"Garrantzitsua da zentzuzko baikortasun mezua helaraztea"
Haur eta nerabeen ongizatea, gurasotasuna, zaintza, gurasoen trebeziak eta seme-alaben beharrizanak landu ditu, besteak beste, Daniel Betancorrek Astran egindako bi saiotan.
Daniel Betancor Perezek Kanaria Handiko Las Palmaseko Unibertsitatean eta Madrilgo Unibertsitate Autonomoan ikasi zuen medikuntza, eta 2010ean psikiatrian espezializatu zen, Madrilgo La Princesa Ospitalean. Psikoterapia Integratzailean masterduna da Alcala de Henareseko Unibertsitatean, eta Neurozientzietan doktorea Euskal Herriko Unibertsitatean. Madrilgo Psikoanalisi Elkartearen Institutuko kide ere bada. Haur eta nerabeen garapen osasungarriari buruzko jardunaldiak zuzendu ditu urtarrilean, Gernika-Lumoko Astran, eta besteak beste, haurtzaroko harreman osasuntsuetan eta nerabezaroko harremanen bilakaeran sakondu dute beragaz bertaratutakoek. Jende asko batu da Busturialdeko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateak antolatutako saio horietan.
Zer landu duzue Gernika-Lumoko bi jardunaldietan? Ze gaitan sakondu gura izan duzue?
Jardunaldien asmoa izan da haur eta nerabeen gurasotasunari buruz hausnartzea. Batez ere, pensatzea gurasoek zer erronkei egin behar dieten aurre seme alabak hazten dituztenean. Gaur egungo hazkuntzak berezitasun zehatzak dauzka: seme-alaben kopuru txikiagoak, familia txikiagoak, guraso biak etxetik kanpo lanean, gailu digitalen inpaktua eta abar. Jardunaldietan horien guztien inguruan hausnartu dugu.
Ume eta nerabeen zaintzarako eta ongizaterako zer da funtsezkoa?
Lagungarria izaten den kontzeptu bat barne elkarrizketa da, eta hori lantzen dut niregana hurbiltzen diren gurasoekin. Hau da, guraso bezala, gai naiz barrura begiratzeko eta nire emozioak eta ideiak ulertzeko eta adierazteko? Eta, horri lotuta, nire seme-alabei laguntzeko ‘ispilu’ funtzezko hau garatzeko gai naiz? Izan ere, horren ondorioz gaitasun asko gara daitezke: zeure burua ulertu, besteak ulertu, zure beharrak adierazi, laguntza eskatu…
Zeintzuk beharrizan dituzte?
Haur eta nerabeen beharrak ez dira horrenbeste aldatu denboran zehar: txikiak direnean oinarrizko zainketak behar dituzte, noski: loa, elikadura, higienea, eta jolasa, adibidez. Denboraren poderioz, erronkak beste batzuk dira: emozioen eta jarreren erregulazioa, hizkuntza eskuratzea eta garatzea, kideekin jolastu ahal izatea, ikasketa prozesua eskuratzea… Bide horretan, gurasoen honako beste ezaugarri hau gakoa da: erabilgarritasun psikikoa. Hau da, ez bakarrik presentzia fisikoa izatea, baizik eta prest egotea haur eta nerabeen beharrak ulertzeko, era egokian erantzuteko eta konexio emozionala mantentzeko. Fisikoki presente egotea eta psikikoki eskuragarri egotea ez dira derrigorrezko sinonimoak.
“Orokorrean denok dauzkagu emozioak transmititzeko zailtasunak”
Guraso eta hezitzaileek badakite beharrizan horiek identifikatzen? Erreminta nahikoa dauzkate horiek identifikatzeko?
Orokorrean gurasook eta hezitzaileak gauzak ahal dugun ondoen egiten saiatzen gara. Dena den, aipatuta bezala, barne elkarrizketa edo erabilgarritasun psikikoa bezalako gaitasunak nahikoa sofistikatuak dira, eta, zoritxarrez, ez daude beti mahai gainean. Itxaropenaren mezua zabaltzen saiatzen naiz, hau da, behatzeko gaitasunak garatzen baditugu, haur eta nerabeen ongizatearen elementuak ikusgai daudela transmititzen saiatzen naiz: estandarra ez dena, ikas daiteke. Ez dut uste mezu ezkor edo errudunek zeregin korapilatsu horretan inori lagunduko diotenik.
Emozioak eta sentimenduak komunikatzeko eta adierazteko zailtasunak al dituzte ume, nerabe zein helduek? Horrela bada, zerk oztopatzen edota zailtzen du komunikazioa?
Orokorrean bai. Denok dauzkagu zailtasunak, gai zaila delako. Komunikatu ahal izateko, lehenik eta behin, norberak jakin eta ulertu behar du zer pentsatzen eta sentitzen duen. Horren ostean, kanalak aurkitu behar ditugu era egokian transmititu ahal izateko eta bestearen feedbacka hartzeko. Gaitasun horiek oso sofistikatuak dira eta ez dira automakikoki garatzen, familia eta gizartearen ereduaren bitartez baizik. Eta familia eta gizarte eredu batzuetan ez dago gaitasun horiek eskuratzeko baldintza egokirik. Adibidez, familia askotan ondo ulertzen da zeintzuk diren betebeharrak, baina ez horrenbeste zer den garrantzitsua maila emozionalean konektatuta egoteko. Kanal horiek garatzea sekula amaitzen ez den lana da, hau da, bizitzan zehar egokitzen eta lantzen jarraitu behar da.
“Gurasoen eta irakasleen kezka nagusietako bat digitalizazioa da”
Zeintzuk dira gurasoek eta irakasleek dituzten kezka eta beldur nagusiak? Eta zer da zuk aholkatzen diezuena?
Gidatzen ditudan jardualdien planteamendua ez da eskola magistral batekoa, baizik eta topaketa batekoa: hau da, parte-hartzaile guztien arteko, hizlaria barne, emozio- eta ezagutza-trukea gertatzen da. Jardunaldietan biltzen direnen kezkarik garrantzitsuenetarikoa digitalizazio prozesua da. Gizakiaren historian lehenengo aldiz, adinekoek ez dute zertan seme-alabek baino gehiago jakin behar; ia munduko ezagutza guztia eskuragai dago interneten, eta gainera, askotan adin txikikoek helduek baino gaitasun gehiago dauzkate ingurune digitalak kudeatzeko. Baina horrek ez du esan nahi guraso eta hezitzaileen rola ezinbestekoa ez denik informazioaren eta ezagutzaren ulertze eta barneratze prozesuak bermatzeko. Esango nuke helduen rola sekula baino funtzeskoagoa dela adin txikikoei testuingurua emateko; adibidez, pornografiaren bidez sekula baino irudi sexual gehiago daude eskuragai, baina sexu hezkuntza barik haur eta nerabeak galtzen dira maitasunik gabeko irudi sexual latzen mundu horretan.
Gaur egungo gizarte ereduak nola eragiten eta baldintzatzen du?
Aro historiko bakoitzak bere ezaugarriak dauzka, eta gurean batzuk dira nagusi, adibidez, genero-rolen birdefinizioa, aipatutako digitalizozioa, familia ereduan eta gizarte-harremanetan izandako aldaketak. Garrantzitsua da zentzuzko baikortasun mezua helaraztea; bestearekiko interesak, maitasunak, denborak eta pazientziak konfiantzazko loturak sortzeko eta mantentzeko elementu nagusiak izaten jarraitzen dute.