Eskuz esku, basogintza eredua elkarlanean eraldatzen
Mendatako Ankurkulu kooperatibakoen ia hektarea bateko lursailean, 600 landaretik gora landatu dituzte. Ankurkulukoek, BaSOS elkartekoek eta Tantai Baso Jabe Kooperatibakoek elkarlanean deitutako auzolanari esker, bertoko baso bihurtu dute aurretik eukaliptoz beteta zegoen eremua.

Lizarrak, astigar zuriak, lertxunak, ezkurrak, haritz kandundunak, otsalizarrak, ostazuriak, basa gurbeak, gereziondoak… Bertoko espezieak bertoko lursailetan. Gero eta gehiago dira hautu horren aldeko apustua egin, eta eredu bihurtu direnak. Horren adibide dira Mendatan bat egin duten hiru proiektuak.
BaSOS elkarteko, Tantai Baso Jabe Kooperatibako eta Mendatako Ankurkulu kooperatibako kideen deialdiari erantzunez, Mendatako Olabe auzoan batu dira gaur [urtarrilak 20]. Landaketa jardunaldia elkarlanean osatu dute, eskuz-esku. Monolaborantza ereduan oinarritutako paisaia aniztasunez eta aberastasunez ordezkatu dute, basogintza eredua eraldatzea posible dela erakutsiz.
Ankurkulu kooperatibako kideek “subiranotasuna, autonomia, ekologia eta zaintza” dituzte helburu. Erabilpen-lagapenerako etxebizitza kooperatiba da. “Figura pixka bat berezia” da, etxea eta bere lursaila kooperatibarenak dira, eta bertan bizi direnak kooperatibistak dira. “Etxebizitza errazteko formatua da, jabego kolektibo formatua da”.
Etxebizitza eta lursaila eskuratu zituztenean, bi urteko eukaliptoz betetako basoa topatu zuten, eta euren filosofiarekin bat eginda, argi eduki zuten bertoko basoa gura zutela. Hain zuzen ere, hori lortzeko bidean, 2019an, pandemia baino hilabete batzuk lehenago hasi ziren basoa eraldatzen, eukaliptoak kendu eta bertoko espeziedun 100 bat landare landatu zituzten: “Lurgaia Fundaziokoek utzi ziguten materiala; gauzak erraztu zizkiguten, eta gero, gu antolatu ginen. Gero, urtez urte etxekook joan gara eukaliptoak mozten”. Izan ere, eukaliptoaren kimu berriak agertu, eta horiek kendu behar izan zituzten. “Ez daukagu argi ustiaketarako izango den ala ez, gero ikusiko dugu hori; argi daukaguna da bertoko basoa izango dela. Ingurukoak Mendatako Udalaren lursailak dira, eta laster batzuk botako dituzte, eta ea eurak ere animatzen diren, eta bertoko basoaren aldeko apustua egiten duten”.Ā
Gaurko auzolanean, berriz, ia hektarea bateko eremuan 660 landare sartu dituzte, hiru gunetan banatuta. Sahatsak, lizarrak, astigarrak, aretxak, otsalizarrak eta gereziondoak landatzen ibili dira. 09:00etan Ankurkulu etxean elkartu dira, eta zeroz azpiko tenperatura hotzari aurre eginda, ordu laurden bateko ibilaldia eginez hurreratu dira landaketa-eremura. Hamaiketakoa jateko geldialdia egin dute saio erdian, eta 15:00ak aldera arte aritu dira beharrean. Lanak amaituta, alkarregaz bazkaldu dute Ankurkulun.
Basorako proiektua Tantai Baso Jabe Kooperatibak egin die, zer landatu gomendatu diete, eta horien eskutik jaso dute materiala.Ā
Aholkularitza. Eredu kooperatiboan, jasangarrian eta eraldatzailean oinarrituta, sortu zuten Tantai Baso Jabe Kooperatiba orain dela urtebete eratu zuten; urtarrilaren 12an estatutu sozialak onartu eta kontseilu errektoreko kideen hautatu zituzten, Aramaioko Kultur Etxean. Bertako espeziez osatutako basoak modu jasangarri eta bateratuan kudeatzen dituen basogintza eredu eraldatzailea sustatzen duen kooperatiba da.
