Bizitza osoa bizitzari emana
1985ean, Bermeoko Gurutze Gorria izteko zorian zegoela sartu zen Jose Ojeda boluntario. Egun 30 boluntario baino gehiagok osatzen dute taldea, baina jende gehiago gerturatzea lortu nahi dute, bereziki gazteak.
Konfinamenduan Kurtzio kalea festa bihurtzen zen egunero, pankartak eskuan boluntarioei ongietorria egiteko. Bizpahiru eguneko entseguak egin ostean, bermeotarrek lapikoekin tanborradaz erakutsi zieten babesa janaria eta sendagaiak atera arte eramaten zizkieten horiei: Bermeoko Gurutze Gorriko boluntarioei.
Ia berrogei urte daramatza Jose Ojedak boluntario legez. 1985 urtean iritsi zen bera erakundera, eta berau ez zegoen bere sasoi onenean: inork ardura hartu gura ez, eta, ixteko zorian zeuden. Lagunak Ojeda konbentzitzen ahalegindu ziren, eta denbora luzez ezetza eman ostean, baiezkoa lortu zuten.
“Bermeoko Gurutze Gorriak aurrera egin zezan, ahal genuen guztia egin genuen”
Hasiera batean baliabide urriekin jardun zuten. Zerbitzu militarra egiten zebiltzanak ziren, neurri handi batean, proiektuak aurrera egitea posible egin zutenak. Objektoreak etorri ziren gero. Zerbitzu militarra amaitu zenean, egiten zutena benetan gustatzen zitzaienak boluntario legez gelditu, eta pixkanaka jendea lortuz joan ziren: “Bermeoko Gurutze Gorriak aurrera egin zezan ahal genuen guztia egin genuen”.
Boluntarioekin eta soldatapeko “pertsonaren bat edo birekin” egiten zuten lan, “lehen ez zeudelako orain dauden beste zerbitzu batzuk”. Soldatapekoak beharrezkoak ziren anbulantzia 24 orduz irteteko prest egon behar zelako; asteburuetan, langileek atsedena hartu ahal izateko, boluntarioekin funtzionatzen zuten.
Baliabideak aldatu badira ere, erakundean egiten duten lana «ez da asko aldatu». Gaur egun itsasoko irteeretarako traje hobeak dituzte, esaterako; izan ere, Ojedak bere traje propioa erabili behar izaten zuen larrialdi irteera bat zuten bakoitzean, ez zutelako berririk erosteko dirurik. Gurutze Gorriko lehen arropa donazio bidez jaso zuten.
Egun 30 boluntariotik gora dira Bermeon. “Ahal duten guztia” egiten duten arren, helburua jende gehiago lortzea da: “Gazteak sare sozial eta bideo jokoetatik urrundu eta bolondres bezala etortzea gustatuko litzaiguke”. Bermeoko ia boluntario guztiek lan egiten dute, boluntario izatea ez delako lanbidea: “Ezin da lana utzi Gurutze Gorrian sartzeko”.
Itsasora irteerak
2023an aurreko urtean baino irteera gehiago izan zituzten, nabarmenena abenduaren 31n: “Arrantzale bat Lagatik atera behar izan genuen. Denboralea zegoen eta olatu batek harrietatik uretara bota zuen. Txiripaz libratu zen”. Irteera «gogorrenak» arrantzaleei lotutakoak izaten dira boluntarioentzat, askotan “txarrena” itxaron behar izaten dutelako.
Ojedak Gurutze Gorrian daramatzan urteetan gogoratzen duen irteera txarrenetako batek hiru heldu eta zortzi urteko ume bat izan zituen protagonista: “Itsasontsi bat hondoratu zela esateko deitu ziguten; gaua zen eta ez zen ezer ikusten. Egoera horretan zure esku dagoena egiten duzu, uretara salto edo beharrezkoa dena, pertsonak ahalik eta arinen eta ahalik eta egoera onenean atera nahi dituzulako”.
Udan surfistak direla-eta irteera asko izaten dituzte, eta, orokorrean, atzerritik etorritakoak izaten dira: “Uretatik irteteko arazoak dituelako deitzen digutenean, normalean, kanpotik etorritakoa izaten da; atzerritarrak izaten dira, eta ez dute gure ingurua ezagutzen”.
