Inauterietako pertsonaia garrantzitsuenak ezagutzeko aukera, Busturian
Erakusketa urtarrilaren 19ra arte egongo da ikusgai. Altsasuko, Ituren-Zubietako, Lantzeko, Arizkungo eta Iruñako Donibane auzoko 17 pertsonaiak osatzen dute bilduma.
Herri ihauteriak erakusketa ikusgai dago Busturiako Kultur Etxean, Altamiran, urtarrilaren 19ra [barikua] arte. Iruñeko San Juan Xar kultur elkarteak prestatutako erakusketa “Euskal Herriko inauteri garrantzitsuenen errepasoa” da, eta horien naturaltasuna mantentzeko lanean laguntzea du helburu.
Lagunartekoak eta herritarrak ziren inauteriak “arriskuan” jarri ditu jende masifikazioak. Ondorioz, horien mantenu lanetan laguntzeko asmoz, erakusketak bost herri edo auzotako inauterietako 17 pertsonaia biltzen ditu: Altsasu, Ituren-Zubieta, Lantz, Arizkun eta Donibane (Iruña). Pertsonaiak benetako tamainan eginak dira, eta bakoitzari buruzko azalpenagaz batera aurkeztu dituzte erakusketan. Informazioa Joxe Miel Barandiaran, Jose Maria Satrustegi, Jose Maria Jimeno Jurio eta abarren ikerketetati jaso dute, eta euskaraz zein gazteleraz dago irakurgai. Testuetan inauterietako “erritoen jatorria eta esanahiak” azaltzen dira.
Erakusketan ikusgai dauden pertsonaietatik hiru Altsasuko Inauterietakoak dira: Akerra, Sorgina eta Momotxorroa. Azken hori bertakoa den pertsonaia bakarra dela, eta antzinako mendeko 30. mendean desagertu zela aipatzen da erakusketan. Zehazten duenez, 70eko hamarkadan Altsasuko Inauteriak berreskuratzearekin batera berreskuratu zuten Momorrotxoa: “Euskal inauterietan bortxa eta sexualitatearekin lotura gehien duen pertsonaia da”.
Donibaneko pertsonaiak diren Zezengorri, Ahari, Basurde, Gaueko, Zaldia eta Lamia ere ikusgai daude Busturiko Kultur Etxean. “Lamiak euskal jeinua ematen du, baina ekarritako pertsonaia da”, mitologia klasikoetan ere existitu baitzen. “Bitxikeria moduan, euskal lamiek, beraien komunitatean arrak dituzte”. Zaldiko, Ziripot, Txatxo, Miel Otxin eta Perretzailea pertsonaiek ordezkatzen dituzte Lantzeko Inauteriak. “Zakuekin eta modu irrigarriz jantzirik”, perrak jartzeko Zaldiko jarraitzen duen pertsonaia da perretzailea. “Ikusleak eta kalejirako partaideak zirikatzeko eta zikintzeko erabiltzen dituzte”.
Ikusgai dauden Ituren-Zubietako Inauterietako pertsonaiak Hartza, hartzazainak eta Ihoaldunak dira. Ihoaldunak izaten dira, hain zuzen ere, inauteri horietako protagonistak: “Ardi-larrua janzten dute, eta horri esker joareak sokaz estutzen dituzte”. Antzina gizonak soilik jarduten bazuten ere, duela bi hamarkadatik, “emakumeek ere joareak astintzen dituztela” zehazten du erakusketak. Egun, Euskal Herriko herri ezberdinetan daude joaldun taldeak.
Arizkungo Inauterietako protagonista Arizkun da: “Basapizti bat omen da, negu gorri baten ondoren esnatzen den naturaren irudikapena”. Bertako folklorean esanguratsua da Arizkun hartza, eta bere gurtza “San Blasekoarekin batera” ematen da.
1976tik ospatzen dituzte ihauteriak, hau Iruñeko ihauteri zaharrena bihurtuz.
Bide luzea.
Lehen erakusketa duela hainbat urte estreinatu zuten egileek, arrakasta handia lortuz. Harrera onaren ondorioz, erakusketa “zaharberritzea, hobetzea eta handitzea” erabaki zuen kultur elkartekoek. Hala, 2006an berrinauguratu zuten bilduma, eta, geroztik, urtero “handitzen eta hobetzen” dute.
Iruñeko Donibane auzoko elkartea da San Juan Xar. 1976tik ospatzen dituzte inauteriak, hori Iruñeko inauteri zaharrena bihurtuz. Inauterien harrera ona ikusita, “auzoko talde batek bertako pertsonai propioak” eratzea erabaki zuen: Donibaneko Jeinuak. Euskal mitologian oinarritutako eta herri inauteri estetika mantentzen duten pertsonaiak sortu zituzten. Geroztik, mozorroak “kultur ekitaldiak finantzatzeko” erabiltzea erabaki zuten, inauterietatik kanpo ere erabiliz: kalek¡jirak, erakusketak, ikastaroak…