Lur-jabe bakoitzari neurrira egokitutako ahokularitza, akonpainamendu eta laguntza eskaintzen dizkiote. Basoen gainontzeko ekosistema zerbitzuei zur eta egurraren ekoizpenaren garrantzia bera emanez, errentagarritasun ekonomikoa eta biodibertsitatearen babesa uztartzea helburu duen talde teknifikatua da.
Baso jabe publiko eta pribatuei aholkularitza ematen diete, eta baita BaSOS moduko elkarteei ere: “Bertoko basoen alde lan egiten dugu”. Markel Arriolabengoa kooperatibako kidearen hitzetan, Tantai sartzen diren baso denak, kanpoko espeziekin basotuta egon edo ez, bertako baso bilakatzera bideratzen dituzte. Inpaktu baxuko ustiaketa-ereduetara bideratuta daude: “Hau da, baso batzuetan ez da ustiatzen jabeek ez dutelako nahi, baina gehienetan bai, eta ustiatzen da modu oso lokalizatuan, inpaktu oso baxuekin eta estaldura jarraiagaz; urte gutxiro sartzen gara eta ekintza txikiak egiten ditugu, aprobetxamendu bat egoteko. Basogintza eredu hori proposatzen dugu, basogintza eredu intentsiboaren ordez, uste dugulako ekosistema zerbitzu denak bermatu ditzakeela, eta baita ere uste dugulako ekoizteko alternatiba bat egon behar dela”.
Baso kooperatibak hiru bazkide mota ditu: langileak, erabiltzaileakābaso jabeakā eta laguntzaileakābolondres ekarpena egiten dutenakā.
Baso ingeniariak azaldu bezala, 2017an hasi ziren, eta 2018an banden gaitza etorri zen: “Baso asko bota ziren, eta garai berri bat eman zen. Jende asko hasi zen berriro hutsetik”. Inflexio-puntua izan zen. “Eta asko aldatu da jendeak bere basoekiko daukan harremana, hau da, lehenago baserriaren parte zen heinean, jendearen ekonomiaren parte garrantzitsua zen, eta beste modu batera ikusten zen, zentzu batean, gaia oso konplexua baita. Basoa zelan bizi dugun ere aldatu da. Gure proposamen hori testuinguru horretan atera genuen, eta harrera oso ona eduki du. Gaur egun, bertoko baso izatera bideratuta dauden 1.000 hektareatik gora kudeatzen ditugu, eta denbora gutxi daramagu”. Basogintzaren aholkularitza ematen zuen Errez kooperatiba moduan hasi ziren 2017an, eta iaz sortu zuten Tantai. Irabazi asmorik gabeko kooperatiba da, helburu oso finkatuekin, eta modu integralagoan ematen dute erantzuna, adibidez, baso-jabeek kooperatibaren parte izateko aukera daukatelako.
2021etik Busturialdean bertoko basoak sustatzeko zereginean dihartu BaSOS elkarteak ere. Kontzientziak piztea, hausnarketa eta ekitea dituzte helburu, eta kezkatu daude azken hamarkadetan eskualdeko larre, mendi eta erreka inguruak “modu intentsiboan ustiatzen diren landaketek okupatu” dituztelako; izan ere, kanpoko espezieen monolaborantzak, matarrasak, mendi-bide txikituak, lur emankorren galeraā¦ eragin ditu, eta argi daukate epe ertain-luzera “onurak baino, kalte gehiago dakartzan” basogintza eredua dela nagusi gaur egun: “Elkartea sortu genuen inguruko basogintza ereduagaz kezkatuta, eta inguruan ikusten genituen sarraskiez arduratuta; eukaliptoaren inbasioa eta pinuaren gehikuntzagaz, inguruko basoak zelan eraldatzen zioazen ikusita, horri buruzko hausnarketa bultzatu nahi genuen eta inguruko jendearengan kontzientziak piztu. Gaur egun hemen zein basogintzan eredu egiten den ikusi, hausnartu eta hori eraldatzeko asmoagaz hasi ginen”.
Hitzaldiak eta tailerrak eskaintzen hasi ziren, eta landaketak ere egin izan dituzte, eta baita crowfunding kanpaina ere, lau hektareako eremua erosteko eta bertan bertako basoa landatzeko.
