«Liburu honek urte askotako ikerketa eta lana biltzen ditu»
Erdi Arotik propultsio mekanikoa sortu arteko garaira bitartekoak liburu batean bildu ditu Astuik. Arrantzaleen Museoaren 75. urtemugaren agenda barruan aurkeztu du lana.
2023an Arrantzaleen Museoak 75 urte bete zituen, horietatik 38 zure zuzendaritzapean. Zer balorazio egiten duzu?
Niri museoa nolabait lehengo erregimenetik atera eta modernizatzea egokitu zitzaidan, baliabide gutxigaz. Pixkanaka joan gara zulotik irteten. Balorazioa ona da, gaur egun museoa arrantza munduko erreferente delako, ez bakarrik Euskal Herrian, Europa mailan ere bai. Atzean urte askotako lana dago. Nik museoaren zuzendaritza hartu nuen sasoiko egoeraren eta gaur egungoaren artean alde handia dago: orain museoaren ardura dutenak energia askogaz eta ideia berriekin ari dira lanean. Museoak aurrera jarraituko du, arrakasta handiagaz.
Museoa erreferente bihurtu da. Zerk egiten du Arrantzaleen Museoa berezi?
Museoa bera da berezia; tematika aldetik berezia da. Ez da arte edo historia museo bat, arrantza museoa baizik. Jendeak museoari beldurra galtzea lortu dugu; ikusi da museoa denona dela, denon ahaleginagatik ez balitz, ez litzatekela museorik egongo. Askotariko ekintzak egoten dira, gainera: kontalariak, erakusketak, hitzaldiak, tailerrak… Jendearen arreta erakartzeko gauza asko daude, erakusketa iraunkorraz gain. Jendea hori ikustera gerturatzen da gehienbat. Edozein gairi buruzko aldi baterako eraskusketak eta hitzaldiak ere kontuan izan behar dira. Jende asko biltzen da museoan, eta horrek Arrantzaleen Museoa bera bizitu egiten du.
La pesca a vela en Bermeo liburua argitaratu duzu museoaren eta Bizkaiko Foru Aldundiaren eskutik. Zer kontatu dezakezu horri buruz?
Liburu berezia da, originala, nire kapritxo bezala egin nuen. Idatzi eta marrazkiak egiteaz gain, liburuaren koadernaketa neronek egina da. Marrazkietako bat zabalgarria da, beste bat txikia… Niretzako bakarrik izateko asmoz egin nuen.
«Bildumagileetzako liburua dela esan zidaten argitaratu zuten adituek»
Noiz erabaki zenuen argitaratzea?
Lana ikusi zuten askok argitaratu egin behar nuela esan zidaten, eta animatu egin nintzen. Erretiroa hartu nuen egunean zuzendari berriari esan nion: «Bi urte barru museoaren 75. urteurrena da: data berezia. Argitalpen berezi bat egin nahi bada, nik lan hau eskaintzen dut. Zuok erabaki argitaratu edo ez, nik ez dut inolako arazorik jarriko». Nire poztasunerako, iaz, Aixa Gaztelu museoko zuzendariak deitu zidan, nire eskuizkribua argitaratuko zela jakinarazteko. Nik nola argitaratzea gustatuko litzaidakeen aurkeztu nien: mekanografiara pasatu ordez, dagoen bezala uztea eta pasta gogorra izatea. Lana editatuko zutenak hunkitu egin ziren, ez zutelako aurretik pareko lanik editatu. Ilusio handiz hartu, eta nire proposamena nabarmen hobetu zuten. Nire ustez, argitalpen berezia baino bereziagoa izatea lortu dugu.
Zergatik erabaki zenuen eskuz idatzitako lana izatea?
XXI. mendean eskuz idatzitako eta marrazkiak eskuz egindako artisau lan hau bildumagileentzako liburua dela esan zidaten argitaratu zuten adituek. Nahiz eta gaia gustuko ez izan edo arrantza ez interesatu, liburu hau objektu moduan edukitzeko modukoa da. Originalari leiala izatea bilatu dugu.
Bildumagileentzako dela diozu. 200 ale daude, sinatuak eta zerrendatuak.
