Zaintza, gertutasunez
Hiru urte bete ditu arreta pertsonalizatua eta integrala eskaintzen duen Zure Alde kooperatibak. Zaintzaren munduan gauzak desberdin egiteko asmoarekin jaio ziren.
Musikariak koordinatzeaz arduratzen den figura da orkestra zuzendaria. Musikariei elkarregaz jotzeko laguntza eskaintzen die, noiz eta zelan aritu aginduz, baita hori zein erritmotan egin esanez ere. Orkestrak kontzertua eman aurretik egiten dituen entseguak prestatzeaz ere arduratzen da. Eta, musika lanbidea arlo soziosanitarioarekin alderatuz gero, zeregin horiek egiteaz arduratzen da Zure Alde kooperatiba.
Arreta pertsonalizatua eta integrala eskaintzeko sortu zuten duela hiru urte etxez etxeko arretarako lehen kooperatiba, pertsonen berotasuna, ongizatea eta bizi kalitatea sustatzeko helburuz. Hala, familien lasaitasuna bilatzen dute, “pertsonak kalitatez zainduz eta berotasunez tratatuz“. Hori dela eta, sor daitezkeen behar guztiei erantzuten diete: “Gaitasun fisiko edo psikikoa, disfuntzioa, mugikortasun murriztua edota mendekotasuna duten edozein patologiatako eta edozein adinetako pertsonei laguntzen diegu”. Azpimarratu dute ez dituztela bakarrik adineko pertsonak zaintzen, unean uneko laguntza behar duten edozein adinetakoak zaintzen dituztelako ere bai, 0tik 200 urtera artekoak. Hala, patologia kronikoren bat dutenei, ebakuntza osteko fasean daudenei edo laguntza behar duten senideren bat dutenei ematen diete zerbitzua. “Gure profesionalek euren eskaerei erantzuteko lan egiten dute, arazoa aztertuz eta eurentzako konponbiderik onenak proposatuz“.
Horretarako, sinergiak bilatzen dituzte, inguruko beste enpresa batzuekin elkarlanean: podologia, fisioa, nutrizionista, psikologoa, farmazia-zerbitzua, taxi egokitua… “Nahierara egiten dugu lan, jendeak behar duenera egokituta. Ahal dugun guztia egiten dugu pertsonek behar dutena aurkitzeko. Gauza bat da guk eskaini dezakeguna, eta beste bat jendeak behar duena”. Ondorioz, eraiki duten sare horretan konexioak ezartzen dituzte, jende talde hori antolatzen dute, “artatzen duten pertsonaren eta familiaren mesedetan”.
“Konturatu ginen gure lana ez zela lan tekniko eta perfektua egitean oinarritzen; entzutea, kafea hartzea, eurekin egotea da asmoa. Pertsonak gara, eta pertsonak zaintzen ditugu”, argi diote kooperatibako kideek. Hala, neurrira lan egiten dute, pertsona bakoitza “bakarra” delako: “Beharrei erreparatzen diegu. Etxez etxeko ohiko arreta zerbitzuari berotasuna eman gura diogu”. Ondorioz, hainbat zerbitzu eskaintzen dituzte.
Zainketa
Egungo errutina eta betebehar profesional eta sozialak direla-eta, gero eta zailagoa da pertsonak zaintzeko beharrezkoa den denbora hartzea, eta Zure Aldek egunerokoan behar duten guztia eskainiko die pertsonei, esnatzetik oheratzen diren arte. Zaintzaren arloko profesionalak diren heinean, ahalik eta arreta handiena eskaintzeko helburuagaz lan egiten dute, pertsonek bizitza zoriontsu bat izan dezaten, «ahalik eta autonomia handienarekin». Hala, egoerara egokitutako arreta pertsonalizatua eskaintzen dute. Euren zerbitzuen artean, mobilizazioak, garbiketa pertsonala, postura aldaketak, medikamentuen dosifikazioa eta etxe-garbiketa eginez.
