Mundakan alokairuko 24 etxebizitza publiko eraikitzea adostu dute Eusko Jaurlaritzak eta udalak
24 etxebizitza eraikiko dituzte Erreka eremuan, eta horietatik %40 36 urtetik beherakoentzat izango dira. 2026an etxebizitzak eraikitzeko lanekin hastea aurreikusi dute. Udalak lursaila doan utziko dio Etxebizitza Sailari, eta hark gauzatu eta ordainduko ditu lan guztiak. Pedro Jauregi Etxebizitza sailburuordeak azpimarratu du "Busturialdeko alokairuko lehen etxebizitza babestuak direla".
Sorne Rubio Mundakako alkateak eta Pedro Jauregi Etxebizitza sailburuorde eta Mundakako bizilagunak lankidetza-hitzarmenaren berri eman dute gaur, udaletxean.
Martitzeneko Eusko Jaurlaritzaren Gobernu Kontseiluan onartu zuten hitzarmena, eta bertan jasotzen den bezala, Erreka eremuan, Laidatxu hondartzaren ondoan alokairuko 24 bat etxebizitza publiko eraikiko dituzte. Sailburuordeak zehaztu duenez, “25 edo 26 ere izan litezke”. Sei urterako kontratuak egingo dituzte, luzatzeko aukeragaz. Erregimen orokorreko babes ofizialeko alokairuko etxebizitza gehienak bi logelatakoak dira, eta Mundakako gehienak ere horrelakoak izango dira, “baina, logela bakarreko eta hiru logelakoak ere egongo dira”.
Udalak doan utzitako 2.627 metro koadroko eremuan eraikiko dituzte etxebizitzak, eta beheko solairuan aparkalekuak egongo dira. Halaber, aurreikusita dago udalak lokal bat edukitzea beheko solairuaren eta solairuartea bitartean.
Etxebizitza Sailak egin eta ordainduko ditu eraikuntza lanak. 4 milioi eurotik gorako inbertsioa izango dela esan du Jauregik. Egun erabiltzen ez duten udal-instalazio bat dago bertan, eta eraitsi egingo dute. Etxebizitzen %40 36 urtetik beherakoentzat izango dira. “Busturialdeko alokairuko lehen etxebizitza babestuak dira, eta harro egoteko arrazoia da. Herrian arrazoizko prezio batean etxebizitza eskuratzeko aukera emango zaio jendeari, batez ere, gazteei. Gainera, alokairuko izate hori mantendu beharko da betiko”, azpimarratu du.
Udalak doan utzitako 2.627 metro koadroko eremuan eraikiko dituzte etxebizitzak
2016an Etxebizitza Sailak eta udalak erosteko etxebizitza publikoak eraikitzeko hitzarmena adostu zuten, eta oraingo horrek hura ordezkatzen du. Eusko Jaurlaritzak aurreko hitzarmenarekin “sortutako zailtasunak kontutan hartu” dituela azaldu du Rubiok, hau da, soluzio eta neurri zuzentzaileekin, mendi-hegala, saguzarren haitzuloa etab. Bestalde, egun indarrean den Etxebizitza Legea aipatu du Jauregik; izan ere, bertan zehazten da 2018tik aurrerako Eusko Jaurlaritzaren promozio guztiak alokairukoak izatea.
Pozik agertu da Mundakako alkatea, eta haren berbetan, proiektua aurrera ateratzea lortu izana “berri ona” da. Udalerrian dagoen beharrari erantzuteko, bai udalak bai Eusko Jaurlaritzak ahaleginak egin dituztela nabarmendu du: “Euskadin etxebizitza eskuragarri bat lortzeko arazoak dauzkate pertsonek, batez ere, gazteek, eta bere testuinguru eta ezaugarri zehatzekin gure udalerrian ere baditugu zailtasunak. Gure udalerrian etxebizitza bat eskuratzeko arazo handia dago, etxebizitzen hurbiltasunagatik eta erosteko eta alokatzeko prezio altuengatik”. Mundakarrentzat “aukera paregabea” da, eta prozesu horretan parte hartzera animatu ditu alkateak.
Sailburuordea ere ildo beretik mintzatu da:·”Etxebizitzen eskaintza falta dago, eta etxebizitza turistikoak eta bigarren edota oporretako etxebizitzak badaude ere, etxebizitza egonkorrerako aukera gutxi daude”.
Etxebideren datuen arabera, Mundakan etxebizitza eskaera eginda daukaten 80 pertsona daude Etxebiden alta emanda, eta horietatik 53 dira (%66) alokairu modalitatea aukeratu dutenak.
Zailtasunak. Kokapenagatik eta lursoruaren ezaugarriengatik, obra “zaila eta garestia” izango da, eta 2024an lizitatu gura dituzte. Aurreikuspenen arabera, 2026an hasiko liratezke etxebizitzak eraikitzen, eta lanok bi urteko epean amaituko lituzkete. Lanak amaitu aurretik zabalduko dute deialdia.
Obra osagarrien garrantzia azpimarratu du Jauredik; besteak beste, mendi-magala eusteko azterketa hidrologiko eta geologikoak egingo dituzte. Hain zuzen ere, obra-zuzendaritza eta ingurumen-zuzendaritza izango ditu proiektuak: “Besteak beste, ingurumen laguntza teknikoa beharko da kobazuloa dagoelako eta saguzarrak babesteko. Dena aztertuta eta txostenean jasota dago. Bestalde, horma eusteko beste azterketa geologiko sakonago bat ere egin beharko da. Mendi-hegala oso ezegonkorra da eta urez beterik dago. Zuhurtziaz jardun beharko da, kobari ez eragiteko, eta bertarako sarbidea bermatuta egoteko. Ez da lan erraza izango”.
Bestalde, jakinarazi dutenez, Etxebizitza Sailak partikularren bost etxebizitza kudeatzen ditu Alokabideren bitartez, eta etxebizitza horiek Eusko Jaurlaritzari utzi dizkiote, “Bizigune programaren bidez alokairuan arrazoizko prezio batean jartzeko, hileko kanon baten truke”. Era berean, orain arte zazpi gaztek jaso dute merkatu libreko alokairu bat ordaindu ahal izateko eta emantzipazioa errazteko Gaztelagun laguntza.