Argazkilaritzan bidea eginez
Hilean behin, barikuetan, Etxebarrietaren Bidea proiektuko lanak ikusi ahalko dira HITZAn.
Badira ahazten ditugun opariak, gordetzen ditugunak edo betirako gogoratuko ditugunak; opari politak, txikiak, handiak.
Paul Etxebarrietak ez du sekula ahaztuko bere aitak argazki kamera oparitu zion eguna, bere bizitzari astindu bat emateko opari hura jaso zuen unea. Ordutik, ehundaka, milaka dira Etxebarrietak ateratako argazkiak, hasieran urbileko tokietara joanez, baina baita apur bat urrunagoetara ere: Gorbeiako gailurrera edo Otoiora, kasu.
Argazkiak ateratzen pasa duen haina denbora pasa du Etxebarrietak aukeratutako tokietara joateko bidean, eta horri tiraka, Road edo Bidea izeneko proiektua sortu du: «Beti gaude bidean. Autoagaz bidean goaz, autotik jaitsi, eta mendiko bidea hartzen dugu. Beti dago bide bat, eta hortik dator izena». Hilean behin, barikuetan, Etxebarrietaren Bidea proiektuko lanak ikusi ahalko dira HITZAn.
Bere gasteizko lagun batekin elkartu, eta bizitzako bide berri horri heldu dio 22 urteko argazkilari lekeitiarrak. Ez hori bakarrik, irudigintza eta natura, biak elkartu ditu proiektu berrian: «Natura kudeaketaren ziklo bat egin, eta pentsatu nuen: nondik bideratuko dut nire bizitza? Ikus-entzunezko mundutik edo naturaren mundutik?». Azkenean, argazkilaritzarekiko sentitzen duena pasioz egiten duela erabaki du, eta gogoz egiten duen hori ez du galdu nahi: «Adibidez, mendi batera joan, paisaia ikusi, eta lana dela sentituko nuke, eta ez dut hori nahi».
Dedikazio eta denbora asko behar duen lana den arren, Etxebarrietak argi dauka gustuko tokian aldaparik ez dagoela: «Gustatuz gero egin egiten duzu. Gogo handia behar da goizaldean esnatu, bidetik gidatu eta gainera mendira igotzeko».
Hori gutxi balitz, argazkietako batzuk ateratzeko «zortea» izatea eta «momentu perfektuan» bertan egotea ezinbestekoa da: «Begiratu dezaket ze eguraldi egingo duen, eta agian eguraldi ona dago emanda, baina, Anbotora igo eta dena hodeiz inguratuta egon daiteke».
Paisaiak ez ezik, animalien argazkiak ere ateratzen ditu lekeitiarrak: «Animalien kasuan analisi txiki bat egiten dugu, nondik nora ze momentutan joaten diren jakiteko. Animaliekin sakrifizio gehiago egin behar izaten dut, ze ez da egun bateko kontua; egon naiteke aste guztia animaliaren atzetik argazkirik atera gabe».
Naturari bere osotasunean argazkiak ateratzen dizkion arren, proiektua hainbat ataletan banatu eta paisaiak erakusteko gogoa eduki du: «Jendeak ikusi dezan ze paisaia paregabe ditugun hemen. Paisaia bakar batean ikus dezakezu argazki bat eguzkiarekin, tontorra hodeien gainetik edo dena elurtuta. Horrelako irudiak hemen ere baditugula erakutsi nahi dut».
Beraz, denak izango dira Euskal Herriko paisaien irudiak, baina, Etxebarrietak argi utzi nahi izan du tokien izen zehatzak ez dituztela zabalduko, «natura babesteko» eta «misterioa apur bat» bizirik mantentzeko asmoz; hilero HITZAn argazki sorta argitaratzeaz gain, argazki eta bideo guztiak bere sare sozialetan argitaratuko ditu argazkilari lekeitiarrak.