Ane Pikaza: "Hasieratik erronka handia izan zen pertsonaia guztietatik pasatzea"
La Dramatica Errante antzerki konpainiak 'Altsasu' antzezlana eskainiko du zapatuan, 19:00etan, Lizeo Antzokian.

Zergatik erabaki zen Altsasun gertatutakoari buruzko antzezlan hau sortzea?
Altsasuko testua Cicatrizar proiektuaren barnean jaio zen, Santi Sinisterra dramaturgoak sortutako Nuevo Teatro Fronterizo laborategiaren barruan. Maria Goirizelaia zuzendaria eta dramaturgoa da, –La Dramatica Errante bere eta Pikazaren konpainia da– eta proiektu honetan parte hartzera deitu zioten. Momentu hartan euren herrian gizartean irekita zegoen zauri baten inguruan lan egitea eskatu zieten, eta berak Altsasuko auziaren inguruko obra idaztea erabaki zuen. 20 bat urte daramatzagu elkarrekin lan egiten, baina, garai hartan, La Dramatica Errante ez zen existitzen antzerki konpainia moduan. Maria proiektu honekin hasi zen, idazten jarraitu zuen, eta beraien artean aurkeztu zuten. Behin eginda zegoela konturatu ginen bageneukala aukera hori taularatzeko, eta orduan sortu zen La Dramatica Errante antzerki konpainia. Mariak sortu zuenean taularatzea ez zen nahitaezkoa, idaztea bakarrik zen helburua. Uste dut horrela izanda ere bestelako askatasun batekin idatzi zuela.
Errealitatearekiko guztiz fidela da edo badauka fikziotik?
Mariak plano desberdinak hartu zituen kontutan obra idazterako momentuan. Alde batetik, gurasoei eskatu zien auto judiziala, eta, beste alde batetik, bilaketa sakona egin zuen. Medioetako eta sare sozialetako informazioaren bilaketa ikaragarria egin zuen. Badaude eszena fikzionatu batzuk, non euren arteko erlazioak islatu daitezkeen, eta, bestetik, alde oniriko bat, berez, obran Altsasu inauterietan hasten da, eta ez zen inauterietan gertatu. Baina, modu batean konturatu ginen obrak arnasa eta erritmoa izateko horrelako zerbait behar zuela edo on egiten ziola, onuragarria zela obrarentzat, eta alde hori ere fikzionatua da.
Zelako lanketa egin zenuten pertsonaiak prestatzeko?
Egoitz Sanchezek, Aitor Borobiak, Nagore Gonzalezek eta laurok hainbat eta hainbat pertsonaia egiten ditugu. Hasieratik erronka handia izan zen pertsonai horietatik guztietatik pasatzea. Kasuaren leku guztietan zeudenak dira, hau da, denok egiten ditugu gurasoak, gazteak, Guardia Zibilak eta horien familiak, epailea, fiskala, defentsa… Pertsonaia horiek guztiak egiteko lanketa sakona egin genuen, eta erritmo handia ematen dio obrari. Etengabe ari gara pertsonaia batetik bestera salto egiten, beti esaten dugu erloju baten moduan funtzionatzen duela. Gure ustez, horrek aberastasun handia ematen dio obrari, bai egiterako momentuan, aktore moduan, eta baita ikusle moduan ere, ariketa arina da.
Orain dela hiru urte Arriagan estreinatu zenutenetik zenbat emanaldi eskaini dituzue eta zelako harrera izan duzue?
