Lointek Gernika Bizkaiak Perfumerias Avenidaren kontra jokatuko du Erregina Koparen final-laurdena
Martxoaren 21etik 24ra lehiatuko dute Erregina Kopa, Huelvan. Marta Alberdi jokalari gernika-lumotarrak adierazi du "kopa borobila" egin gura dutela.
Lointek Gernika Bizkaiak Perfumerias Avenidaren aurka jokatuko du Erregina Koparen final-laurdena, martxoaren 22an (barikua), 18:00etan, Huelvan.
Bezperan (martxoak 21) Valencia Basketen eta IDK Euskotrenen arteko neurketagaz hasiko dute kopa, 18:00etan, eta, horien ostean, Spar Gironak eta Movistar Estudiantesek jokatuko dute, 20:30ean. Gernikaren eta Avenidaren kontrakoa izango da barikuko lehenengo final-laurdena, eta, jarraian, Casademont Zaragoza eta Baxi Ferrol lehiatuko dira, 20:30ean.
Zapatuan (martxoak 23) 12:00etan eta 15:00etan jokatuko dituzte finalaurrekoak, eta martxoaren 24an, berriz, 12:30ean hasiko da finala.
Lucas Fernandez Lointek Gernika Bizkaiaren entranatzaileak esan bezala, kopan egotea lortu dutelako harro eta ilusioz beteta” daude, eta jokalarien eta klubaren lana “aitortzeko” balio du: “Kopan egon ahal izateak adierazten du ligaren lehenengo fasean ondo aritu garela. Urtero klubek Kopan egon gura dugu, eta Gernikak Bizkaia ordezkatzea ohorea da”.
Lucas Fernandez (Lointek Gernika Bizkaiaren entrenatzailea): “Avenida aldaketa asko jasaten ari da, jokalari zein talde teknikoan, eta tartean daude iraupen luzeko lesioak”
Multzo buru diren lau taldeen (Valencia, Zaragoza, Avenida eta Girona, ) maila eta kalitatea goraipatu ditu, eta zehaztu du bi hilabete barru Avenida ze egoera eta mailatan egon litekeen aurreikustea “espekulatzea” dela. “Ilusioa eta energia ipiniko ditugula argi daukagu, eta ikusi beharko da zein momentutan heltzen diren gainontzeko taldeak. Avenida aldaketa asko jasaten ari da, jokalari zein talde teknikoan, eta tartean daude iraupen luzeko lesioak”.
Marta Alberdi jokalari gernika-lumotarrak adierazi du aukeran zeuden lau taldeen artean, final-laurdenetako aurkaria Avenida edo Girona izatea gura zutela: “Avenidakoek azkenengo partiduetan beherantz egin dute, eta aprobetxatzeko aukera izan daiteke. Kopa borobila, kopa on bat egin nahi dugu; sentsazio onekin jokatu, eta kopa etxera ekarri ahal badugu hobeto”.
Gernika-Lumotik 80 bat zalek bidatzea aurreikusi dute, eta marea granateak Huelvan nahiz Gernika-Lumon “maila handiko partidu batez” gozatzea espero dute.
Marta Alberdi (Lointek Gernika Bizkaiaren jokalaria): “Kopa borobila, kopa on bat egin nahi dugu; sentsazio onekin jokatu, eta kopa etxera ekarri ahal badugu hobeto”
2022an eta 2023an finalaurrekoetara. Iazko kopan Gernika-Lumoko taldeak Spar Gironari 65 eta 79 irabazi zion final-laurdena, eta finalaurrekoan ezin izan zuen Avenida garaitu; 53-59 galdu zuen. 2022an ere finalaurrekoetan izan ziren aurrez-aurre, eta Gernikak 72 eta 56 galdu zuen (Cadi La Seu garaitu zuen final-laurdeneko partiduan).
EuroCup Women. Gaurko zozketa jarraitu badute ere, biharko hitzorduari begirik kendu bari daude; izan ere, Eurokopako final-hamaseirenetako bueltako partidua daukate Londresen (20:00). London Lionsek zazpi puntuko aldea dauka, 69 eta 76 nagusitu baitzen eguaztenean, Malosten, eta talde gernikarrak horri buelta eman beharko dio txapelketan mantentzeko. Euren “aukerak jokatuta, hurrengo fasera sailkatzeko borrokatzea merezi” dutela nabarmendu du Lointek Gernika Bizkaiaren entrenatzaileak: “London Lionsi zailtasun eta oztopoak ipintzeko gogoz gaude. Euopako txapelketa horretan gure aukerengatik borrokatuko gara”.