"Urdaibai erreferentziazko jomuga ekoturista gisa" aurkeztu da Fitur azokan
Ekoturismoaren filosofiarekin bat datorren esperientzia turistikoan oinarritutako ‘Urdaibai Basque Reserve’ markaren posizionatze berria aurkeztu dute Madrilgo Fitur azokan. Besteak beste, otsailaren 18an Gernikako Jai Alai frontoian jokatuko den Eusko Label Winter Series txapelketako final handian estreinatuko duen 'Bueltatuko zara' kanpaina berriaren ikus-entzunezkoaren aurrerapena proiektatu dute.
Urdaibaiko turismo-kudeaketaz arduratzen den Urremendi Landa Garapen Elkarteko ordezkariak Fitur Nazioarteko Turismo Azokan daude egunotan, eta “Euskadiko Biosfera Erreserba bakarrak eskaintzen duen askotariko esperientzia-eskaintza” balioan jartzea eta sustatzea dute helburu.
Atzo hasi eta domekara bitartean izango da azoka, Madrilen, eta Aitziber Ansotegi Urremendi Landa Garapen Elkarteko gerenteak Urdaibai Basque Reserve markaren posizionatze berria aurkeztu zuen, ekoturismoaren filosofiarekin bat datorren esperientzia turistikoa eskaintzen duena: “Ondare natural, kultural zein historiko, ibilbide, ostatu, aisialdi eta gastronomia arloan eskaintzen dituen proposamen turistikoak ezagutarazteaz gain, Turismo Urdaibaik bere posizionamendu berria aurkeztu du, berezko dituen jasangarritasun- irizpideetan aurrera egiten duena eta turismo arduratsu eta kontzientea bilatuz, tokiko biztanleriaren garapenean eta bere herrietako espazio naturalen eta bizimoduen kontserbazioan lagunduko duena”.
Horrez gain, aurkezpenean otsailaren 18an Gernikako Jai Alai frontoian jokatuko den zesta puntako Eusko Label Winter Series txapelketako final handian estreinatuko duen Bueltatuko zara kanpaina berriaren ikus-entzunezkoaren aurrerapena eskaini zuten. “Urdaibai protagonismo berezia izaten ari da Euskadiko estandak aurkezten dituen berrikuntzen artean”.
Ansotegik azpimarratu zuenez, Urdaibai, lurraldeko natura- eta kultura- ingurunea aintzat hartzeko eta errespetatzeko “zalantzarik ez duten pertsonei” zuzenduta dago. Posizionamendu aldaketaz haratago, etorkizun “jasangarriago batekin daukaten konpromisoaren ospakizuna” dela adierazi zuen, Urdaibairen “arimarekin konektatzeko” gonbidapena.
“Ekoturista dinamikoa eta adeitsua da, eta esperientzia pertsonalizatua eta kalitatezkoa baloratzen du. Jomuga ez ezik, etxea deitzen dioten pertsonak ere estimatzen dituzte. Euren arimaren zati bat eskualdean uzten duten pertsonak dira, itzultzeko itxaropenarekin, bisita huts batetik baino haratago doaz, Urdaibaiko aberastasun kultural eta naturalari beraien ekarpena eginez”, azaldu zuen Urremendi LGEren gerenteak.
Ildo horretan, eskualde osoak, “erakunde ofizialek, enpresek eta herritarrek” eskualdea zaintzeko daukaten konpromisoa eta inplikazioa azpimarratu zuen. Erantzukizuna partekatua dela zehaztu zuen: “Urdaibairen kontserbazioan aktiboki parte hartzen dute eta garapen-eredu orekatua babesten dute. Horren erakusle dira 2021etik Urdaibaiko 40 enpresa turistikoak Turismo Jasangarriaren Europako Gutunarekin (TJEG) bat egin dutenak”.
Urdaibaik bost agertokitan egituratutako “errelato turistikoa” aurkeztu du azokan: padurak, itsasoa, mendiak, herriak eta ondarea: “Agertoki horiek Urdaibai osatzen duten geruza naturaletan oinarrituta daude, eta Urdaibai Basque Reserve marka turistikoan daude barneratuta”.
Bestalde, Segitur Turismo Berrikuntza eta Teknologiak Kudeatzeko Estatuko Sozietateak jomuga digital eta jasangarri gisa egiaztatzeko ematen duen Jomuga Turistiko Adimendunaren (DTI) bereizgarria jaso zuen Urdaibaik: “Bereizgarri horrek Urdaibaik DTI helburutzat hartzeko estandarrak eta irizpideak betetzen dituela aitortzen du”. Ager Lejarreta Urremendi LGEko presidenteak eta elkarteko gerenteak parte hartu zuten ekitaldi horretan, eta Ana Morillo Rodriguez Espainiako Gobernuko Estatuko Turismo Idazkaritzaren eta Enrique Martinez Marin Segiturreko presidentearen eskutik jaso zuten bereizgarria.
Lejarreta pozik agertu zen, eta Urremendik berrikuntza ardatz guztiak eta teknologia turistikoak kudeatzen jarraituko duela esan zuen, “Urdaibaiko kalitate turistikoa etengabe hobetzen jarraitzeko”. Bere berbetan, pauso garrantzitsua da, “turismo-garapenaren abangoardiako jomugen taldeko kide” izateko aukera ematen duelako: “Gobernantza, jasangarritasuna, irisgarritasuna, berrikuntza eta teknologia ardatz dituen etorkizuneko estrategian aurrera egingo dugu. Urdaibaiko eragile publiko eta pribatuen lankidetza eta inplikazioari esker ezarri ahal izan da DTI metodologia. Eragile horiek lagundu egin dute jomuga ebaluatzeko beharrezkoa den informazioa ematen”. Jakinarazi dutenez, 97 baldintza eta 261 adierazle aztertu dituzte, DTI izateko funtsezko parametro guztiak.
Gogoratu dute Urremendi Landa Garapen Elkartea Jomuga Turistiko Adimendunen Sareko kide dela 2023ko azaroaren 20az geroztik: “Jomuga gisa eraldatzeko apustuaren adibidea da, orain Jomuga Turistiko Adimendunaren metodologia ezarriz gauzatu dena”.