Bermeoko Udala ez da interesdun modura agertuko BUPri Eako Udalak ezarritako demandan
EH Bildu eta Guzanek azpimarratu dute Eak bere "ondarea defendatzeko eskubidea" duela. EAJrentzat interesdun legez ez aurkeztea Bermeoren "interesak ez babestea" da.
Eako Udalak Busturialdeko Ur Partzuergoaren –BUP– eta Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoaren –BBUP– kontra aurkeztutako prozeduran amore ematea erabaki du Bermeoko Udalak, Guzan eta EH Bilduren aldeko botoekin. 2022ko azaroko osoko bilkuran onartutakoaren aurrean jarrera aldatu du udal gobernuak, eta ez da prozeduran interesdun modura agertuko. EAJk prozeduran aurrera jarraitzearen alde bozkatu du.
Nadia Nemeh Shomaly alkateak adierazi du Bermeoko Udala ezin dela “beste udal baten interesen aurka” interesdun modura aurkeztu: “Eako Udalak bere ondarea defendatzeko eskubidea du”. Xabier Ortuzar alkarteordeak, bestalde, nabarmendu du, interes modura agertzea erabaki zutenean, Eako Udalak jarritako demandaren edukiaren informaziorik ez zutela: “Informazioa izanik, argi daukagu prozedura horretatik kanpo geratu behar garela. Informazio guztia esku artean izanda ikusi dugu Eak eskatzen duenak ez diola Bermeoko inolako kalterik eragiten”. Eako udalaren “subiranotasuna” errespetatzearen beharra azpimarratu du Nemehk.
Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoan Bermeoko ordezkari en Bitor Uriate zinegotziak gogoratu du eskualdeko udalak “borondate propioz” sartu zirela Busturialdeko Ur Partzuergoan. BBUPn sartzea, ordea, udalen gehiengoak aukeratu zuen: ezezkoa eman zutenak ere, ur-horniketarako zituzten baliabide eta ondasunekin batera, partzuergo horretan sartu ziren. “Integrazio prozesuan Busturialdeko Ur Partzuergoak baliabide horiei buruz egindako inbentarioaren kontra dago Eako Udalak jarritako demanda, bere baliabide eta ondasunen jabetza erreklamatuz”.
Integrazioaren alde. Bermeoko EAJk integrazioaren aldeko jarrera mantendu du: “Uste dugu hori dela bide egokiena, gure beharrizanak eta gure enpresen hondakinen kudeaketan inbertsioak egiteko aukera ematen digulako”. Eako Udalak ur partzuergoen “inbentarioen akatsa” planteatzen duen arren, “inbentarioa zuzendu beharrean”, akordioa “baliogabeko edo deuseztagarri” eskatzen duela argudiatu dute jeltzaleek. “Integrazioak Bermeoko herriari onurak ekarriko dizkiola uste dugu: denok ikusi dugu ur-hornidurarekin izan dugun arazoa, eta zer horri erantzun eman zaion. Ez da arazoa egon den lehen urtea izan: ur ak ematen zuen irtenbidea errekak lehortu eta gero isunak ordaintzea zen, ez zuelako gehiago egiteko gaitasunik”. EAJko zinegotzien arabera, “interesatu moduan ez aurkeztea Bermeoren interesak ez defendatzea da”.