Pertsona internoen zerbitzua ere eskaintzen dute, pertsonak 24 orduz etxean zaintzeko. Hain zuzen ere, Zure Aldetik, bilaketa, kontratazioa eta kudeaketaz arduratuko dira. Paliatiboen kasuetan ere aritzen dira, behar den asistentzia emanez.
Zurekin
Akonpainamendua «kalera paseatzera ateratzea baino askoz gehiago» dela iritzita, adinekoen edo mendekotasuna duten pertsonen gizarte harremanak, emozioak, segurtasuna, enpatia eta autonomia bultzatu gura dituzte. «Bere egoera edozein izanda ere, zinemara joan, itsasoaren soinuaz gozatu edo poteora joan daitekeela erakutsi gura dugu. Gu han egongo gara, hari laguntzeko prest, itzalak izango bagina bezala», diote kooperatibakoek.
Horrez gain, familiei laguntza emozionala ere eskaintzen diete, eta, ondorioz, etxean adineko edo mendekotasuna duten pertsonekin bizitzeko moduari buruzko gomendioak ematen dituzte, horiek altxatzeko edo oheratzeko moduari buruzkoak, etxearen egokitzapena egitekoak… Horrez gain, ospitalean eta etxean gauak pasatzeko prest ere badaude, baita oporretan elkarregaz joateko ere. “Pertsona asko ez dira bidaian joaten, mendekotasunen bat dutelako eta ezin dutela joan uste dutelako. Baina gu haiekin joaten gara, baita senideekin ere, eta gauza guztietan laguntzen diegu. Izan ere, askotan hotelak prestatuta egon ohi dira, baina ez egokituta. Gauza asko izan behar dira kontuan, eta guk aldez aurreko isilpeko lan hori egiten dugu”.
Zure Alde Txiki
Kontziliazio ezak dakartzan arazoen jakitun, etxeko txikienak zaintzen dituzte: ikastetxean jaso, goizean zaindu edo gaixo daudenean eurekin egon… Gainera, hilean behin tailerrak ere egiten dituzte bulegoan. Umeek gozatzea bilatzen dute, eta familiek behar dutenean tailerrak ere egiten dituzte.
Gaitasun desberdineko pertsonen gizarteratzea ere bultzatzen dute. “Pertsona guztiek, bere egoera edo gaitasuna edozein dela ere, gainerakoak bezala tratatua izateko eskubidea izan behar dute”. Horregatik, Zure Aldek Hazitoki elkartearekin lan egiten du.
Zure Alde Plus
Etxeko arreta pertsonalizatua baino askoz gehiago eskaintzen dute, hala, pertsonek behar dituzten zerbitzuak koordinatzeaz arduratzen dira: podologia, fisioterapia, erizaintza, sexu laguntza, psikologia, taxi egokitua…. «Guk izapide guztiak egiten ditugu eta profesionalaren kontsultara eramaten ditugu hori nahi izanez gero, edo espezialistak euren etxeetara joatea bilatzen dugu”.
Horrez gain, hitzaldiak eta ikastaro pertsonalizatuak eskaintzen dizkiete senideei eta profesionalei, “mendekotasuna duten pertsonei zaintza hobea nola eskaini azalduz”. Eta, gainera, desgaitasuna duten pertsonentzat profesionalekin sexu asistentzia kudeatzen dute: “Pertsona guztiak hezi behar dira sexuan, denok daukagulako horretarako premia eta eskubidea”.
Hori guztia gizatasunetik lantzen dute, eta horretan jarraitzeko asmoa dute, euren lanean sinisten dutelako.
8 de enero kalea, 1 · Gernika-Lumo
Astelehenetik barikura, 10:00etatik 13:00etara, telefono zerbitzua martxan: 722 88 38 74
zurealde@zurealde.com
www.zurealde.com