Arrizabalaga eta Gaminde nagusitu dira Euskal Herriko Txapelketan
Olatz Arrizabalagak eta Enara Gamindek 22-09 irabazi diete Leire Garai eta Nora Mendizabali, Zumaian jokatutako finalean. Txapelketaren "balorazio oso ona" egin du pilotari gernika-lumotarrak.
Olatz Arrizabalaga gernika-lumotarrak Euskal Herriko Txapelketako finala irabazi zuen barikuan [martxoak 8], Enara Gaminde laukiztarragaz batera. Zumaian jokatu zuten finala Leire Garai gasteiztarraren eta Nora Mendizabal andoaindarraren, eta bizkaitarrak nagusitu ziren: 22-09.
Txapelketa “luzea” izan dela adierazi du Arrizabalagak, Gamindegaz osatu duen bikoteari “ondo” joan bazaio ere. Finala irabaztearekin “oso pozik” agertu da gernika-lumotarra, txapelketa “nahikoa gogorra” izan delako: “Lurralde guztietako onenak daude bertan”.
Euskal Herriko Txapelketa “berezia” dela azpimarratu du pilotari gernikarrak; izan ere, aurtengoak sari berezi bat izan du: Boisera bidaia. Aurrelariaren esanetan, “denek nahi zuten txapelketa hau irabazi” eta horrek urduritasun puntu bategaz plazaratzea eragin die, “presio puntu bategaz”.
Onartu du txapela irabaziko ez balu ere, balorazioa “positiboa” izango litzatekeela: “Txapelketa oso ona egin dugu, partidu guztiak irabazi ditugu eta ondo irabazi ere, joko maila onagaz”. Finala egindako txapelketa “borobiltzeko” aukera izan da bikotearentzat.
Urtean zehar elkarregaz partida asko jokatzen ez dituzten arren –Euskal Herriko Txapelketa izan da lehenengoa–, elkar ondo ezagutzeak finalerako bidea erraztu diela onartu du: “Astero entrenatzen dugu elkarregaz”. Arrizabalagaren ustez, elkar ulertze hori agerian geratu da txapelketan.
Final batetik bestera.
Euskal Herriko Txapelketa irabazita, beste final bat du aurretik pilotari gernikarrak: Binakako MLK Txapelketako finala. Eta irabazi berri duten txapelketan bikotekide izan duena aurkari izango du horretan; Arrizabalagak Itxaso Erasunegaz osatuko du bikotea, eta Enara Gamindek Madalen Etxegaraigaz.
Barikuan jokatutako partiduak “erritmoa mantentzeko” eta Master Cupeko finalerdian izandako sentsazio “ez hain onak” baztertzeko balio izan dio aurrelariari: “Motibazioan eta, batez ere, konfiantzan lagunduko dit, tantoak amaitzerako orduan. Txapelketak gauza on asko izan ditu”.