Guggenheim Urdaibai Stop plataforma saritu dute Argia Sarietan
“Aspalditik datorren borroka bati bultzada berria emateagatik eta ingurumena eta herritarrak erdigunean jartzeko lanean aritzeagatik”, Kanpaina onenaren Argia Saria jaso du Guggenheim Urdaibai Stop plataformak.
Argia Sariak barikuan [urtarrilak 26] banatu zituzten Usurbilen, eta Guggenheim Urdaibai Stop plataformaren ordezkarien iritziz, “urte osoko lanari aitortza egiten” dion saria da honakoa: “Plataformak urtebete egiteko bi aste falta direnean, pozez eta atseginez jaso dugun saria da”. Busturialdeko “lagunei” eskaini zioten saria, “plataforma ez baita ezer eurek barik”. Herritarrek sortu eta herritarrek sostengatzen duten plataforma dela gogoratu dute: “Egunero egunero, herritarren hitz gozo eta animoak entzunda aurrera egiten duena. Aurreko astea, bereziki intentsoa izan dela esan genezake. Komunikabideetan zabaldutako mezu kontrajarri guztiei erantzuten saiatu gara, eta gure lanekin aurrera egiten. Esan genezake kostata, baina lortu dugula, Busturialdeagatik eta guztion hobebeharrez”.
Aurrerantzean ere euren “bidearekin jarraituko” dute, “ezer ez delako aldatu”. Herriz herriko mobilizazioekin zein epaitegietako “borrokarekin” segituko dutela azpimarratu dute plataformaren ordezkariek: “Orain arte egindako maniobra legalek jarraipena izango dutela argitu digute, helburu bakarrarekin: Gaur egun indarrean dauden legeek lekuz kanpo uzten dute makroproiektu hau bideragarria egitea. Berdin da zelan. Zabor kentze administratibo famatuarekin jarraituko dute. Bideragarri egin dezakete, baina sekula ez da Biosfera Erreserba batekin bateragarria izango, eta hori ez dago moldatzerik. Guztia ezin da diruarekin konpondu”. Mobilizazioekin jarraitu behar dutela argi daukate, eta herriz herri hitzaldiak ematen segituko dute: “Orain arte egin diren bihurrikeri guztien berri ematen jarraituko dugu, entzun nahi duenari. Epaitegiak astinduko ditugu legeak muga jartzen digun azken lekura arte”. Besteren artean, finantziazio bideak martxan jartzeko eta eskualdeari ekintza ezberdinak eskaintzeko asmoa agertu dute, horietan parte hartzera gonbidatuz: “Finantziazio bide horiek garrantzitsuak dira epaitegiek sortzen dituzten gastuak ordaintzeko. Herritarrok adi egon beharra daukagu eta piztu den garra indartsu mantendu. Ilunpetan lan egitera ohituta gaude, baina argitasunak arduraz jokatzera behartuko ditu”.
Gainontzeko sariak. Bost sari banatu dituzte aurten. Aipatutakoaz gain, ikus-entzunezko saria Bizkarsoro filmari eman diote, prentsa saria Sahara. Herri bat erresistentzian liburuari, entzunezko saria Ez gatoz Paristik podcastari eta internet saria gordegia.eus artxibategi grafikoari.