Emozio nahasien irudi askeak
'Markos Gimenoren Karteletrak' erakusketagaz lotuta, Tono Fernandez eta Klemente Corredera ermuarren eskutik, grafitien munduan murgiltzeko aukera eman du Euskal Herria Museoak.
Alaitasuna, konfiantza, beldurra, maitasuna, inbidia, desengainua, jakin-mina, harrotasuna, gozamena, atsekabea… Emozio positiboak eta atseginak nahiz negatiboak eta desatseginak. Denak dira beharrezkoak. Arteak horiek askatzen, adierazten eta transmititzen ditu. Emoziak hartu, hausnartu eta irudietan, formetan islatu. Emozioak grafitietan islatzearen ariketa proposatu dute gaur, [otsailak 24], Gernika-Lumoko Euskal Herria Museoan.Ā
BIDEOA
Markos Gimenoren Karteletrak erakusketarekin lotuta, Tono Fernandez eta Klemente Corredera ermuarren eskutik, grafitien munduan murgildu dira. Hain zuzen ere, Gimenok, Fernandezek eta Correderak graffiti ikastaro batean elkar ezagutu zuten, eta, gerora, Hormargo talde grafitero-muralista sortu zuten.
Emozioak gaia ardatz jartuta, adimen emozionalaren tailerra izan da gaurkoa. “Halako tailerra lehenengoz eman dugu. Inprobisatu egin dugu”. Saioagaz hasteko, Fernandezek Robert Plutchik amerikarrak sortutako emozioen mapari edo gurpilari buruzko azalpenak eman dizkie. Armintzako pintura eskolako irakasleak eta ikasleek parte hartu dute. Gogotsu etorri dira Gernika-Lumora. 30 urtetan denetarikoa egin dute, baina grafitiak sortzeko aukera gutxi izan dituzte, eta gaurko esperientzia “aberasgarria” izan da.
[ARGAZKI GALERIA]
Arlo teorikoa oinarrizko zortzi emozioekin hasi dute: alaitasuna, konfiantza, amorrua, sorpresa, tristura, beldurra, nazka eta aurreratzea. “Zortzi horietatik lau nagusiak dira, eta beste laurak kontrakoak. Substantzia batek emozio bat ekoizten du, eta hura jaistean, bestea sortzen da. Hau da, emozio batek adierazten digu substantzia hori badagoela, eta, kontrakoak, ostera, falta dela esaten digu. Halaber, emozio negatiboak adimenak sortzen ditu, ez dira existitzen, eta, ostera, positiboak errealak dira, unibertsoan daude”. Emozio bakoitzak eskala bat daukala zehaztu die Fernandezek.
Arkatzak eskuetan, alaitasunagaz hasi dira norbere mapa eratzen. Denen artean gogoeta egin dute. Eta mapa horiek osatu, eta saio teorikoa amaitu ostean, aretoaren epeltasunetik kanpoaldeko hotzera atera dira irudimena lantzera. Teknikari buruzko azalpenak adi-adi entzun dituzte, eta sprai poteak hartuta, lanean hasi dira. Euriak atsedenik eman ez badu ere, “gustura” aritu dira, eta museo ingurutik pasatu direnen arreta bereganatu dute, baita museoko bisitariena ere. Besteak beste, eguerdian bisita gidatua eskaini duen Joseba Sarrionandia ere hurreratu da kuxkuxeatzera.
Fernandezen berbetan, “publiko bikaina” izan dute, eta ermuar artistak “motibazioz beteta” amaitu du hiru orduko saioa. Emozioak jorratu dituzte, eta emozionatuta egon dela aitortu du. Tailerra uste zutena baino askoz hobeto irten dela nabarmendu du: “Hasten dabiltzanei lagundu ahal diedala ikustea pozgarria da, eta harrituta nago, oso ondo atera baita. Eguraldiak baldintzatu arren, oso ondo konpondu gara”.