Kontzientzia hartu eta aurrerapausoak ematea erabakitzen dutenak gero eta gehiago direla nabaritu dute: “Badakigu eskualdeko hainbat herritan ari direla gai honi buruz hausnartzen eta basogintza eredua eraldatzeko beharrizana dagoela ikusten, adibidez, Muxikako Udalean, Ean, Markina-Xemeinen… Sukarrietan ere udalak Tantaigaz hitzarmena sinatu berri du. Kontzientziak pizten hasi direla ikusi dugu, eta, alde horretatik, oso pozik gaude. Herritar taldeen artean ez ezik, hainbat udaletan ere kezka agertu dute. Ikusten dugu bide honetik goazela. Eskualdean sentsibilizazio hori bultzatzen, zabaltzen ari dela nabaria da, eta inguruko udalerrietan ere gaia lantzen ari direla edota kezka badaukatela helarazi digute”.
Euskal Herrian lurralde bakoitzak testuinguru oso-oso desberdina daukala gogoratu du Arriolabengoak. Araban baso “oso aurreratuak” daude: “Bertako espezieak dira gehienak eta ustiaketa puntualak, lehengaiak ateratzen eta biodibertsitatea handitzen sartzen gara, hori da helburu nagusietako bat. Bizkaia beste muturra da; oso hasierako faseetan gaude. Basoak sortzen hasten gaude, eta hemendik eta urte askora arte ez gara arduratuko beste ezer egiteaz”.

Markel Arriolabengoa Tantaiko baso ingeniaria.
Batez ere Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan ari dira. Bizkaian egoera “oso muturrekoa” dela azpimarratu du baso ingeniariak, “Euskal Herrian ez dago halakorik”. Dioenez, Euskal Herrian basogintza intentsiboaren azalera “oso gutxian” ematen da, “%12 edo”. Bizkaian, berriz, dena da eredu horretakoa: “Lurrak oso degradatuta daude, biodibertsitatea oso galduta dago, eta halako ekintzen beharra oso ageriko da. Zorionez, BaSOS moduko elkarte desberdinak sortu dira, eta eragin oso handia izaten ari dira; hemen inguruan halako landaketa asko ikusten dira. Bizkaian oso-oso beharrezkoa da”.
Era berean, ikuspegi aldaketaren garrantziaz mintzo dira Ankurkulu kooperatibako kideak: “Bazen garaia. Pinuarekin hasi zen monolaborantza, eta, gero, hazkuntza azkarragoa zeukalako eta errentagarritasun arrazoiengatik, pinua bezala 30 urtera moztu beharrean, epe erdian moztuta eukaliptoak etekin ekonomikoak ematen zituela-eta, eukaliptoa landatzen hasi ziren. Baina eukaliptoak askoz gehiago txikitzen du lurra. Banda marroiarekin alarmak piztu ziren, eta eukaliptoaren bidea hartu zuten lur-jabe askok eta askok. Herritarrak kezkatu ziren Bizkaian eta Gipuzkoan, eta presioa sartu zuten. Gipuzkoan neurri batzuk hartu zituzten, eta hemen 2025era arte Bizkaiko Foru Aldundiak ipinitako luzamendua egon da, agian, eztabaida hori kalean ere egon bazegoelako. Bitartean herritar taldeak sortu dira, esaterako, BaSOS eta Berriatuko Hostozabal, eta Eako adibidea ere hor daukagu, udalagaz eskutik joanda. Gauzak mugitzen ari dira, tendentzia bat egon daitekeela ikusten dugu, eta positiboa da. Halaber, proiektu sendo edo handiagoak ere badira, Tantai eta Besaia, adibidez, eta horrek laguntzen du, oinarri tekniko bat dagoelako. Herritarrok badaukagu auzolana egiteko gaitasuna, eta gutxinaka ikasten ari gara”.







































































































