Hitzetatik ekintzetara pasa
Domekan [otsailak 18] 12:00etan jokatuko da Winter Serieseko finala: Goiko-Lekerika eta Erkiaga-Ibarluzea. Protagonistek baino, horiek ondo ezagutzen dituztenek aztertu dute.
Ametsetako finala da, askok nahi zutena, esperotakoa. Testigu bat bailitzan, errelebo natural bat. Zabala. Gogorra. Berdindua. Danetariko hitzak erabili dira finala deskribatzeko.
Antzekotasunen finala ere bada. Diego Beaskoetxeak badaki zer den bere kirol ibilbideko azken partida Winter Serieseko finalean jokatzea. Gernika-lumotarrak goi-goitik esan zuen agur, txapelagaz, gainera. Iñaki Osa Goikoetxea bere egoera berean dago? «Ez, nik, gainera, etxean jokatzen nuen, eta horrek beste balio bat ematen dio». Hain zuzen ere, biek ala biek aitortu dute azken partidan baino, lehenengoan nabaritu zutela presio gehiago.
Jon Bullet Zabalak, berriz, ondo ezagutzen du Ibarluzearen egoera. Berak berdina sentitu zuen. Bi markina-xemeindarrek ispastertarragaz debutatu zuten Winter Seriesen. Zabalak ere txapelagaz. Horregatik, aholku argi bat eman dio: «Gozatu, gozatzeko eguna da».
Diego Beaskoetxea: “Winter Serieseko finala ez irabazita ere, txapeldun handia da Goikoetxea”
Argi dagoena da, irabazi edo galdu, eguneko protagonista nagusia Goiko izango dela. Xabi Barandikaren ustez, zumaiarrarentzako agur «perfektua» da. Bere kirol ibilbide arrakastatsuari amaiera «borobila» emateko aukera dauka Goikok, egungo txapelketarik garrantzitsuenean. Beaskoetxeak argi dauka Goikok ez duela ezer erakutsi behar: «Etzi ez irabazita ere, txapeldun handia da». Egun batetik besterako erabakia ez izateak ere lasaitzen du bat. «Asimilatzeko eta egoeran sartzeko denbora asko eduki du, ametsetako unera heldu arte».
Hain zuzen ere, txapeldun handiaren testigu hori Aritz Erkiagak jaso nahi du. Ispastertarra da izar nagusia. Txantxa moduan edo, agian, ez hainbeste, Erkiaga «ahalik eta gutxien molestatu» behar dela esan du Zabalak, bere jokoa egiten utzi, eta ahalik eta gehien lagundu pilota hobeak izan ditzan. «Erkiagak bere kalitateagaz ezarriko ditu aldeak, eta tantoak egingo ditu, gehiago edo gutxiago, baina egin egingo ditu».
Jon Zabala: “Erkiaga beti dago laguntzeko prest, partiduan konfiantza ematen dizu”
Baina bikotea bi puntistak osatzen dute, bakarrik ezin dezake jolastu. Ibarluzearentzat bere kirol ibilbide laburreko egunik handiena da. Santi Olabek ondo baino hobeto ezagutzen du Ibarluzea, bere entrenatzailea izan da Markina-Xemeingo zesta-punta eskolan. Puntista «segurua» dela nabarmendu du, pilota gutxi galtzen duten horietakoa. Hori erakutsi zuen finalaurrekoetan, hori izan behar da haien bidea: «Ibarluzeak segurtasuna transmititu behar du atzeko koadroetan eta Erkiagari bere jokoa egiten utzi. Pilota biziagaz, gainera, min egin dezake, Goiko pasa, pilota baztertu eta errebotera heldu, Erkiagari pilota hobeak heltzen saiatzeko».
Unai Lekerikarentzat beste aukera bat da finala. Iazko arantza kendu nahiko du. Iaz tanto bakarragatik galdu ostean, «motibatuta» aterako dela uste du Barandikak. Gogo bereziak izango ditu? «Guretzat etxean jokatzea beti da berezia, baina aurten egia da Goikogaz azken txapelketako bikote izanik, beste osagai bat gehiago duela». Egun handietan bere mailarik onena ematen duen puntista horietako bat da Lekerika, presioak, indarra kendu ordez, indarra ematen dio. Beaskoetxeak argi dauka: «Txapelketako pilotaririk onena izan da».
Xabi Barandika: “Gernika-Lumoko puntistentzat, Jai Alain jokatzea beti da berezia”
Aditua izan barik. Jai Alaiko harmailak beteko dituzten zaleek tabernan irudikatu ditzakete finaleko nondik norakoak, gidoia, eta ez dira errealitatetik asko aldenduko. Bikote bakoitzak estrategia argiak edukiko ditu. Beaskoetxeak dio Goikori finalean aurkaririk «txarrena» egokitu zaiola. Lekerikagaz batera, ez du helburu erraza izango: Erkiaga jokoz kanpo uztea. «Erkiagak erakutsi du edozein koadrotik sartzeko gai dela, eta hori bakarrik ez, tantoa amaitzeko ere bai, edozelan, gainera», dio Barandikak.
Bikote arrosak finalaurrekoetako partida errepikatu behar duela uste du Zabalak. Hori bai, Erkiagak egun hobea izan beharko du. Hala ere, ez du uste azken partidako sentsazio ez hain onek eragina izango dutenik bere jokoan. «Azkenean, horrelakoa da zesta-punta, hain kirol teknikoa izanik, egunaren araberakoa izan daiteke. Ohituta dago egunero edo astero jokatzera, eta ez dut uste buelta askorik emango dizkionik».
Ondo ezagutzen dute elkar; gainera, Markina-Xemeingo Grand Slama irabazi zuten joan den udan. Hala ere, Olabek badaki Jai Alai eta Winter Series bestelako pilotalekua eta txapelketa direla. «Beste gauza bat da, 2.000 begi dituzu gainean, eta presioa nabaritzen da». Horregatik, Ibarluzearen lana «pilota asko sartzea» izango dela dio. Bulletek Erkiagaren alde estratega eta motibazionala goraipatu ditu. «Beti dago laguntzeko prest, partiduan asko berba egiten dizu, aholkuak emateko. Konfiantza ematen dizu».
Santi Olabe: “Ibarluzeak segurtasuna transmititu behar du atzeko koadroetan”
Materialak ere berebiziko garrantzia izan dezake. Erkiagak eta Ibarluzeak azken partidako pilota mota bera erabiliko dutela esatean asmatu egin du Barandikak: «Pilota motelak erabili, bizitzen ez utzi, Erkiaga ahalik eta gehien sartu ahal izateko». Bestalde, pilota biziekin Goiko eta Lekeren eskumak «min handia» egin dezaketela uste du Beaskoetxeak.
Etzi benetako protagonistek berba egiteko unea helduko da. Ekintzetara pasako dira.