Bide publikoak hobetzeko izango dira 2024ko inbertsio nagusiak
"Udal-eraginkortasuna hobetzeko, herritarren ongizatean lan egiteko eta zerbitzuak bermatzeko" helburuagaz, Busturian 2.411.000 euroko udal aurrekontua onartu dute 2024rako
Busturiko Udalak 2.411.000 euroko udal aurrekontua onartu du 2024. urterako. Zenbateko horretan 435.997,19 euroko inbertsio erreala agertzen da, «udal-eraginkortasuna hobetzeko, herritarren ongizatean lan egiteko eta zerbitzuak bermatzeko».
Aitor Aretxaga Busturiko alkateak adierazi duenez, “ondo pentsatutako” aurrekontua da: “Busturiak aurrera egiten du, ilusioagaz, esfortzuagaz, lanagaz eta entzute aktiboagaz. Horrela, 2024rako udal aurrekontua planteatu dugu, udal honentzat funtsezkoa baita gure bizilagunen benetako beharrei erantzutea, gaur egungoei eta etorkizunean etorriko diranei”. Udalaren planteamendu ekonomikoa “handinahia” dela nabarmendu du: «Aurrekontu hau Busturiak aurrera egiten jarraitzeko gure ibilbide orria da».
Aurrekontuetako partida nabarmenetako bat bide publikoak konpondu eta mantetzera bideratuko dute: 78,618,52 euro landa bideak hobetzeko baliatuko dira, eta 140.000 euro hiru bideak asfaltatzeko. Udal Eskolatik San Bartolomeraino doan bidean eta Abiña auzoan jardungo dute, besteak beste: “Abiñan zati bat asfaltatuko da, baina garrantzitsuena da etorkizuneko urbanizazinoari begira egin beharreko aurretiazko pausoak ematen ari garela”. Abiñako urbanizazio-proiektuak Uraren Euskal Agentziak eta Kostaldeen Mugapeak hainbat azterlan hidrauliko eskatzen dituela gogoratu du Aretxagak: “Horregatik erabaki dugu 2024an azterlanei dagokien partida sartzea eta gauzatzeko modukoak diren proiektuetako partidak aplikatzea”.
2023an gobernu taldeak Lanpostuaren Berrikuspena egin zuen. Jasotako datuak direla eta, udal-aurrekontuetan udal langileen partida egokitzea adostu dute: udal teknikariei dagozkien kategoriak errekonozitzeko barne sustapena egingo da.
Ekarpen bideragarriak. Inbertsioei dagokionez, Busturiko Udalak “bere ibilbideari eusten” dio: entzute aktiboa eta herritarrengatik jasotzen dituzten proposamen bakoitzaren bideragarritasuna baloratzea.
Aurrekontuetan «auzotarren eskaerei» erantzuten dien bi inbertsio onartu dituzte; horietako bat, Altamira eta Bargoetxe bidean bost eguzki farola jartzea. “froga pilotua” izango da, beste auzoetan ere eguzki panelagaz funtzionatzen duten farolak jarriz “eraginkortasunaren alde egiteko eta obra zibilean aurrezteko”.
Aparkalekua Presapen. San Antonioko hondartzara sartzeko biribilgunean eta BBKren udalekuaren inguruan autobus markesinak jarriko dituztela iragarri dute, “herritarren bizi-kaliteta hobetzeko eta bizilagunek planteatutako beharreri erantzuna emateko”. Proiektu horren obra zibila udalak ordainduko du (6000 euro). Markesinak jartzeaz Bizkaiko Foru Aldundia arduratuko da.
Aparkaleku publiko berri bat egiteko 34.494,71 euroko partida ere onartu dute, “herrian hazkunde orekatua eta ordenatua bermatzeko”. San Kristobal auzoa “berrurbanitzako” proiektuak 60 lekuko aparkaleku barria egitea ekarriko du, Presape aldean.
119.439,82 euro bideratuko ditu etorkizuneko San Kristobal auzoko biribilgunearen Altamirako adarra prestatzera. Egokitze lan horrek 550.000 euroko kostua izango duela, eta gastu horri aurre egiteko beharrezko dirulaguntzak kudeatuko dituztela iragarri du udalak.
Uholde arriskua aztergai. Etorkizun hurbileko lanak idazteko azterlanak eta lanak egiteko 100.000 euroko partida onartu dute. Besteak beste, San Kristobalen Mape ibaiaren uholde-arriskuaren azterketa egitea eta etorkizuneko biribilgunetik mediku kontsultategira espaloia egiteko proiektua aurreikusi dituzte.
“Dauzkagun baliabideak seriotasunez eta eraginkortasunez kudeatzeaz arduratzen gara, herriak etorkizunera begiratzeko proiektu indartsuei arreta jarriz”, azpimarratu du Aretxagak. Horregatik, aurrekontuaren zati esanguratsu bat haurren jolastokiko kautxuzko lurzorua berriztu eta haurrentzako jolasak eta Udal Eskolako jantokiaren fatxada konpontzera 28,643,91 euro bideratuko dituzte.
Bestalde, 31.185,27 euro aurreikusi dituzte Euskara Planerako; 80,000 euro jai jardueretarako; 30.029,50 berdintasuna sustatzeko jardueretarako; 13.000 euro memoria historikorako eta 9866,33 euro kirol-jardueretarako, besteak beste.
Udalak egungo proiektuak eta jarduerak etorkizuneko aurreikuspenekin “bateratzen” dituela adierazi du Aretxagak.