Bihotza zabalik, arima beterik
Senda kantak euskaraz sortzeko eta beste hizkuntza batzuetakoak euskarara itzultzeko proiektuaren barruan, hainbat topaketa egin dituzte eskualdean, eta Telegramen kanala ere sortu dute.
Barrutik atera, espiritua eta gorputza konektatu eta bete. Beste herrialde batzuetan senda kantak Euskal Herrian baino ezagunagoak dira, baina hemen ere badira horien onura ezagutzen dutenak.
Jessi Thuresson Busturiko bizilagunak Ingalatarren ezagutu zituen senda kantak. «Orain dela lau bat urte, Ingalaterra bizi izan nintzenean, Glastonburyn izan nuen horien berri. Leku oso espirituala da, eta bertan jakin nuen jendea halako kantak abesteko batzen zela. Suediarra naiz, baina Euskal Herria eta euskara asko maite ditut. Hemen bizi naiz, eta abestiak euskaraz kantatu nahi ditut, euskara oso adierazgarria eta Europako hizkuntzarik zaharrena da». Egonaldi hartan senda kantak lantzen dituzten euskal herritarrak ezagutu zituen, eta Euskal Herrira bueltatzean, biltzen hasi ziren. Baina, geratzen zirenean, ez zituzten euskarazko abestiak kantatzen, ez baitzuten halakorik aurkitu. Nola egin ez bazekien ere, «amets horregaz jarraitu» zuen. Hala, desira bera zeukan Idoia Cuesta Goiztizar ezagutu zuen: «Tearen eta infusioaren errituala egin gura zuen lagun ingeles bat etorri zen, belarrak infusioan hartzearen garrantziari buruzko saioa egin gura zuela-eta, Euskal Herriko norbaitekin trukea egin gura zuen. Eta bilaketa horretan genbiltzala, Goiztizar ezagutu nuen».
Euskarara ekarri zein sortu
Ordutik, komunitatea hazten joan da. Senda kantak euskaraz sortzeko eta beste hizkuntza batzuetakoak euskarara itzultzeko proiektua sortu zuten udazkenetan. Eguzkiloreak Euskal Senda Kantak kanala daukate Telegramen, eta 131 harpidedun batzen dira bertan.
«Haziberriak» dira, eta helburu argia daukate: senda kantak euskaraz abestea zabaldu gura dute. Apurka-apurka osatzen ari diren zerrenda «hazten» doa, eta Hego Ameriketako jatorrikoak dira orain arte euskaratutako kanta gehienak.
Thuressonek kontatu du Ingalaterrako egonaldi hartan Euskal Herriko neska batzuekin abesti bat euskaratu zutela: «Glastonburyn ingelesez, gazteleraz eta suediarrez abesten egon ginen, eta abesti bat euskaratzea bururatu zitzaigun».
Topaketaz topaketa
Bermeon eta Gernika-Lumon hainbat topaketa egin dituzte dagoenerako, eta batzen eta elkarbanatzen segitzeko asmoa daukate.
Hain zuzen ere, otsailaren 3an daukate hurrengo hitzordua, Astran. 16:00etatik 20:00ak aldera arte egongo dira bertan, eta gogoratu dute, aurreko deialdietan modura, «maila, ahots eta adin guztiak ongi etorriak» izango direla, eta, beraz, zirkuluan abestean sortzen den energiarekin «gozatzera» animatu dute.
2023a alkarregaz borobiltzeko eta agurtzeko, leku berean elkartu ziren abenduaren 30ean. Goiztizarrek nabarmendu legez, «horrelako zirkuluetan adin guztietako jendea egoteak oso berezia egiten du egitasmoa». 30 lagunetik gora batu ziren Astran aurrekoan, tartean, zenbait ume: «Oso polita izan zen. Taldeko soinu teknikariak bozgorailuak eta mikrofonoak ekarri zituen, eta sonoritate gehiago izan genuen».
Zirkuluan, kandelen inguruan, eseri eta daukaten zerrendaren hainbat kanta abestu zituzten: «Gure sua piztuta irudikatu nahi izan genuen zirkuluaren erdian. Hasteko, bakoitzak bere izena esan, eta intentzio bat jarri genion topaketa horri. Bakoitzak erabakitzen zuen zein abesti kantatu nahi zuen, eta besteok jarraitzen genion. Familia giroa eduki genuen, umeak eta nagusiak ere egon ziren, eta hori da asmoa, komunitaterako eta komunitateko zerbait izatea, eta, beraz, doakoa».
Gitarrak, danborrak, marakak, kaxak… partaide batzuek euren instrumentuak eroan zituzten, eta horrek ere «berezi» egin zuen jardunaldia. Giro «oso polita eta ona» sortu zela azpimarratu dute: «Talde polita elkartu zen, giro oso onean. Halako zirkuluetan abesten dugunean energia oso politak sortzen dira. Jendeak komentatu zigun, bertatik bihotza zabalik joan zela, pozik, gustura eta oso eskertuta».
Natura eta euskara
Senda kantak batik bat «naturari buruzkoak» izaten direla gogoratu dute biek ala biek: «Kantu horiek geure buruagaz eta gauden lurragaz bat egiten gehiago lagundu diezagukete».
Naturak bertoko kulturan daukan errotzeaz mintzo da Thuresso: «Suediarren eta ingelesen aldean, Euskal Herria lurragaz oso konektatuta zaudete, ortuagatik edo mendira joateko ohituragatik, adibidez. Lurreko kantak abestea oso garrantzitsua iruditzen zait, eta ama lurraren hizkuntza euskara da; zauden edo bizi zaren lekuko kultura errespetatzea oso garrantzitsua da».
Bestalde, euskara ikasten ari direnentzat halako kantak euskaraz kantatzea lagungarria izan daitekeela deritzo Busturiko bizilagunak: «Hizkuntzen irakaslea naiz. Euskara oso ondo ulertu arren, askori hitz egitea kostatzen zaie, eta kantatzea oso ona da ikasteko, modu errazean hizkuntza barneratzea ahalbidetzen baitu. Euskararekin konektatzeko konexio-puntu bat ere bada espazio hau».