Inoizko aurrekontu "jasangarriena eta berdintsuena" onartu dute Foruan
Foruko Udalak 1.323.771,44 euroko aurrekontua onartu du, aurrekoa baino %8 handiagoa dena. Aurreikusitako gastu-partida 917.624 eurokoa da, eta inbertsioen artean Kultur Etxe berriaren proiektua eta Baldatika bidearen egokitzapen lanen jarraipena daude, besteak beste.
Foruko Udalak 1.323.771,44 euroko udal aurrekontua onartu du 2024rako, aurrekoa baino %8 handiagoa, batez ere Udalkutxaren diru-sarrera handiagoengatik. Aurrekontuaren ardatz nagusiak baliabideak optimizatzea, zerbitzuak eskaintzeko mailari eustea, udal-ekonomia orekatua izatea eta tokiko jasangarritasun-planaren barruko proiektuei ekitea dira.
Mikel Magunazelaia Foruko alkateak adierazi duenez, “azken urteetako helburua izan da aurreztearen eta inbertsioen arteko oreka aurkitzea, eta hori zerga bako egoera ekonomikoan islatzen da, zero zorpetzeagaz”. Egonkortasunaren testuinguruan diseinatu eta onartu duten planteamendu ekonomikoa “udalerriaren historiako jasangarriena eta berdintsuena” dela esan du. Etorkizunera begiratzen duen aurrekontua da, herritarren “asmoekin bat datorrena”.
Mikel Magunazelaia Foruko alkatea: “2020tik udalak zor guztiak likidatuta ditu. Udal ekonomia %100ean zerga bakoa dugu”
Udalkutxak 59.323 euroko diru-sarrerak gehitu ditu, aurrekontua aurreko ekitaldikoa baino %8 handiagoa izatea ahalbidetuz. Udalak aurreikusitako gastuak 917.624 eurokoak dira, eta ez dagoenez kreditu eragiketarik, aurrezpen garbia 406.147,44 eurokoa da. “2020tik Foruko Udalak zor guztiak likidatuta ditu. Udal ekonomia %100ean zerga bakoa dugu, eta aurrekontu egonkortasunerako gure helburua lortu dugu”.
Aurrekontuko inbertsioetan eman beharreko pausoak jasangarritasun planak zehazten ditu. Magunazelaiak azpimarratu duenez, “proiektu bakoitza, inbertsio bakoitza, udal moduan emandako pauso bakoitza, ingurumen-konpromisoagaz batera doa”. Etorkizunari “jasangarritasunetik” begiratzen diotela eta ikuspegi hori Kultur Etxean ere planteatzen dutela nabarmendu du.
Kultur Etxe berriaren proiektua aurrekontuetan onartutako inbertsioetako bat da, baina inbertsio nabarmenen artean Malta eraikina erosteko eta eraisteko proiektua ere badago, “Foruko familia eta gazteentzako etxebizitzak eraikitzea errazteko“. Gainera, Baldatika bidearen egokitzapenaren lanekin jarraitzeko ere partida onartu dute –lanen lehen fasea 2021ean egin zen–. Lan honekin auzoari ibilgailu eta oinezkoentzat “irisgarritasun egokiagoa eta seguruagoa” ematea bilatzen du udalak, eta energia berriztagarrien aldeko apustuan, “hainbat gunetako argiteria berritzeko” inbertsioa egingo dute.
Bestelako inbertsioak egiteko ere diru kopuruak onartu dituzte aurrekontuetan: HAPO –Hiri Antolamendurako Plan Orokorra– egiteko inbertsioa, obra-brigadarakoa, funts bibliografikoetarakoa, hiri altzarietakoa, informazioa prozesatzeko materiala erostekoa, udal artxiboko programa berria erostekoa eta herriko tabernako gastuei lotutakoa, esaterako.
“Guztion eskubideen defentsan irizpide indibidual eeta kolektiboak ezarri gura doguz, benetako berdintasuna lortzeko”.
Berdintasun Plana.
Foruko Udalak gizon eta emakumeen arteko berdintasuna sustatzeko konpromisoa erakutsiz, diru kopuru bat bideratuko du Berdintasun Plana eratzera. “Udalean barneratuta daukagu berdintasunarekiko konpromisoa, zentzu guztietan. Berdintasuna gure eguneroko kudeaketan dago, gure proiektu eta jarduera guztietan”. Herrian berdintasunean sakontzeko beharrizana antzeman du udalak, Foruko errealitatea aztertu eta epe ertain eta luzerako helburu eta ekintzak finkatzeko: “Guztion eskubideen defentsan irizpide indibidual eta kolektiboak ezarri gura ditugu, benetako berdintasuna lortzeko”.
Baliabideen optimizazioa.
Foruko Udalak 2024rako onartutako aurrekontuan baliabideak optimizatzera eta gastuei eustera bideratutako dirua nabarmentzen da, “udal ekonomia orekatua eta egonkorra lortzeko, bizilagunentzako prestazioen maila eta herriko bizi kalitatea murriztu barik”.
Kultura eta euskara jardueretara 20.000 euro bideratuko dituzte, eta gizarte-ongizateko jardueretara 10.000 euro.
“Gure folkloreak eta gure kirol tradizionalek gure nortasuna idnartzen dute eta bizilagunen errotzearen alde egiten dute”.
Kultur Etxean eskainiko diren ikastaroetara ere dirua bideratuko dute, baita jaietarako ere. Horrez gain, Foruko kultur eta kirol elkarteei dirulaguntzak ematea ere aurreikusi dute, adibidez, Urdaibai Dantza Taldeari 3.000 euro: “Gure herriko dantza taldeak herriko dinamizazio soziokulturalean laguntzen du, eta hori oso balio garrantzitsua da Forurako”. Sustabiz Fundazioari dirulaguntza ematea ere aurreikusi dute, “bertoko kirolen eta dantzen balio kulturala sendotzea” delako udalaren konpromiso nagusietako bat: “Gure folkloreak eta gure kirol tradizionalek gure nortasuna indartzen dute eta bizilagunen errotzearen alde egiten dute”.
Bestalde, herritarrei kalitatezko kultura eta kirol zerbitzuetarako sarbidea eskaintzeko asmoz, forutarrek Gernika-Lumoko Santanape kiroldegia, Segundo Olaeta musika eskola eta Aita Villasante udal euskaltegia erabiltzeko ordaindu behar duten gehigarria ordaintzeko dirulaguntza mantentzea aurreikusi dute. “Foruko bizilagunak udalerri txikietan jasangarriak ez diren eta Foruko bizi kalitatea udalerri handietakoekin parekatzen laguntzen duten zerbitzuetara heltzea bermatu gura dugu”, adierazi du Magunazelaiak.
Gizarte gaiei dagokienez, familia behartsuenei eskaintzen dien laguntza ekonomikoa mantenduko du udalak, beste urte batez. Horrez gain, Busturialdeko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateari 38.000 euroko ekarpena egingo diola iragarri dute.