Istripuen denetariko aurpegiak
Bide-segurtasunaren eta gidatze arduratsuaren garrantziaz ohartarazteko asmoz sortu zen ‘Don´t be Dummy - Zuk ez duzu ordezkorik’ kanpaina.
Errepidean geldigaitzak gara. Txikitatik bideojokoen kontsoletan azkarrena nor izango den neurtzen, eta helmuga zeharkatzen lehenengoa izateko askotariko trukoak egiten ikasten da: R botoia sakatuz derrapatu edo snakinga –bihurka ibiltzea– baliatuz gure autoa aurkariarena baino azkarrago joatea, besteak beste. Gero eta azkarrago, hobeto. Game Overrak betiko amaitu da esan nahi du.
Errepidean hartzen diren erabakien garrantziaz ohartarazteko sortu zen Don´t be Dummy – Zuk ez duzu ordezkorik kanpaina. Bizkai, Araba eta Gipuzkoako gazteei zuzendutako programa da, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak bultzatuta, 2017an sortua. Bide-segurtasunaren, gidatze arduratsuaren eta zirkulazioko istripuen prebentzioren sentsibilizazioa bultzatzea du xede. Helburua betetze aldera, euskal udalerrietako ekitaldietan aritzen da Dummy abatar birtual elkareragilea. Autoetako bidaiariek istripu bat emanez gero zelako kolpeak hartuko dituzten ezagutzeko ikerketak egiten dira. Ikerketa horietan erabiltzen den panpinetako bat da Dummy: “Aurrera eta atzera, gora eta behera, han-hemen talka aritzen naiz”.
Guztira 7.642 istripu izan ziren Bizkai, Araba eta Gipuzkoan 2022. urtean: bataz beste 21 istripu eguneko
Errepideak ez dira bideojokoa, eta istripuak saihestea ez dago Dummyren esku: “Zeure erabakia da zure ibilgailua nola eta zein egoeratan erabiliko duzun, edo zure lagunekin nola mugituko zaren”. Guztira 7.642 istripu izan ziren Bizkai, Araba eta Gipuzkoan 2022. urtean: bataz beste 21 istripu eguneko.
Eusko Jaurlaritzaren programan 15 eta 20 urte bitarteko gazteek parte hartzen dute, eta bermeotarren kasuan, Nestor Basterretxea aretoan elkartu ziren. Egitasmoak aurkeztutako informazioaren arabera, abiadura, alkohola, drogak eta distrazioak dira istripu gehienen zergatia: 25 urte azpiko 2.538 gazte egon ziren trafiko istripuetan inplikatuta 2022an. Distrakzioen gailurrean telefono mugikorraren erabilera dago. Mezu bat bidaltzeak 23 aldiz biderkatzen du istripu larri bat izateko arriskua: “Gazteen %43k WhatsApp erabiltzen du, gidatzen duen bitartean”.
Ezbeharrek askotariko soinu banda dute: laguntza deiadarrak, minaren ondorio diren garrasiak eta, askotan, isiltasuna. Larrialdietan lehen laguntza eman behar izaten duten lantaldeak bat datoz istripu batera iristean “zarata deigarriena isiltasuna dela” esatean: “Istripu batean auto batera hurbildu eta isiltasuna badago, zerbait larria gertatu da; pertsonak konorte gabe daude edo, are okerrago, hilda”.
Larrialdi zerbitzuak. Errepidean hartzen diren erabakien garrantziaz kontzientzia sortzea du jomuga programak, eta, horretarako, larrialdi zerbitzuetako langileen testigantzak aurkezten dituzte. Bermeon udaltzain, ertzain, Bermeoko Herri Babesako boluntario eta suhiltzaile banarena entzuteko aukera izan zuten institutuko ikasleek. Udaltzainak, autoaz eta motorraz gain, errepideetan egun aurkitu dezakegun beste ibilgailu bat nabarmendu zuen: patinete elektrikoa. “Duela lauzpabost hilabete, gazte bat patinete elektrikoan zihoan herriko kaleetatik, eta zebra bide batera iristean ez zuen ikusi bidea gurutzatzen zebilen neska bat. Biek ospitalean bukatu zuten”.
“Zuek zarete etorkizuneko gidariak, eta zuen esku dago istripu horiek guztiak gelditzea”
Udalerrian ematen diren istripuetan “bi faktore” gailentzen direla adierazi zuen: “Abidura eta distrazioak“. Patinete elektrikoek errepidetik joan behar dutela gogoratu, eta herrian astiro joateak duen garrantzia azpimarratu zuen, “istripu bat gertatuko bada, saihesteko aukera izan edo kalte pertsonal eta materialak ahalik eta txikienak izateko”.
Era berean, 2023an trafiko istripuak %4 handitu zirela iragarri zuen ertzainak. Errepidean erraz ikusteko moduko uniforme laranja jantzita, “errepide bazterretan” lan egiten duen ertzaina izatearen alde txarrena aurkeztu zuen: “Gure lanaren alderik gogorrena etxeetara joatea da, norbaitek istripua izan duela, ospitalean dagoela edo beste albiste txarragoren bat eman behar izatea”. Egiten dituzten kontrolak “gutxi” direla azpimarratu zuen, “istripu gehiegi” daudelako oraindik. Mugikorraren, alkoholaren, abiaduraren eta drogen eragina nabarmendu zuen beste behin, aretora bertaratutakoei zuzenduz: “Zuek zarete etorkizuneko gidariak, eta zuen esku dago istripu horiek guztiak gelditzea”.
