Salica enpresako langileek epaitegietara jo dute
Epaia aldekoa zein kontrakoa izan langileek «kalean jarraituko» dutela eta Aldi Baterako Enplegu Erregulazioko Espedienteak Bermeon «eragingo» duela aurreratu dute.
Bermeoko Salicako langileak manifestazioan bildu dira gaur [urtarrilak 24] arratsaldean, beste behin bizi duten egoera salatzeko. Epaitegietan demandak aurkeztu dituzte, eta prozeduraren hurrengo pausoak itxaroten ari dira: «Sindikatu guztiak batu dira demandetara, eta prozesua apur bat atzeratu egin da».
Epaitegietako erantzunaren zain dauden arren, argi dute epaia aldekoa zein kontrakoa izan «kalean egongo» direla: «Salicako egoera ez da gure errua, gu lan egiteko prest gaude, gure kontratuak lan egiteko dira».
Enpresak «azken hamar urteetan irabazi handiak» izan dituela azpimarratu dute langileek, eta «urte bat apur bat txarragoa» izatea langileek ordaindu behar izatearen kontra agertu dira: «Irabaziak egon direnean horiek ez dituzte langileekin banatu».
Albacora taldekoa da Salica kontserba enpresa, eta langileek azaldu dutenez, orain arte Salicako gerentearekin batzartu izan dira negoziatzeko asmotan, eta «orain Albacora esku-hartzen hasi da, bere interesak defendatzeko».
“Honek herrian eragin handia izango du, merkataritza eta ostalaritzan bereziki»
2023a Aldi Baterako Enplegu Erregulazioko Espedientea (ABEEE) ezarrita eman zuten, eta 2024rako beste bat ezarriko zietela iragarri zieten azaroan. Salicak saltzen duena baino gehiago ekoizten duela izan zen enpresak langileei emandako argudioa: «Salmenta arazoa ezin dute langileek ordaindu. Agian produktuak beste hobekuntza batzuk behar ditu: prezioa, kalitatea… Gu latak egiteko gaude, eta gure lana ondo egiten dugu».
ABEEEak 173 langileri eragiten diola gogoratu dute: «Bermeo gurekin dagoela antzematen dugu, baina honek herrian eragin handia izango du, merkataritza eta ostalaritzan bereziki». Salican «bikoteak, familia gurasobakarrak, ama ezkongabeak eta abar» daudela, eta soldatarekin aurrera egitea «zaila» bazen, egoera honetan «ia ezinezkoa» dela nabarmendu dute.
Langileen ordezkariek azaldu dute behargin gehienek 20 urte inguru daramatzatela enpresan, eta oraindik langabezia daukatela, baina badela langabezia amaitu zaionik ere. «Epaia langileen aldekoa bada, enpresak langileek orain arte ordaindutakoa –langabezia, Gizarte Segurantza…– itzuli beharko du, bestela egungo egoera berean borrokan jarraitzeko asmoa daukagu».