Gonzalo Nardiz politikariari buruzko erakusketa, ikusgai
Erakusketak politikari bermeotarraren ibilbide profesionalaren une esanguratsuenak biltzen ditu, eta martxoaren 3ra [domeka] arte dago, Nestor Basterretxea Aretoan.
Gonzalo Nardiz politikari bermeotarrari buruzko erakusketa ikusgai dago Nestor Basterretxea Aretoan. Leizaola Fundazioak antolatuta, Nardizen jarduera politikoari errepasoa egiten dio, bere ibilbide politikoa zortzi aro ezberdinetan banatuz.
Erakusketaren lehen zatiak politikariaren familia du aztergai. Armadore familia bermeotar batean jaio zen Nardiz, 1905ean. Gaztetatik politikari lotuta egon zen arren –bere aita Bermeoko zinegotzi izan zen–, XX. hamarkadaren amaierara arte ez zitzaion politikarekiko grina piztu: orduan erabaki zuen Eusko Abertzale Ekintzarekin (EAE-ANV) bat egitea. “Konpromiso sozial eta errepublikar sendoa” zeukan.
Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako 1931ko hauteskundeetara aurkeztu zen Bloque Antimonarkikoaren zerrendan. Alderdi horren ordezkari gisa Nardiz Bermeoko zinegotzi hautatu zuten. Bizkaiko Foru Aldundiko Kudeaketa Batzordeetan ere parte hartu zuen eta Hemezortzien Batzordeko kidea ere izan zen. Euskadiko lehen Autonomia Estatutuaren erreferenduma antolatzeaz arduratu zen batzorde hori. EAE-ANVk ezkertiartzat jo zuen bere ideologia, “programa sozioekonomiko sozialista ez marxista eta demokratiko ez iraultzailetzat“.
36ko estatu kolpea. Errepublikaren aurkako estatu kolpea gertatu zenean sortu berria zen Errepublika Defendatzeko Komisaria Nagusia, Bizkaian, eta Nardiz “soldaduen armamentuen arduraduna” izan zen. Gerora, berriz, Defentsa Departamentuko ordezkari berezi izendatu zuten.
Euskal Autonomia Estatutua onartzean, Jose Antonio Agirrek Nekazaritza sailburu izendatu zuen. Bere “ardura nagusia nekazaritza eta abeltzaintza lanen jarraipena bermatzea” izan zen. Halaber, Basogintza ondarea mantentzeko “lan handia” egin zuen.
Armada faxista Bilbora sartu zenean, Nardizek Santanderrera alde egin behar izan zuen, eta, gero, bertatik Baionara joan zen. Erakusketan azaldu bezala, Jesus Maria Leizaolarekin batera, “Santoñan harrapatuta zeuden euskal gudarosteak ateratzen saiatu zen”, baina ez zuten lortu. Eusko Jaurlaritza Parisen kokatu zenean poliziak atxilotu egin zuen.
Erretiroa. Jose Antonio Agirre Lehendakaria zendu zenean, haren lekua Leizaolak hartzearen alde agertu zen Nardiz. Gerora, trantsizio garaian EAE-ANV alderditik kanporatu zuten, taldeko gazteekin zituen “liskarrengatik”. 1979an Bilbora itzuli zen, eta bizitza publikotik erretiratzeko erabakia hartu zuen.
Politikari bermeotarri buruzko erakusketa martxoaren 3ra arte [domeka] bisitatuko daiteke, Nestor Basterretxea Aretoan, 19:00etatik 21:00etara.