Bermeoko Herri Babesak ere bere tartea izan zuen ekitaldian, eta beraien eginbeharra zein den azaldu zuen boluntarioetako batek: “Gure lana Gernikako suhiltzaileei lehen erantzun bat ematea da, eta horretarako suhiltzaileen bi kamioi ditugu Bermeon”. Istripu zehatzen bat gogoan ote duen galdetuta, gertuko zuen esperientzia kontatu zuen: stop bat gelditu gabe pasatu, eta auto gidari batek motorrean zebilen bere lagun bat harrapatu zuenekoa. Etorkizuneko gidariei gomendio bat ere, eman nahi izan zien: “Denok uste dugu oso trebeak garela gidatzen, den-dena kontrolpean dugula. Argi izan behar dugu errepideak ez direla zirkuitu itxia, eta ezbehar asko gerta daitezkeela. Astiroago bagoaz, frenatzeko eta onik ateratzeko aukera gehiago izango dugu”.
Suhiltzailea bere uniformearekin ikusi, eta haren lan esperientziak entzutean mutu geratu zen aretoa. “Errepideko istripu baterako deitzen digutenean, gure lana, normalean, txapa artean dagoen pertsona Osakidetzako lankideen esku lagatea da, ahalik eta egoerarik onenean eta ahalik eta azkarren”. Gauean, jai girotik etxera itzultzean, arreta berezia jartzeko eskatu zien entzuleei: “Norbaitek etxera eramango baldin bazaituzte eta norbanako hori edanda edo drogatuta badag, edo logura handia duela ikusten baduzue, errepidetik leku seguru batera irtetea gomendatu behar diozue. Hobe da hurrengo egunean iritsi, sekula ez iristea baino”.
Alaitz Arbilla: “Bizkaerrezur muina kable bat bezalakoa da; mozten bada ez da elektrizitatea pasatzen”
Hezur muineko lesioa. Lau urte zituen Alaitz Arbillak, auto istripua izan zuenean. Gosaria jaten zegoela, arropa lohitu, eskolarako autobusa galdu, eta amak eraman behar izan zuen: “Bide motza zen, herri batetik bestera”. Kotxeko atzealdean zihoan, segurtasun-uhalik eta umeen aulkirik gabe, “lehen ez zegoelako”. Kamioi baten kontra talka egin zuten. “Istripua nire lehen oroitzapena da: lurrean botata nengoen eta belarra ikusten nuen”, adierazi zuen. Arbillak hezur muineko lesioa zuen, eta geroztik gurpil-aulkian dago. Ama, denbora batez larri egon bazen ere, ospitaletik atera zenean fisikoki ondo geratu zen: “Fisikoki diot, alabak berriro oinez egingo ez zuela esan ziotenean konpondu ezinezko kaltea sortu zitzaiolako”.
Istripuak bere bizitza osoa aldatu zuen eta “oso gaizki” pasatzen zuen eskolan, inork ez zuelako beragaz jolastu nahi. Amari leporatzen zion bera egoera horretan egotea: “Astakeriak esan izan dizkiot amari, eta berak sekula ez dit ezer esan; suposatzen dut erredun sentitzen zela. Izugarri damutzen naiz”, azaldu zuen. Amonak bere lesioaren garrantzia onartzeko izan zituen zailtasunak ere ekarri zituen gogora Arbillak. Izan ere, biloba berriz ere ibiliko zen itxaropenez zendu zen amona: “Ez zuen ulertzen nire lesioa sendaezina dela. Bizkarrezur muina kablea bezalakoa da: mozten bada, ez da bertatik elektrizitatea pasatzen.
Arbillarentzat bere ama izan zen istripuko biktima nagusia, eta argi du gertatutakoa despiste hutsa izan zela. Gogoeta egitean, despisteak errepidean “oso garesti” ordaintzen direla nabarmendu zien gazteei: “Ezin da denboran atzera egin eta gauza modu berri batean egitea erabaki; dagoena dago eta kitto“. Ez daki bere lesioa zergatik sortu zen: ez daki kolpeagatik izan zen, edo laguntzen hurbildu ziren pertsonei, “lurrean botata eta odolustuta” ikusi zutenean, otu zitzaien lehen gauza esku artean hartzea izan zelako. “Kolpe bat egon bada, pertsonak konortea badu eta arnasten ari bada, ez dugu ukitu behar; anbulantzia iritsi arte itxaron behar dugu, beraiek jakingo dutelako nola mugitu eta zelan lagundu”.
Dummyk azken gogoeta bat egitea eskatu zionean, kontzientzio beharra azaldu zien: “Errepidean, sarritan, ez dago bigarren aukerarik, eta zuk ez duzu ordezkorik”. Ez zaitez txotxongiloa izan leloa azpimarratuz borobildu zuten saioa.