Olatz Arrizabalaga, binakakoaren atarian
Aurrelari gernikarraren helburua da hirugarren txapela jarraian irabaztea. Itxaso Erasun atzelari zizurkildarrarekin bikotea osatuta, urtarrilaren 28an hasiko du Binakako Txapelketa, Ania Oronoz eta Marie Goienetxe saratarren kontra. Bestalde, Bizkaia Torneoaren finalaurrekoan, Arrizabalagak eta Mendizabalek 18 eta 22 galdu dute Aldairen eta Capellanen kontra.
Sei finaletan sartu eta bitan irabazi du Olatz Arrizabalaga aurrelari gernikarrak, eta hirugarrenaren bila ekingo dio txapelketari urtarrilaren 28an, Larrabetzun. Enara Gamindegaz lortu zuen txapela 2022an, eta, iaz, berriz, Uxue Osesegaz. Aurten, Itxaso Erasun atzelari zizurkildarrarekin ariko da Binakako Master Laboral Kutxa Txapelketan. Ania Oronoz eta Marie Goienetxe saratarren kontrako jokatuko dute lehenengo partidua.
Lau mailatan banatuta, 72 pilotari lehiatuko dira. Domeka honetan [urtarrilak 21] hasiko dute txapelketa, Eskoriatzan, finalerdiak martxoaren 3rako iragarri dituzte, Elgoibarren, eta martxoaren 17an jokatuko dute finala, Arrasaten.
Gernika-lumotarra erritmoz oso ondo ailegatu da urteko lehenengo hitzordu nagusira. Pertsonalki “nahikoa ondo eta fresko” heltzen dela dio. Eskuak ondo ditu, eta Gabonetako atsenalditxoaren ondoren, jokoa errekuperatzen ari da. Alabaina, sentsazio arraro eta gazi-gozoekin dago. 2023koagaz alderatuta, “atzerapausoa” eman dela deritzo: “Promozioko asko igo dituzte; promozioa eta elitea nahastu dituzte apur bat. Iazko txapelketa gehiago gustatu zitzaidan; promozioa eta elitea banatu zituzten. Txapelketa gogorragoa eta hobea izan zela esango nuke, eta iaz baino motibazio gutxiagogaz nago. Sentsazio arraroekin nago. Horrela suertatu da, eta berdin-berdin jolastera eta irabaztera irtengo gara”.
Pilota aldaketa bat espero zuen: “Promozioko asko sartu dira, eta pilota apur bat biziagoak sartzearen esperantza neukan, pilota aldaketa etorriko zela pentsatzen nuen. Baina gazte asko daude, eta ezin da pelota asko sartu. Sentsazio gazi-gozoa da; txapelketa hau asko gustatzen zait, eta aurten motibazio gutxiago daukadanaren sentsazioa daukat”.
Olatz Arrizabalaga: “Iazko txapelketa gogorragoa eta hobea izan zen”
Hiru Hiriburuak txapelketa lehiatu zuen Erasunegaz iaz, eta bere iritziz, bikote ona osatzen dute. Uste du aurreko jokoan “nahiko arriskutsuak” direla: “Atzean lagundu behar dit, atzeko koadroetan aguantatu, defentsa lana ondo egin eta nik aukera daukadanean errematera joan. Hori da nire jokoa, eta badakit nire jokoa eginez gero, finalera heltzeko aukera polita daukagula”.
Antolatzaileek azpimarratu bezala, elite mailan inoiz baino bikote gehiagorekin jokatuko dute txapelketa. Hauek dira elite mailako bederatzi bikoteak: Arrizabalaga-Erasun, Aldai-Zabala, Beitia-Mendizabal, Uriarte-Capellan, Arraiza-Arrillaga, Oronoz-Goienetxe, Garai-Oses, Etxegarai-Gaminde eta Ibarrola-Bergara. Lehenengoz ariko da Ipar Euskal Herriko bikote bat. Elite mailako bikoteak hiru taldetan banatu dituzte, eta lehenengo fasean ligaxka eran arituko dira, denak denen kontra.
Faboritoengatik galdetuta, Aldai-Zabala eta Garai-Oses bikoteak kontuan izan beharrekoak direla gogoratu du Arrizabalagak: “Edozein txapelketetan Amaia (Aldai) eta ni gaudenean, beti faboritotzat hartzen gaituzte. Oraingoan ere Amaiak finalera heltzeko aukera asko dituela esango nuke. Leire Garaik eta Uxue Osesek ere, paperean, bikoterik osoena osatzen dute; biak elitekoak dira eta iaz txapelketan oso ondo ibili ziren”.
Aurkezpenean adierazi zutenez, “erabat indarberrituta” itzuliko da txapelketa: “Parte hartzea izan da Master Cup Zirkuituaren orain arteko arrakastaren giltzetako bat, eta alor honetan ere aurrerapausoa emango du aurtengo edizioak. Baina zenbakian ez ezik, kalitatean ere hazten jarraitzen duen txapelketa da, aurten bederatzi izango baitira pilota mistoko elite mailan ariko diren bikoteak, inoizko zenbakirik handiena eta lehen aldiz Ipar Euskal Herriko pilotariak direla, Oronoz-Goienetxe jauzia ematera ausartu baitira, iazko emaitzan onen ostean”.
Bizkaia Torneoa. Bestalde, VI. Bizkaia Torneoaren finalaurrekoa lehiatu zuten atzo [urtarrilak 14], eta Arrizabalagak eta Mendizabalek 18 eta 22 galdu zuten Aldairen eta Capellanen kontra. Gernika-lumotarraren berbetan, txapelketaren partidurik “onena” izan zen.
Lau pilotariek oso ondo jokatu zuten, eta aurrelari biek erritmo bizia ezarri zuten aurrean. Nahiz eta finalean sartzeko txartelak ihes egin, egindako partiduagaz “nahikoa pozik” dago. “Ikusita txapelketa nahikoa eskas jokatzen hasi genuela, uste dut berriro ere txapelketaren erritmoa hartzen gaudela. Finalerako txartela lortu ez izana pena da, baina gustura nago atzoko partiduagaz”.