Etxeetako suteak murrizteko kontzientziazio ikastaroen beharra azpimarratu du Bermeoko Herri Babesak
Boluntarioek askotariko lanak egin zituzten urtean zehar egindako 309 irteeretan. Tenperaturek gora egitean "gas-ihes gehiago" ikusiko direla iragarri dute.
Bermeoko Herri Babesak 2023 urteko balantzea egin du. Boluntarioek guztira, 309 irteera egin zituzten, askotariko lanak aurrera eroanez. Irteera gehienak – 38– fatxada, balkoiak edo teilatuak erori edo erortzeko arriskuan egoteagatik izan badira ere, Jon Ojanguren Herri Babesako koordinatzaileak etxeetako suteak nabarmendu ditu: “Balantzea ez da espero genuen bezain ona; uste genuen iaz suteak gehiago murriztea lortu ahalko genuela, bereziki sukaldeetan ematen direnak”. Suteak direla eta, 36 irteera egin zituzten iaz, ia erdiak sukaldeetan piztutakoak izanik: “Azken bi urteetan berdin mantendu gara; irteera kopurua berdintsua da”. “Kontzientziazio ikastaro gehiago egiten saiatu beharko gara, sukaldeen gaia pixka bat gehiago kontrolatzeko”.
Instalazio-elektriko eta linea elektrikoak direla eta izandako 5 irteerak azpimarratu ditu Ojangurenek, “konpondu beharreko gaia” dela adieraziz: “Instalazio elektrikoak guztiz ondo ez dauden hainbat toki dauzkagu herrian, Alde Zaharraren zati batean, adibidez. Beste linea elektriko batzuk ere badauzkagu, Salica parean esate baterako, zuhaitzen artean sartuta. Hori guztia garbitu egin behar da“.
Jon Ojanguren: “Aldundiak bide orokorra hartzen du, baina baserrietara doazen bideak eta bestelakoak guk artatu behar izaten ditugu”
Gaztelugatxeko San Juanera egindako irteerak ere aipatu ditu koordinatzaileak: “Irteera horiek askotarikoenak izan daitezke, hala nola, SOS Deiakek edo suhiltzaileen zentralak ematea haustura edo golpe bat izan dena abisua; edo, bestela, zerbait larriagoa izatea, bihotzekoren edo beste sintoma batzuk izatea, esaterako”. Era berean, eroritako zuhaitzak kentzeko irteerak ere egin zituzten: “Zentsu horretan dugun arazoa zera da, aldundiak bide orokorra hartzen duela, baina baserrietara doazen bideak eta bestelakoak guk artatu behar izaten ditugu”. Eroritako zein erortzeko arriskuan zeuden zuhaitzak kentzeko 22 irteera egin zituzten 2023an.
Gas-ihesek duten arriskua azpimarratu gura izan du Ojangurenek: “13 irteera izan ditugu, eta kontuan hartu beharreko faktorea da”. Gas-ihesa txikia bada, “haizeak uxatu” dezake, baina, handia bada, “gas-poltsak” sortu daitezke: “Eztanda egin dezake“. Tenperaturek gora egitean, “gas-ihes gehiago” ikusiko direla aurreratu du, gure animalien arduradun egin behar garela nabarmentzerarekin batera: “Animaliek gasaren tuboa sartzen den zorrotenean pixa egiten dute eta, gainean ura bota ezean, oxidazioan eragiten du”. Larria izan zitekeen eskola baten aurrean izandako irteera ere ekarri du gogora Ojangurenek: “Gas-ihes garrantzitsua izan zen, hainbat eta hainbat ume zein guraso biltzen diren lekuan. Pixaren gainean momentuan ura botata ekidin zitekeen egoera izan zen”.
Praktikak eta txostenak. Askotariko irteetak egin dituzte boluntarioek praktika lanetan, guztira 32 izan dira. “Guztiz altruistak” diren 20 bat boluntariok osatzen dute Bermeoko Herri Babesa, ohikoena lanean 12 bat elkartzea bada ere. Praktika irteeretan desagertutako pertsonen bilaketa lanak edo denboraleak daudenean erantzuna eskatzen duten egoeretan trebatu dira bolondresak. Irteerez harago, urtean zehar hainbat txosten ere gauzatu zituzten, hala nola, ibaien egoeraren, herriko oinezkoentzako pasabideen, edukiontzien, biribilguneen edota eraikinen ingurukoak. Gainera, herrian egon daitezkeen bestelako arriskuak ere ikertu zituzten: sarrerak, egiturak, eraikuntzak, eta abar.
