Parte hartze zabalagaz antolatuta datoz San Polikarpo jaiak
Gautegiz Arteagako San Polikarpo jaiak ospatzeko, "tradizioari eutsi, umeek gozatzeko hainbat jarduera eskaini eta kirola bultzatuko" dituzte bihartik domekara bitartean. Besteak beste, lehenengoz antolatu duten pala txapelketaren finalak jokatuko dituzte zapatu goizean, eta azkenengo egunean, berriz, San Polikarpo Herri Lasterketa.
Gautegiz Arteagako bizilagunek San Polikarpo patroiaren jaiak ospatuko dituzte datozen egunotan. Tradizio herrikoi handiko jai egunotarako udalak herriko eragileen parte-hartzeagaz, “gustu eta adin guztietarako” ekintzak prestatu ditu, tartean, lehenengoz jokatzen ari diren pala txapelketaren finalak.
Patrik Saitua Betanzos Gautegiz Arteagako alkatearen berbetan, “asteburu oso bat” antolatu dute. Barikutik domekara, askotariko eta adin guztietarako jarduerak izango dituztela azpimarratu du. “Garrantzitsua da belaunaldi berriei herri-sentimendu hori transmititzea. Tradizioei eusten diegu, meza nagusiagaz eta krosagaz, haurrek gozatzeko hainbat jarduera antolatzen ditugu horiei lehentasuna emanez, eta gure kirola bultzatzen dugu”.
Esate baterako, bariku arratsaldean Lea Ibarra Motrollo Pelota Elkarteak antolatuta, esku pilota jaialdiaz gozatzeko aukera izango da frontoian. Umeen bi partiduren ostean, Euskal Ligako emakumezkoen txanda izango da; Arrizabala-Gaminde eta Aldai-Bergara lehiatuko dira. Gizonezkoen lau t’erdikoan, berriz, Bakaikoa eta Senar Agirreren eta Alberdi II.ren kontra ariko dira. Sarrerak Herriko Tabernan zein Egala tabernan erosi daitezke 10 euroko prezioan.
San Polikarpo Eguneko mezaren ostean, herriko jaietan hutsik egin ezin duten herriko dantzariak izango dira protagonistak. Artie Dantza Taldearen saioa amaituta, hamaiketakoan elkartuko dira herritarrak, Urrutia anaien trikiti hotsagaz lagunduta.
Eguna borobiltzeko ardura Xaiborrena izango da, bere Disko Festagaz dantzan ipiniko ditu ume zein nagusiak.
Zapatu goizean Pala Txapelketaren finalak jokatuko dituzte. “Iaz Gautegiz Arteagako Pilota Kluba sortu ondoren sortu zen Pala Txapelketa, eta ekitaldi hau herrian errotzea espero dugu”, azaldu du alkateak. Klubean Urdaibaiko 20 bat federatu daude.
Gomazko pala txapelketan bost bikote aritu dira, eta Igor Sierra-Ander Unda eta Ibon Larrinaga eta Karlos Alzola bikoteak sailkatu dira finalera; zapatuan 11:00etan lehiatuko dira. Pala motzean, ostera, lau bikotek izena eman bazuten ere, lesioaren ondorioz, bikote batek ezin izan du txapelketa amaitu. Jon Ibañez-Jon Urturi eta Unai Arrizabalaga-Paul Solaguren bikoteek jokatuko dute finala, 12:00etatik aurrera.
Arratsaldean, ostera, umeek eta gaztetxoek eskulan eta esperimentuak egingo dituzte. Umeei eta gaztetxoei zuzendutako Goazen jolastera programa iazko udazkenean sortu zuten. Hain zuzen ere, udal gobernuarentzat kultura sustatzea da agintaldiko lehentasunezko ardatzetako bat, eta kultur eta aisialdi eskaintza interesgarria osatzeko konpromisoaren bidetik, udalak eta Aretxederreta Kultur Etxeak 3 eta 12 urte bitarteko umeei zuzendutako Goazen jolastera dinamizazio-programa diseinatu zuten.
Alkateak azpimarratu du “erantzuna oso ona izan dela eta parte hartze handia” izan dutela: “Jendea kalera irtetzea eragin du, bai umeak bai gurasoak, eta zapatuetan herri giroa egotea. Martxoan amaituko dugu, baina aurrerantzean ere errepikatuko dugu, seguru. Martxoan joste-tailerra eskainiko dugu, familiei zuzenduta. Hainbat saio egingo ditugu zapatu arratsaldeetan Kultur Etxean. Gure asmoa zapatu arratsaldeko tarte hori betetzea da, eta jendea kalera irtetzea eta eurentzat ekintzak ematea, herri bizia izateko”.
19:30etik aurrera, berriz, Gora Bihotzak! ikuskizuna eskainiko dute, udal frontoian, doan. Eidabe konpainiaren antzerki musikala koloretsua eta animatua da, eta “bertaratutako pertsona guztiak koreografiekaz dantzan jartzeko asmoagaz datoz”. Euskarazko ikuskizun horretan beste hizkuntza batzuetako abestiak ere biltzen dituzte.
Herri lasterketa. Hala, elkarlanaren erakusle ere bada San Polikarpo Herri Lasterketa, udalak, Montorre Herri Eskolako Gurasoen Elkarteak, Gartiape Kirol Klubak eta Gaztelu Zar txokoak bat egiten baitute antolakuntzan.
Domekan 10:30ean hasiko dute ume eta gaztetxoek, Gaztelu Zar txokoan. Hiru-adin tartetan banatuko dira, “adinei egokitutako ibilbideekin”; lehenengo, 2 eta 5 urte bitartekoak aterako dira, gero, 6 eta 8 urte artekoak eta, azkenengo txandan, 9 eta 11 urte bitartekoek egingo dute arineketan.
11:15ean izango da helduen txanda. 5,5 kilometroko krosa lehiatuko dute. “Amaieran guztiek hamaiketakoa izango dute”.
Lasterketan parte hartzeko beharrezkoa da izena ematea, eta umeek 2 euro ordaindu behar dituzte eta, helduek, berriz, 8 euro. Aurretiaz izena eman gura dutenek Kultur Etxean, Herriko Tabernan eta Egala tabernan eta artiaamt@gmail.com helbide elektronikoaren bidez egin dezakete. Domekan bertan ere izena eman ahalko da, 09:30etik aurrera.
EGITARAUA:
BARIKUA (URTARRILAK 26)
- 12:00. Meza Andra Mari elizan.
- Ostean. Artie Dantza Taldearen emanaldia eta hamaiketakoa.
- 13:30. Trikitixa Urrutia anaiekin.
- 17:45. Esku pilota jaialdia
- Umeak: Urtaza-Peña vs. Barrena-Iglesias / Leiza-Etxano vs. Gantxegi-Dudagoitia
- Euskal Liga: Arrizabalaga-Gaminde vs. Aldai-Bergara
- Bakaikoa-Senar vs. Agirre-Alberdi II
(aurresalmenta Egala eta Artea tabernetan, 10 eurotan).
- 20:30. Xaiborren disko festa.
ZAPATUA (URTARRILAK 27)
- 11:00. I. San Polikarpo Pala Txapelketaren finalak.
- 17:30. Goazen jolastera.
- 19:30. Gora Bihotzak antzerki musikala, frontoian.
DOMEKA (URTARRILAK 28)
- 10:30. San Polikarpo Herri Lasterketa, Gazteluzar txokoan hasita.