70 bat emanaldi egin ditugu. Hasieran nahikoa urduri ginen, ez genekien publikoak zelan jasoko zuen, eta harrera oso ona izan du bai Euskal Herrian bai hemendik kanpo. Bogotan, Medellinen, Montevideon, Bartzelonako Grec Jaialdian, Tarragonan, Zaragozan, Alacanteko Autore Berrien Erakusketan… egon gara, eta, orain Madriletik gatoz. 11 egun egon gara Abadiako Antzokia betetzen, harrera oso politarekin eta hartu-eman oso interesgarriekin. Horrek asko pozten gaitu, hasieran ez zegoen hain argi harrera hori izango zuenik Madrilen. Pertsona batzuentzat ez zen bertan egon behar, eta hala ere, ateak ireki dizkigute beste antzoki batzuetan. Konpainian ospatzeko zerbait dela pentsatzen dugu, zalantza barik.
Hain zuzen ere, bertan batzuen zentsura gogoari ere aurre egin diozue.
Oso ondo tratatu gaituzte antzokian, egitura oso sendoa daukate bertan, langile guztiak oso adituak dira bai komunikaziotik bai ekoizpenetik. VOXekoak emanaldia bertan behera uzten saiatu ziren, eta horren harira, estreinatu genuenean, lehenengo egunean Juan Mayorga antzokiko zuzendariak esan zuen antzerkia askatasunean egin behar dugula, ez dugula zertan autozentsura batean erori behar norbaitek egiten duguna egitea galarazi ahal digulako. Eta esan zigun antzerkia egiten dugula antzerkia joaten direnentzat, baina baita, eta, gehienbat, antzokira joaten ez direnentzat. Hausnarketa hori oso indartsua iruditu zitzaidan, eta oso garrantzitsua. Gu joaten garen heinean, gure mikroaldaketak egiten ditugu gure inguruko pertsonekiko, nahiz eta beraiek antzerkira ez joan. Horregatik, iruditzen zait oso garrantzitsua dela ahal dugun heinean antzerkira joaten jarraitzea. Horrek ere beti dauka eragina gure inguruko pertsonengan eta bizi garen gizartearengan.
“Denetariko iritziak jaso ditugu, feedback oso-oso desberdinak, eta hori pozgarria da, guztiontzako elkarrizketa eta hausnarketa irekita daudela esan nahi duelako”
Publikoak ze iritzi dauka? Orokorrean ze iritzi jaso dituzue?
Denetarik jaso dugu, eta hori pozgarria da, guztiontzako elkarrizketa eta hausnarketa irekita daudela esan nahi duelako. Ez dago iritzi bakarrik. Gertatu zenaren inguruan denok daukagu aurreiritzi bat, gero obra ikusten eta egiten dugun heinean, bestelako galdera batzuk irekitzen dira, eta ez da zeharo aldatzen inoren iritzia, baina bai bestelako hausnarketa batzuk botatzen ditu airera. Horren inguruan asko hitz egiten da; batzuei deserosoa egiten zaie edo beste batzuek primeran ulertu dute ez dakit noren ikuspuntua… Feedback oso-oso desberdinak jasotzen ditugu.
Eurek eta senideek ikusi al dute? Zer esan dizuete?
Hainbat emanaldi ezberdinetara etorri dira Altsasuko familiak, eta mezu desberdinak helarazi dizkigute obraren inguruan, euren artean obra ezberdin jasotzen dutelako, hain zuzen ere, eta hori oso ondo dago.

Argazkia: Hodei Torres.
Zer esango zenieke gure irakurleei, bihar Lizeo Antzokira joatera animatzeko?
Euskal sortzaileak garen heinean, kulturaren inguruan lan egiten dugun heinean, eta gizarteari begira eginda dagoen obra bat denez, interesgarria da jakitea, edo, behintzat, egiten ari garen lana ikustea, gero hausnarketa horiek egin ahal izateko.
Gernikaren ostean non egongo zarete?
Madrilera joan baino lehen, Grecen eta Tarragonako jaialdian egoteak aterak ireki zizkigun Kataluniara joateko, eta zaila izaten da aukera hori edukitzea. Oso pozik gaude apirileko asteburu guztietan Kataluniako hainbat antzokitan egongo garelako. Eta Madrilgo emanaldien ostean bestelako emanaldi batzuk irten dira Espainian.