Arrizabalaga eta Erasun garaipen erosoagaz sartu dira finalerdietan
Aurreikuspenak bete, eta hutsik egin barik, Arrizabalaga-Erasun eta Aldai-Bergara bikoteak Master Laboral Kutxa Eskuz Binakako Txapelketaren finalerdietan izango dira, martxoaren 3an, Elgoibarren. Atzo [otsailak 11] Galdameseko udal pilotalekuan lortu zituzten txapelketan aurrera egiteko txartel preziatuak. Bi bikoteek ligaxka zein bere multzo-buru amaitzea bermatu dute, fase horretan jokatutako bi partiduak irabazi baitituzte.
Olatz Arrizabalaga gernika-lumotarrak eta Itxaso Erasun zizurkildarrak uste baino errazago lortu zuten garaipena; 22 eta 5eko markagailuak adierazten duen legez, aurkariak baino “askoz gehiago” izan ziren. Arraiza-Arrillaga bikotea ezinean ibili zen; Arrizabalagak asko jokatu zuen, aurrean gehiago izan zen, eta Erasun ere oso seguru egon zen atzean. Biek ala biek oso eroso jokatu zuten, seguru eta akatsik egin barik. Hain zuzen ere, Arrizabalagak eta Erasunek sendotasuna erakutsi dute ligaxkan; lehenengo jardunaldian 22 eta 8 irabazi zieten Oronozi eta Goienetxeri.
“Oso serio jokatu genuen, konfiantza askogaz. Finalerdietara begira gogorrenak saihestu gura genituen, eta uste dut hori lortu dugula”
Gernikarrak esan bezala, ustez atzokoa zen ligaxkako partidu zailena, eta, beraz, ez zuten alde nabarmeneko emaitza aurreikusten: “Ez genuen espero hain erraz irabaztea. Hasieratik amaierara arte askoz gehiago izan ginen. Oso serio jokatu genuen, konfiantza askogaz, eta txispagaz”. Frontoi bizia da Galdameskoa, eta gustuko materialagaz jokatuta, aurretik min asko egin zuen, bai saketik bai errematean. “Eta Itxasok atzean ez zuen bat ere huts egin. Eurek atzean gehiago jotzen zien, baina guk ez genuenez hutsik egiten, azkenerako desesperatu egin ziren. Uste genuena baino errazago lortu dugu finalaurrekoetarako txartela”.
Elite mailako lehenengo partiduan, Aldaik eta Bergarak lan asko egin eta asko sufritu behar izan zuten Uriarte-Capellanen kontrako garaipena eskuaratzeko. Partida oso lehiatua izan zen, eta 22 eta 19 amaitu zuten. Uriartek bikain defendatu zuen bere burua egungo banakako txapeldunaren erasoen aurrean; sondikoztar gaztea pilotari bezala hazten ari da, eta bere lekua aldarrikatu zuen. Bestalde, gazte mailakoa izan zen atzoko jaialdiko lehenengo partidua. Azkonak eta Uriartek 18 eta 10 irabazi zieten Antolini eta Etxenagusiri.
Asteburu honetako partiduen ostean erabakiko da finalerdietara sailkatuko diren bikoteen zerrenda. “Finalerdietara begira gogorrenak saihestu gura genituen, tanto onenekin gelditu, tantoen average onenegaz, eta uste dut hori lortu dugula”, azaldu du Arrizabalagak.