Bai, horregatik egin zen tirada ez oso luzea. Ondo saldu da, jendeak estiman dauka, eta ni pozarren nago. Dagoeneko, ez dira asko geratzen salgai Arrantzaleen Museoan. Urte askotako ikerketa eta lana biltzen ditu, eta marrazkiekin aberastu dut, hobeto uler dadin eta bisualagoa izateko. Uste dut horregatik gustatu zaiola jendeari, irakurri nahi ez baduzu ere baduelako zer ikusi: arrantza sistemak, marrazki artistikoak, belak nola josi…
Ezagutza eta kontserbazio lana da. Bermeotik haratago, euskal itsas historia lantzen al du?
Bai, liburua Bermeon kokatuta dago, baina denok dakigu arrantza sistema Euskal Herri guztian berdina dela. Beti dago guztiz berbera ez den ezaugarriren bat, baina liburuak leku ezberdinetako historia ezagutzeko balio dezake.
“50 urtean egin da 5.000 urtean egin ez den aldaketa”
Propultsio mekanikoaren aurretik erabiltzen ziren tresnak aurkezten dituzu. Arrantzagaz loturarik ez duenak ulertuko al du liburuan kontatzen dena?
Horretarako daude marrazkiak. Testuan dauden zehaztasun denak interesekoak izango ez badituzte ere, marrazkien bidez ikusi dezakete arrantza nola egiten zen, tresna jakin batzuk nola erabiltzen ziren, eta abar. Irudi eta eskemek erakargarriago egiten dute liburua. Arrantzaleen Museoan aurkeztu zenean, liburua «sorpresa kutxa bat» dela esan zuen norbaitek: orriak pasa ahala gauza berezi ezberdinak aurkituz doa irakurlea.
Itsas gizon-emakumeen bizitza, tradizioa eta lanbidea asko aldatu dira?
Gauza asko aldatu dira, baina kontuan izan behar da aldaketak ez direla mende ezberdinen artean eman. Sistema baten edo besteren agerpena egon zen, baina ez aldaketa handirik. Aldaketa handiena propultsio mekanikoagaz etorri zen. 50 urtean egin da 5.000 urtean egin ez den aldaketa. Liburua garai horretan bukatzen da, aldaketa hori eman aurretik.
Ze aldaketa izan da esanguratsuena zure ustetan?
Zaila da bakarra esatea, adibidez, inork ezagutzen ez dituen espezie asko agertzen dira, lehen eguneroko bizitzarako beharrezkoak zirenak. Gaur, esaterako, argia izateko, giltzari eman eta lau bonbila pizten dira; lehen, berriz, arrain espezie jakin baten gibela urtu behar zen. Arrain hori egun ez denez behar eta ez denez arrantzatzen, ia inork ez du ezagutzen. Horrelakoak beste arlo askotan ere ematen dira. Arrantza sistemak ere aldatu egin dira: lehen egiten zena gaur egun ez du ia inork ezagutzen.
Zer nolakoa izan da liburua idazteko bibliografia edo ikerketa lana?
Urte askotako beharra izan da, baina oso aberasgarria. Museoko zuzendaria nintzela, nire eginbeharretako bat ikerketa lana zen. Ikerketa horiek egin eta pilatzen zihoazela ikusteak sortu zidan liburua idazteko kapritxo hori. Publikazio askotan banatutakoaren bilketa berezia egitea bururatu zitzaidan. Eta gerora, marrazkiekin jantziz joan nintzen.
Bermeo itsas gizon-emakumeen herria izanik, zuzeneko testigantzak jaso al zenituen?
Bai, liburuaren aurkezpenean esan nuen legez, nik denboraz ezagutu nuen mundu hori gertutik ezagutu zuen jendea, egun ez dagoelako ia inor bizirik. Txalupetan ibilitakoekin edota garai hartako errealitatea ezagutzen zutenekin hitz egiteko aukera izan nuen; batzuk beraien esperientzia pertsonalez mintzo ziren; beste batzuek beraien gurasoenak ere heralarazi zizkidaten. Zuzeneko testigantzak jasotzeko zortea eduki nuen, baina, horrez gain, beste iturri askotatik edan zuen neure ikerketa lanak: artxiboetatik, dokumentaletatik, publikazioetatik, aldizkarietatik.