez gain, ohiko txapelketan parte hartzeko motibaziorik ez dutenei ere aukera eskaini nahi diete, “antolatzaile, epaile eta gai-jartzaile berrien sorrera” bultzatzeagaz batera. Asmoa “eskualdeen arteko harremana sendotzea” dela azpimarratu dute: “Eskualdeak aktibatzea eta indartzea”.
“Helburua aniztasun hori lortzea zen, eta lortu da”.
Aurten 16 taldek eman dute izena Taldekakoan, eta 120 parte-hartzailetik gora izango dira lehiaketan. Talde bakoitza gutxienez sei lagunez osatuta egon behar den arren, asko zortzi edo hamar kidez osatutakoak izango direla iragarri dute. Parte hartzaileen profila oso anitza da: oso gazteak, beteranoak, aspaldi bertso mundutik aparte ibilitakoak, hasiberriak, Bizkaiko Txapeldunak, eta abar: “Helburua aniztasun hori lortzea zen, eta lortu da”.
Busturialdeko hiru talde egongo dira txapelketan: LauBuru, Troiako Zaldia eta Zapatilapeko Txikliek.
- Lau Buru (Busturialdea): Aitor Etxebarriazarraga, Mikel Retolaza, Eneko Aldana, Asier Galarza, Jon Arano eta Alain Cubero.
- Troiako Zaldia (Busturialdea): Janire Arrizabalaga, Ander Arrien, Beñat Bilbao, Koldo Gezuraga, Jokin Ansotegi, Imanol Ziluaga, Ander Elortegi eta Jokin Abaitua.
- Zapatilapeko Txikliek (Gernika): Iker Uriarte, Ibai Amillategi, Julen Ibarguengoitia, Koldo Muñiz, Antton Gorriño, Xabier Enbeita eta Inazio Gonzalo.
Bertsolariez gain, talde bakoitzak gai-jartzailea, epailea eta laguntzailea ere izan beharko ditu; saio bakoitzean hiru bertsolari, eta gai-jartzaile, epaile eta laguntzaile bana egon beharko dira, gutxienez. Kanporaketetan talde bakoitzak epaile bat izan arren, publikoaren iritzia ere “kontuan hartuko dela” adierazi dute. Kanporaketa bakoitzean saio labur bi jokatuko dituzte eta, bakoitzak bana irabaziko balu, berdinketa apurtzeko “talde agurra” baloratuko litzateke. Ariketa bakoitzaren gaiak adostea bi taldeetako gai-jartzaileen esku geratuko da eta, horrez gain, aurkezle lanak ere egin beharko dituzte.
Kanporaketak. Taldekakoa bi fasetan banatuko da: batetik, kanporaketa fasea egongo da, eta, bestetik, finala. Kanporaketa fasean zortzi saio egongo dira: talde biko zortzi saio. Irabazleak zuzenean sailkatuko dira finalaurrekora, eta bederatzigarren sailkatua “zozketak aukeratuko du”.
Finalaren egunean –maiatzak 25– hiru finalaurrekoak eta finala jokatuko dira, Arrigorriagan. Hiru finalaurreko izango dira, eta saio bakarra jokatuko dute, hau da, hiru taldeko hiru saio. Saio bakoitzeko irabazleak finala jokatuko du.
Kanporaketa bakoitzean egin beharreko ariketak zehaztea talde parte hartzaileen esku geratuko da. Antolatzaileek proposamena luzatu badie ere, talde biak ados ipiniz gero, “beste ariketa batzuk egiteko aukera” izango dute.
EGITARAUA
- Martxoak 15, barikua (Gernika-Lumo). LauBuru eta Laukijjek taldeak, Harizpe Txokoan, 20:00etan.
- Apirilak 12, barikua (Bilbo). Gaztetu ala hil eta Taket taldeak, 19:00etan Kalderapekon eta 21:00etan Errondabiden.
- Apirilak 12, barikua (Zalla). Far West eta Estropozu taldeak, 18:30ean, Tafis, Oreka eta Jomay tabernetan.
- Apirilak 17, eguaztena (Alkorta). Karidadeko masokistak eta IeartiBai+ taldeak. Lekua eta ordua zehazteke.
- Apirilak 20, zapatua (Leioa). Troiako zaldia eta Leioatik Leioara taldeak. Ordua eta lekua zehazteke.
- Apirilak 20, zapatua (Urduliz). Pirata bertso-taldea eta Durangalduek taldeak. Ordua eta lekua zehazteke.
- Apirilak 28, domeka (Zornotza). Itallen eta Zornotzako bertso oskola taldeak, 12:00etan. Lekua zehazteke.
- Maiatzak 3, barikua (Iurreta). Urruxarrak eta Zapatilapeko txikliek taldeak, 21:00etan. Lekua zehazteke.
- Maiatzak 25, zapatua (Arrigorriaga). Finalaurrekoak eta finala.