Larrialdi zerbitzu egokiak bermatzeko neurriak hartzea eskatu dio udalak Osasun Sailari
Udalbaltzak larrialdi zerbitzuak bermatzeko beharrezkoa den pertsonala kontratatzeko, langileen ordezkapenak egiteko eta gaueko farmazia zerbitzua berrezartzeko eskaera helarazi dio Osasun Sailari.
Bermeoko anbulategiaren egoeragatik kezka agertu, eta pediatra nahiz larrialdi zerbitzu egokiak bermatuta egon daitezen eskatzeko mozioa aurteztu zuten Bermeoko Udalbatza osatzen duten hiru alderdi politikoek atzoko [urtarrilak 25] Osoko Bilkuran. Bermeon gaueko farmazia zerbitzua berrezartzeak duen garrantzia ere aipatu dute aurkeztutako mozioan.
Osasuna “edozeren aurrean zaindu eta babestu behar dela” esanda, bat etorri ziren EH Bilduko, Guzaneko eta EAJko ordezkariak. Bermeoko pediatra eta larrialdi zerbitzuak “kolokan” daudela eta herritarrak “kezkatuta eta haserre” daudela iragarri zuten. Bermeoko Udalak arazoari irtenbidea emateko “eragile ezberdinekin elkarlanean” aritzeko nahia azaldu, eta mozioa aho batez onartu zuten.
Osoko Bilkuran adierazi zutenez, Gabonetako egun batzuetan “Bermeoko anbulategian ez da medikurik egon larrialdi zerbitzuan”. Gainera, anbulategiko pediatren “gabezia” nabarmendu zuten mozioan, langileen oporraldiak eta bajak “ez direlako ordezkatzen”.
“Gauez osasun arazoren bat edukiz gero, Gernika-Lumora joaten jarraitu behar dugu”
Gaueko zerbitzua. Urteetan behin eta berriz egindako eskaera ere izan zuten mintzagai: Bermeon gaueko farmazia zerbitzua berrezartzea. “Gauez osasun arazoren bat edukiz gero, Gernika-Lumora joaten jarraitu behar dugu”. Izan ere, bertan dago Bermeo inguruan 24 orduko zerbitzua eskaintzen duen farmazia bakarra.
Udalbatzako hiru talde politikoek “bilera baterako deia” egin, eta hiru eskaera nagusi aurkeztuko dizkiete Osasun Sailari: Osakidetzak “lehen mailako arreta egokia” eta pediatra eta larrialdi zerbitzuak bermatzeko “beharrezko pertsonal guztia” kontratatzea; langileen oporraldiak eta bajak ordezkatzea; horiez gain, farmazien gaueko zerbitzua berrezartzea, “kalitatezko zerbitzua emateko”.
Aurrerapausoak aitortu. EAJko ordezkariek Bermeok bizi duen egoera “aspaldikoa” dela, eta herriko pediatrak “dagoen ume kopururako ez direla nahikoa” adierazi zuten. Hala ere, herrian ematen den egoerak arduratzen baditu ere, arazoa “orokorra” dela azpimarratu zuten, “pertsonal falta” dagoelako.
Jeltzaleek Osakidetza ematen den “aurrerapausoen balioa azpimarratu” nahi izan zuten: “Kanpoko titulazioak baliozkotzat jotzeko edota Enplegu Publikorako Eskaintzak ateratzeko ahaleginak egiten ari da”. Bide berean lanean jarraitzeko eskatu zioten Osakidetzari, “beharrezko zerbitzu guztiak eman ahal izateko profesional nahiko izatea posible izan dadin”.