Kostaldeari buruzko Legean egindako aldaketari errekurtsoak aurkeztu dizkiote
Guggenheim Urdaibai Stop plataformak eta Zain Dezagun Urdaibai elkarteak Espainiako Trantsizio Ekologikorako eta Erronka Demografikorako Ministerioak Kostaldeari buruzko Legean egindako aldaketari errekurtsoak aurkeztu dizkiote. Bestalde, Elixabete Etxanobe Bizkaiko Ahaldu Nagusiak eta Iñigo Urkullu lehendakariak adierazi dute bi urteko epea hartuko dutela proiektua bideragarria den aztertzeko. Etxanoberen berbetan, "eskualdeak lehiakortasun-eredu propioa behar du".
Guggenheim Urdaibai Stop plataformak errekurtsoa jarri dio Espainiako Trantsizio Ekologikorako eta Erronka Demografikorako Ministerioak Bizkaiko Foru Aldundiaren eskariz Kostaldeari buruzko Legean egindako aldaketari: “Urtarrilaren 19an, Guggenheim Urdaibai Stop plataformak errekurtsoa aurkeztu zuen Auzitegi Nazionalean itsas-lehorreko jabari publikoaren mugaketaren berrikuspenaren harira”.
Zain Dezagun Urdaibai elkarteak ere administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu zuen egun berean Auzitegi Nazionalean, ministerioak Muruetako itsasertzaren babes-zortasuna murrizteko hartutako erabakiaren aurka: “Erabaki horren bidez, egungo ontziola ekipamendu turistiko bihurtu nahi da, elite jatetxea barne duelarik, museoaren mozorroa erabiliz, New Yorkeko Guggenheim frankiziak kudeatua izateko”.
Guggenheim Urdaibai Stop Plataformatik azaldu modura, 2023ko urriaren 19ko Ministro Aginduak murriztu egiten du gaur egun Astilleros Murueta SAdagoen kosta-zatiaren babes-zortasuna, 100 metrotik 20 metrora. Horregatik, proiektuaren aurka lanean diharduen plataformak Ministerioaren Aginduaren aurkako errekurtsoa jarri du administrazioarekiko auzien egoitzan, “agindu hori deuseztatzeko eta 100 metroko babes-zortasuna berriz deklaratzeko” eskatu asmoz, Kostaldeari buruzko uztailaren 28ko 22/1988 Legean xedatzen den bezala: “Gogoan izan behar da Bizkaiko Foru Aldundia hainbat araudi aldatzen ari dela Guggenheim Urdaibai proiektuaren barruan aurreikusita dituen bi museoak biosfera-erreserbaren barruan kokatzeko, indarrean dagoen araudiak ez diolako proiektu museistikoarekin aurrera egiteko biderik ematen”.
Alde batetik, babes-zortasuna aldatzeko eskariari buruzko ebazpenaren berri izan zuten iazko azaroaren 21ean: aldundiak 2021eko urriaren 8an eskatu bezala, Trantsizio Ekologikorako eta Erronka Demografikorako Ministerioak onartu egin zuen babes-zorra 20 metrora murriztea: “Hala, ontziolaren gaur egungo kokalekuan makroproiektuaren bigarren eraikina kokatzeko aukera ireki zuten. Horrekin, baina, ez zuten nahikoa; museoaren egoitzetako bat han eraikitzeko, ezinbestekoa zuten lurzoruaren kalifikazioa aldatzea. Hain zuzen ere, horretarako urriaren 9an Muruetako Hiri Antolamendurako Plan Orokor (HAPO) berriaren proposamena argitaratu zuten Bizkaiko Aldizkari Ofizialean (BAO). Horren arabera, ontziolaren kokaleku diren lursailak industria-lur izatetik ekipamendu-lur izatera igaroko lirateke. Aldaketa hori egitea lortuko balute, proiektuaren sustatzaileek beren asmoekin aurrera egiteko ezinbestekoak diren bi baldintzak beteko lituzkete: beharrezkoa den espazio fisikoa eta lurzoruaren kalifikazio egokia”. Baldintza hori betetzen dutela eragozteko, Guggenheim Urdaibai Stop plataformak kalifikazio-aldaketa horren aurkako alegazioa aurkeztu zuen iazko abenduaren 11n.
Plataformatik berretsi dute gaur egun indarrean dauden legeekin “ezinezkoa” dela Guggenheim Urdaibai proiektua gauzatzea eta, beraz, proiektua “legez kanpokoa dela”. Bakoitzak bere ardurak bete ditzala eskatu dute, beste behin: “Muruetako Ontziolak kutsatu dituen lurrak garbitu eta 5 urtez kontzesio barik okupatzen duen eremua padurari bueltatu diezaiola. Administrazioek, sarritan aipatzen duzuen bezala, Biosfera Erreserbaren errestaurazioa eta naturalizazioa bultzatu eta naturari zor diotena bueltatu. Arduraz egin dezatela, 40 urtetan egin ez den bezala”.
Bideragarritasuna. Atzo Elixabete Etxanobe Ahaldun Nagusiak eta Iñigo Urkullu lehendakariak adierazi zuten bi urteko epea hartuko dutela “proiektua bideragarria den aztertzeko eta beste alternatibarik dagoen hausnartzeko”.
Gaurko Gobernu Kontseiluaren osteko prentsaurrekoan, Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzaren bozeramaile eta Kultura sailburuak azaldu du Bilboko museoaren patronatuak abenduan erabaki zuela momentu honetan esku artean dituzten lanekin jarraitzea, eta horiek bi urteko epean bukatuta edukitzea, “azken erabakia hartzeko”.
