Basoen kudeaketa jasangarrirako hitzarmena sinatu du udalak
Hitzarmen horren barruan, Tantai Baso Jabe Kooperatibak basoen kudeaketa plana diseinatuko du. Akordioak 20 urteko iraupena izango du.
Sukarrietako Udalak eta Tantai Baso Jabe Kooperatibak udalaren jabetzako mendien kudeaketa jasangarrirako hitzarmena sinatu dute. Kooperatibak Basoen kudeaketa Jasangarrirako Plan Teknikoa (BKITP) garatuko du.
Jaime Orueta Baskaran Sukarrietako alkateak adierazi duenez, “alkatetzara iritsi ginenean, programan sartuta geneukan baso mendien ustiaketa egitea, modu jasangarri batean. Bagenekien pinuak eta eukaliptoak zeudela, baina uste genuen hori ez zela udal jabetzako mendi batzuetarako egokiena”.
Hitzarmenak udalaren jabetzako 31 hektarea batzen ditu, Sukarrieta eta Busturian kokatuta daudenak. “Sukarrietaren jabetzakoa den baina Busturian kokatuta dagoen mendian NEIKER institutuarekin proiektu bat abian zegoela ikusi genuen, uraren kalitatea eta beste gai batzuk hobetzeko”. Udaletik proiektu hori gauzatzen ari zen enpresarekin harremanetan jartzea erabaki zuten: “Gu harremanetan jarri ginen berberak zirela suertatu zen: Tantai Baso Jabe Kooperatiba ikusi genuen, horretan diharduena, eta Tantaikoak NEIKERena ere kudeatzen ari ziren”.
Jaime Orueta Baskaran: “Baso naturalizatuagoa izango da; florarekin ez ezik, faunarekin eta ingurumenarekin ere bat dator”
Tantai Baso Jabe Kooperatiba arduratuko da Sukarrietako basoen kudeaketa gidatzeaz: “Basoen kudeaketa plana egiten gabiltza. Kudeaketa plan bat txosten bat da, egutegi bat, datozen 20 urteetan baso horretan egingo diren lanak zehazten dituena”. Txosten horretan, basoaren kudeaketara begira, mozketak eta landaketak noiz egingo diren eta zer landatuko den zehaztuko dute, besteak beste. Tantai Basotik adierazi dutenez, “Sukarrietan oraindik helburuak ez daude guztiz zehaztuta, hasierako fasean gaude”.
Baso naturalizatua izatea Sukarrietarentzat onuragarria izango dela azpimarratu du Oruetak. “Baso naturalizatuagoa izango da; florarekin ez ezik, faunarekin eta ingurumenarekin ere bat dator”. Udalak ez du baztertzen epe luzera basoaren ustiapenetik diru-sarrerak izatea: “Uste dugu jende gehiago ibiliko dela mendietan, eta bisitariak izango ditugula. Positiboa izan daiteke jendeak pinu eta eukaliptoak ez diren mendi naturalagoetara sarbidea izatea.
“Egoera honetan, kanpoko laguntzei begira oso adi egon beharko dugu, esate baterako, Urremendirenak, aldundiarenak, eta abar”.
Ustiapen jasangarriaren eredu. Basoen ustiapen jasangarria egiteko, jabedunek errepikatu dezaketen eredua bultzatu nahi du udalak. Oruetak nabarmendu duenez, herritarrek orokorrean positiboki baloratu dute proiektua, nahiz eta momentuz “lur-jabe bakar batek ere ez duen ezer esan”: “Ez digute momentuz eredua jarraitzeko asmorik adierazi. Oraindik ez dugu horrelako feedbackik”.
Basoen ustiapen jasangarrirako plana aurrera eramateko, Sukarrietak ez du “inolako diru laguntzarik” jaso. Tantai Baso Jabe Kooperatibak egindako lehen txostena ordaindu beharko dute lehehenengo, hori iazko aurrekontuetan aurkeztutakotako gastua izanik. Udaletik aurrerago bestelako gastuak ere sortu daitezkeela aurreikusten dute: “Egoera honetan, kanpoko laguntzei begira oso adi egon beharko dugu, esate baterako, Urremendirenak, aldundiarenak, eta abar”.