“Europan suhiltzaile bolondresen taldeek oso ongi funtzionatzen dute, ea hemen kendu egin nahi dituzte”
Aurrekontu mugatua. Bermeoko Herri Babesak udaletik jasotzen duen laguntza “txikia” dela nabarmendu dute: “Aurrekontu mugatua dugu, eta ezin ditugu suaren aurkako trajeak erosi; batzuetan, geure burua arriskuan jartzen dugu“. Duela hamar bat urte aldundiak utzitako suhiltzaileen trajeekin aritzen dira, baina “nahiko hondatuta” daude: “Sute batean gu ez erretzea ekarriko duen arroparen bila gabiltza, eskean nolabait. Urtean 6.000 euroko aurrekontua baldin badugu, ezin dugu suaren aurkako erroparik erosi. Izan ere, hamar pertsonentzako arropak 4.000 euro edo gehiagoko kostua izango luke, eta aurrekontuaren zati handi bat jango genuke, bestelako material batzuk gabe geldituz. Dena eduki nahi dugu, baina mugez kontziente izatea ezinbestekoa da”.
Beraien lana ondo burutu ahal izateko “eskean” aritu behar izaten direla gogoratu du Ojangurenek: “Bi kamioi ditugu: bata, duela 20 bat urte Repsolek donazioan emandakoa; bestea, aldundiak utzitakoa”. Bigarrena aldundiak berak ordaintzen du, baina bigarrena Herri Babesaren izenean dago, eta gastuak beraiek ordaindu behar izaten dituzte. “Dauzkagun ibilgailu denak eskean ibiliz lortu ditugu: kamara termikoa, arnesak, desfibriladorea… enpresei eskatzen ari gara, eta gauza asko oparitu egin dizkigute”. Bermeon bizi duten egoera Europako bestelako suhiltzaile bolondresek pairatzen duten egoerarekin alderatu du koordinatzaileak: “Bermeon ia-ia erreguz mantendu dugu 30 bat urtez parkea, mugako egoeretan eta askotan baliabiderik gabe. Europako bestelako lekuetan horrelakorik ez da gertatzen”.
“Ez da logikoa prestakuntzarik ez duen pertsona bat sute batera bidali behar izatea”.
Araudi berria. Boluntario beteranoek suhiltzaileen ikastaroa egin zuten aspaldi, eta “guztiz gaituak daude”. Boluntario gazteenak, berriz, “aldundiaren oinarrizko formakuntza jasotzen dute, “guk hitzaldietan erretiratuei ematen diegunaren antzekoa”: “Ez da logikoa prestakuntzarik ez duen pertsona bat sute batera bidali behar izatea”.
Eusko Jaurlaritzak ateratako araudi berriak “Europatik urruntzera” daramatzala salatu du Ojangurenek: “Europan suhiltzaile bolondresen taldeek oso ongi funtzionatzen dute, eta hemen kendu egin nahi dituzte”. Suhiltzaile guztiak “funtzionario izatea” bilatzen duen legediarekin ados agertu da koordinatzailea, betiere baldintza bakarra betetzen badu: “Suhiltzaileen parketik sutea dagoen lekura 15 minutu berandutzea, gehienez”. Baldintza hori ematen bada, “etxera joateko” prest agertu da Herri Babesako koordinatzailea: “Normalean erabakiak hartzen dituen jendeak ez du egoera lehen eskutik bizi izan; kasu askotan, ez dute beharrezko ezagutzarik”. Frantzian, Danimarkan, nahiz Alemanian “suhiltzaile boluntario” legez ezagutzen dena, Eusko Jaurlaritzak “babes zibileko jendea” modura aurkezten duela salatu dura izan du Ojangurenek: Dena iraindu nahi dute”.