Eginkizun horien artean daude proiektua indarrean dauden arauetara egokitzea, arau urbanistikoren bat aldatu behar balitz, egin beharreko aldaketak egitea, eta baita ere eginkizun dago kutsatuta dauden lurren berreskurapena, erabiltzen ez diren industria gunean eraistea–Dalia frabrika izandakoa–, proiektuak beharko duen inbertsio plana zein egin osteko kudeaketa plana zehaztea: “Gogoratu behar da Bilboko museoaren anpliazioaz hitz egiten ari garela, ez gauza berri batetaz. Horiek dira patronatua eta erakundeak lantzen ari garen gaiak. Patronatuak horren guzti horren garapena eta egokitzapena egin eta gero aztertu beharko du, eta azken erabakia hartu”.
Plataformakoen iritziz, proiektua ez da bideragarria: “Gobernantza zakarki erabiliz, inposizioan oinarrituz eta herritarren lepo bururatutako proiektu bat ez da bideragarria. Karga-gaitasuna guztiz gainditua duen biosfera-erreserba batean lau hilabeteko epean 144.000 bisitari sartu nahi dituen proiektu bat ez da ez bideragarria, ez onargarria”. Hasieratik herritarren partaidetza “albo batera” utzi eta erabakiak Guggenheim Fundazio pribatuaren “esku” uzten dituen proiektua ez dela bideragarria zehaztu dute. Eta, era berean, gaineratu dute eskualdeak dituen beharrizan errealei “ez ikusia egin” eta museo pribatu baten beharrizanak “lehenesteak” ere bideragarria ez dela erakusten duela. Eurentzat bi urteko etenaldia “ez da onargarria, ez da nahikoa”. Gogoratu dutenez, proiektua “behin betiko bertan behera gelditu arte” plataformatik lanean jarraituko dute, eta “beharrezkoak diren urratsak” emango dituzte, bai kalean, herritarren eskutik, bai epaitegietan, “legea lagun duten bitartean”.
Guggenheim Urdaibai Stop Plataformatik berretsi dute Busturialdeak “seriotasunez egindako” proiektu sozioekonomiko bat merezi duela, eta jarduera sozioekonomikoen egokitzapen eta garapenerako egitaraua berreskuratzea proposatu dute
Eskualdeak seriotasunez egindako proiektu sozioekonomiko bat merezi duela azpimarratu dute, eta horri dagokionez, plataformakoek proposamen zehatza daukate: Jarduera sozioekonomikoen egokitzapen eta garapenerako egitaraua berreskuratzea. “Egitarau hori aho batez onartu zuen Eusko Jaurlaritzak, eta bada garaia behingoz horri heltzeko eta azkeneraino garatzeko”.
Bizkaiko Ahaldun Nagusiak nabarmendu duenez, ingurumen-jasangarritasuna izan behar da Busturialdean egiten den “edozein garapen-jarduketaren ardatza”
Etxanobek eta Urkulluk eskualdeko plan estrategikoen garapena eta planak hedatzeko aukera aztertu zituzten atzo. Bizkaiko Ahaldun Nagusiak azaldu zuen plan horien helburua dela gizartean “garapen orekatua” sustatzea eta eskualde batzuetan aurrerapena beste batzuetan baino motelagoa izatea “saihestea”. Horregatik, bien ustez, erakundeen arteko lankidetzarako eredua Busturialdea “biziberritzeko” ere erabili daiteke.
Etxanobek adierazi bezala, Busturialdean dago Araba, Bizkai eta Gipuzkoako biosfera-erreserba bakarra, eta, beraz, “lehiakortasun-eredu propioa” behar du, eskualdean bizi diren 46.000 pertsonen ongizaterako irtenbideak eskaintzeko, “garapen ekonomikoa sustatuta eta aukerak sortuta”. Nabarmendu zuen ingurumen-jasangarritasuna izan behar dela Busturialdean egiten den “edozein garapen-jarduketaren ardatza”. Lehentasunezko jarduketa-eremuen artean, jarduera ekonomikoa, turismo jasangarriaren garapena, dinamizazio kulturala, ur-hornidura eta saneamendua eta komunikazioak aipatu zituen.
ELA Sindikatuaren ordezkarien arabera, atzo jakinarazitakoarekin Eusko Jaurlaritzak “arrazoia eman” die Urdaibai inguruko eragile sozialei eta sindikatuei; horiek eskualderako diseinatutako Guggemhein proiektua “bidegabekeria” dela salatu dute hainbat mobilizaziotan.
Proiektuaren bideragarritasuna aztertu eta hausnartzeko aurreikusi dituzten bi urteetan herritarren eta eskualdeko eragileen parte hartzea bermatzeko eskatu dute sindikatutik, hausnarketa prozesu horretan, eskualdeak nahi duen eta behar duen etorkizuneko proiektua “denen artean birpentsa dadin”.
Azpimarratu dutenez, transizio ekosozialaren printzipioetan oinarritutako etorkizuneko proiektua behar du Busturialdeak, “pertsonak eta bizitzak erdigunean jarri, planetaren mugak errespetatu, eta negozio handien mesederako baino, herritarren ongizaterako pentsatuko dena”. ELAk norabide horretan lanean jarraituko duela adierazi dute, eskualdean trantsizio ekosoziala bideratzeko proiektuak bultzatuz: “Akats larria da eskualdeak behar duen etorkizuneko proiektua turistifikazioan eta azpiegitura handietan oinarritzea; beste herrialdeetan izaera horretako apustuek herritarrei ekarritako galerak ikustea besterik ez dago”.