Bizkaian itsasoko salbamenduak Getxon, Ondarroan eta Bermeon bakarrik daude. Bermeoko Gurutze Gorriaren kasuan, inguruan zerbait gertatuko balitz, bertakoak gerturatuko lirateke, eta zerbait larriagoa balitz, beraien baliabideekin kudeatu ezingo luketena, «estatuaren jabetzako zodiak ontziak» gerturatuko lirateke.
“Balantzan jarri eta salbatu ahal izan dituzunekin gelditu behar zara”
Bermeon urteean zehar gehien errepikatzen diren lanak umeak eskolara eramatea eta beraien kabuz kalera atera ezin direnei laguntzea izaten dira: “Umeak oporrak dituztenean izan ezik, bestela, egunero laguntzen diegu eskolara”. Lehen gehiago baziren ere, umeak hazten doaz, eta, gaur egun, lau dira eramaten dituztenak.
Umeekin ere ekintza ezberdinak egiten dituzte eskoletan zein herriko gune ezberdinetan, eta bereziki bihotz-biriketako suspertzea egiten irakasten diete. “Batzuei gustatu egiten zaie eta etorri ahal duten galdetzen dute, baina oraindik txikiegiak dira. Batzuetan ariketaren bat edo beste ikustera etortzen dira”.
Bermeoko Gurutze Gorriko boluntarioek askotariko egoerak bizi dituzte, eta, batzuetan, lanean bizitakoa kalera ez eramatea zaila izaten da: “Horretarako ezinbestekoak dira lankideak”. Ojedarentzat “bereziki gogorra” izaten da bere esku dagoen guztia egin arren, lagundu nahi dioten pertsona hori hiltzea. Hala ere, “urteei eta bizitako esperientziei esker”, ulertu zuen horrek ezin zuela bera bere egunerokotasuna kaltetu: “Lehenengo aldia oso gogorra da, bigarrena ere, baina hirugarrenetik aurrera ulertzen zoaz dena ez dagoela zure esku. Balantzan jarri eta salbatu ahal izan dituzun horiekin gelditu behar zara, horiek ere asko direlako”.
Baldintza bakarra, gogoa
Gutxieneko adinaz gain, boluntario izateko ezinbesteko baldintza bakarra «gogoa» da. Gogoa eta egiten dena gustatzea: “Hemen gauden guztiok gustuko dugu egiten duguna, eta horregatik gelditu gara”. Ez da inolako aurretiazko prestakuntza espezifikorik behar, erakundean bertan prestatzen dituztelako boluntarioak. “Edonor etorri daiteke, bata ordenagailuan izango da ona, beste bat igeriketan. Guztientzako lekua dago, gogoa da eskatzen duguna”. Ojedaren esanetan, batzuetan ekintza jakin bat egiteko asmoz hurbiltzen da jendea, baina probatzen dutenean ikusten dute hori ez dela beraientzat, eta beste eginbehar batera mugatzen dira.
“Erraz igertzen da nor datorren gogotsu edo nor datorren gurasoek behartuta”
Esperientziak “lehen momentutik” norbaitek benetan Gurutze Gorrian egon nahi duen edo ez detektatzeko gaitasuna eman dio Ojedari: “Erraz igertzen da nor datorren bolondres izateko gogotsu edo nor datorren gurasoek behartuta edo lagunen bat etorri delako”. Lehenengo multzokoak dira taldean irauteko aukera gehien dituztenak, “familia txiki bat” sortzen dutelako.
Bermeoko Gurutze Gorriaren helburu eta behar nagusienetako bat boluntario kopurua handitzea bada ere, herritarrek eurek laguntzeko modu gehiago ere badituztela gogoratu du: “Janaria, arropa edo bestelakoak ekarriz ere lagundu dezakete, beti dago laguntzeko moduren bat, eta edozein ekarpen beti izango da ongietorria”.
Bermeotarrek egiten duten lana «eskertzen eta baloratzen» dutela sentitzen dute boluntarioek. Bereziki pandemia garaian igarri zuten, umeei zorionak abestera ateratzen zirenean. Boluntarioentzat ere konfinamendua «gogorra» izan zen, baina “arratsaldeak lasaigarriak” ziren haientzat, jendearen babesa sentitzen zutelako.