Hezeguneen Eguneko jarduerak "arrakastatsuak" izan dira
Urdaibai Bird Centerreko arduradunek azpimarratu dutenez, Hezeguneen Munduko Egunak “arrakasta handia” izan du euren gonbidatuen artean, eta jardunaldian batzeak “komunitate sentimendua eman, eta loturak indartzeko” balio izan die. Egun “ahaztezina” izan zen, eta parte hartu zutenei eskerrak eman dizkiete.
“Aldaketak lortu eta hezeguneak kontserbatu asmoz,” bat egiteko eta elkarrekin ikasteko esperientzia positiboa izan zela azaldu dute. Aurtengo gaia Hezeguneak eta Giza Ongizatea izan da.:”Hezeguneen Munduko Egunaren helburua da ekosistema hauskor horien edertasuna partekatzea, eta baita horiek jasan behar dituzten presioen inguruan jendea kontzientziatzea”.
Domekan [otsailak 4], 10:00etan, goizeko lanbroa altxatu barik zegoela egin zuten eraztun zientifikoen lehenengo saioa. Bertan, hegaztiak zergatik eraztuntzen dituzten, zelako metodoa erabiltzen duten eta zelako datuak biltzen dituzten ezagutu zituzten. Parte-hartzaileek “prozesu osoa esperimentatu” ahal izan zuten, eta hegazti desberdinak identifikatzen ikasi: “Tarinak, negu edota elur txoriak, karnabak eta kaskabeltzak ikusteko aukera izan zuten, besteak beste”.
Lainoa altxatu, eta tenperatura igotzen hasi ostean, ibilaldia egin zute: “Baldintzak onak eduki genituen gure ibilaldi gidaturako”. Jarduera hori zentroan hasi zuten; parte-hartzaileek Urdaibaiko geografia orokorra eta hezeguneak dituen arazoak ezagutu ahal izan zituzten. Gero, zentrotik atera, eta bisitariek bertako habitata eta fauna bertatik bertara ezagutu zituzten: “Beti bezala, naturak era askotara harritu gintuen. Prismatikoz hornituta, taldea Oruetako behatokian sartzear zegoela, 33 mokozabaleko taldea gure gainetik pasatzen ikusi genuen. Aurtengo migrazioan ikusi dugun lehen taldea izan da. Ikuskizun zoragarria izan zen”.
Behatokiaren barruan, prismatikoak hartu, eta, besteren artean, ubarroiak, ahate mokozabalak, ahate buztanluzeak, paita arruntak behatu zituzten. “Jende askorentzat behatokia bisitatzen zuten lehen aldia zen”. Padura ondoko bidexkatik aurrera jarraitu zuten, eta baccharis bezalako landare inbaditzaileek hartutako lezkadira ailegatu ziren: “Era berean, piraguista taldeek faunan duten eragina ere bertatik bertara egiaztatu ahal izan zuten. Talde horiek sortzen duten zarata traba handia da ur ondoan elikatzen eta atseden hartzen duten hegaztientzat”.