Esperientziak biziz, ikasi, hezi
Eleizalde Ikastolan espazio hezitzaileen aldeko apustua egin dute, ikasleak erdigunean jarrita. Elkarbizitza eta esperientziak bizitzea oinarri hartuta, proiektu pedagokiko sendoa daukate.
Espazioak aprobetxatu, erabilgarritasuna bilatu eta ikasi. Eleizalde Ikastolan espazio hezitzaileekiko apustu argia egin dute azkenengo urteetan. Dauzkaten espazioak aprobetxatu dituzte eta horiek hezitzaile bihurtu.
Ikasgelen kontzeptu aldaketarekin, kanpoko zein barruko espazioen banaketari buelta bat eman diote. “Lau hormak apurtu” dituzte. Hain zuzen ere, obra handirik egin barik, hormak benetan bota barik, ikasgeletatik haratago, gainontzeko espazioetan ere irakasten eta ikasten dute. Hori probatu eta frogatu dute, eta lortutako emaitzak onuragarriak dira. “Argi daukagu gure ikasleentzat eredu hau dela egokiena. Kanpoa erabili, kanpoan gozatu. Hortik beste ikasketa bat egiten delako”. Horretan sinisten dute.
Batik bat kanpo espaziora bideratu dute arreta. Aztertu, hausnartu eta ahalik eta gehien eta hoberen aprobetxatzea izan da helburua. Espazio hezitzaileen betaurrekoak jantzita begiratu eta behatu dute ingurua, eta hamaika aukera topatu dituzte: “Adibidez, eskaileretan zenbakiak marraztuta, horiek ikasteko edota bikoitiak eta bakoitiak lantzeko aukera daukate”.
Daukaten gune naturala aprobetxatzea funtsezkoa izan da. Besteak beste, urmaela daukate ikastolan. Ikasleek eurek sortutakoa da, eta eurek zaintzen dute. Euskal Herriko Eskoletako Urmaelen Sarearen barruan sartuta daude, eta “laborategi natural” moduan erabiltzen dute. Gai desberdinak landu ditzakete, eta lantzen dituzte; adibidez, matematikako eta naturako hainbat ezagutza barneratzeko balio die. “Litroak, zentilitroak… lantzeko aukera daukagu, eta, era berean, izaki bizidunak daude: udaberrirantz txoriak etortzen hasiko dira, zapaburuak hazten hasiko dira…”
Ortua ere ikasleku garrantzitsua da. Lehen Hezkuntzako 1-3. mailetako ikasleek daukate inguru guztiaren ardura; eurak dira ortuaren, lorategiaren, oiloen… arduradunak. “Ingurua landu eta jagoten” dute. “Youtube naturala” daukate.
Ikasleak arduratsu izateko lanean dihardu hezkuntza komunitateak, eta koherentzia mantendu, eta Agenda 30eko helburuekin bat egiten dute. Hazten doazen heinean, pertsona jasangarriak izatea lortu asmo dute, ingurumenagaz arduratsuak izateko lan egiten dute.
Ildo beretik, ingurumenak ikasleen garapen fisiko eta emozionalean dauzkan onurak azpimarratu dituzte: “Frogatuta dago ikasleen garapen fisiko eta kognitiboan eragina daukala; ikasleak lasaiago ikasten du, hobeto bereganatzen eta barneratzen ditu landu beharrekoak. Esperientzia bizi egiten du”. Hori giltzarria da ikastolako komunitatearentzat.
Haur Hezkuntzako zein Lehen Hezkuntzako umeek esperientzia bizi egin behar dutela pentsatzen dute. Familia giroan egiten duten bezala, ikusi, bizi eta ikasi. Helburua hori da.
Elkarbizitza
Halaber, espazio zabalek elkarbizitzarako beste aukera bat ere ematen diete.
Besteren artean, jolasguneko elementu batzuk kendu eta aldatu dituzte. Ikasleek eurek zer egin gura duten erabakitzeko aukera daukate, hala jolas sinbolikoak, nola asanbladak. Egokitzapen horrek eragin positiboa eduki duela antzeman dute. Elkarbizitza lasaiagoa dago denen artean, arazo gutxiago sortu, eta denak lasaiago daudela igarri dute.
Ume bakoitzaren erritmo eta denborak errespetatzen dituzte, eta ikasleak eurak dira protagonistak, ez espazioak. Haurrak daude erdigunean. Eta horien inguruan erlauntza osatzen duten familiak, irakasleak, espazioak eta materialak.
Muturretara joan barik, hezkuntza proiektu aberatsa eta dedentzat onuragarria izateko oreka bilatu dute. Zirkulazio askea eta autonomoa bultzatzen dute, eta, era berean, mugak eta helburuak ere zehaztuta dihardute eguneroko jardunean.
Ikasleei aukerak eman
Proiektu pedagokiko sendoa daukate oinarri, eta kanpo espazioetan zein ikasgeletan ikasleei aukerak ematea erabaki eta lehenetsi dute: “Helburua inoiz ez da izan gauza edo espazio polit eta ikusgarriak sortu, eta horiei erabilera ematea, alderantziz izan behar dela uste dugu”. Ingurua erabilgarria izan behar da, eta ikasgeletako lau hormak zabaldu dituzte; eskailerek, lorategiak, jolasguneak, urmaelak… horiek ere ikasteko balio diete.
Beti ere, Ikastolen Elkartean babespean, eta hark ipinitako ildoei jarraituta, ikastolan bertan erabakitzen dute zein bide jarraitu, egokiena zer den.
Bakoitzak bere aukera dauka, eta Eleizalde Ikastolan hausnarketa egin ondoren, dauzkaten elementuak aprobetxatzea erabaki dute. Etxean funtzionatu ohi den moduan funtzionatzeko hautua egin dute, dituzten espazio, errekurtso eta baliabideak aprobetxatuta, onurak eta aldaketak lortzeko. Elkarbizitza eta gozamena gidalerro hartuta, ikasturtez ikasturte, egunez egun, esperientziak bizi, eta ikasleek bizipen horiek motxilan sartzea da hezkuntza komunitate osoaren helburua.