Armintzarrek “asko ikasi” dute: “Oso pozik gaude; beldurra kendu diogu. Halako materialik ez dugu sekula erabili, eta grafitiak zelan egiten diren ikasi dugu. Teknika irakatsi digu”. Arlo teorikoa “oso interesgarria” iruditu zaie, eta arlo praktikoan “oso ondo” pasatu dute. Irribarrea galdu barik, koloreekin jolasten, marra zein forma meheak edo lodiagoak egiten… ibili dira. Errepikatzeko gogoz bueltatu dira herrira. Irakasleak azaldu bezala, ikasleei baliabide asko irakasten saiatzen da, eta askotariko teknikekin margotzen dute: “Olio-pintura, akrilikoa…era askotara margotzen dugu, eta bakoitzaren ideiaren arabera aritzen gara. Uste dut hori dela egin behar dena, artetik sorkuntzarako bitartekoak eskaini. Gauzak gozatuz eta gehiago sentituz egin behar ditugu, eta uste dut sormenak horretarako balio duela. Egiten duzun edozer hobeto bizitzeko eta kontzientzia gehiagogaz hartzeko balio du, gehiago sentitzeko. Tailer honek erreminta berri bat probatzeko aukera eskaini digu”.
Margotzen urte askotan ibili arren, bestelako zapatu goiza pasatu dute gaur. Esperientzia “polita eta interesgarria” izan da, eta artearen beste aurpegi bat bertatik bertara ezagutu, usaindu eta probatu dute. Tailerra borobiltzeko gogoratu duten bezala, artea eraldatzailea da, sortzeko, bizitzeko, beste era batera sentitzeko erreminta da.
Diziplina artistiko desberdinak palindromoekin uztartzen ari dira hilabeteotan Euskal Herria Museoan, eta gaurko tailerra izan da horren adibide.
Joseba Sarrionandiaren eskutik jaso zuten Markos Gimenoren Karteletrak erakusketa egitearen proposamena, eta Leire Irazabal museoaren zuzendariak dioenez, normalean izaten diren erakusketen aldean, “ezberdina” da: “Sarrionandiak azaldu zigun KirikiƱok orain dela 100 urte egin zuela euskarazko palindromoen lehiaketa bat. Aurten Berrian egin dute lehiaketa hori, eta orain dela gutxi amaitu da”.
Sarrionandiak komentatu zien Gimenok egindako euskarazko palindromo guztiak liburu batean jaso beharrean, egokiagoa zela erakusketa batean biltzea. “Gimenok gauza pila bat egiten zituen hizkuntzagaz eta euskaragaz lotuta, eta sortzailea zen, grafitiak ere egiten baitzituen. Arazo psikologiko nahikoa larriak eduki zituen, eskizofrenia eta bipolaritatea, eta bere buruaz beste egin zuen. Parte batetik, horiek oso sortzaile ona izatea eragiten zioten; momentu altuetan, sortzailea zenean, bonba bat zen. Hain zuzen ere, horren isla da erakusketan ikusten duguna”. Irabazalek zehaztu bezala, edonork ezin ditzake palindromoak sortu, eta Gimenok sortzeko eta irudikatzeko gaitasuna zeukan, katelak, kamisetak eta bestelakoak egiten zituen.Ā
Euskal Herria Museoaren zuzendariak jarduerek izan duten erantzuna azpimarratu, eta apirilean eskainiko duten Mursegoren kontzertura hurbiltzeko gonbidapena luzatu du. Maite Arroitajauregi musikariak hitzekin jolasten du; berbak, musika eta soinua uztartzen ditu, eta emanaldi berezia prestatzen ari da; izan ere, erakusketako artelanak inspirazio moduan hartu ditu, kontzertu horretarako abesti batzuk sortzeko: “Markos bera ezagutu zuen, eta bere lana gertutik jarraitu zuen. Kontzertu oso berezia izango da. Sortu dituen kanta horiek lehenengoz hemen entzungo ditugu”.
GAURKO ARGAZKIAK: