Eskutik eskura bizitzeko grina
Munduan zehar milaka pertsona biltzen dituen kirola da pultsua. Urtzi Bilbao Ojeda bermeotarrak ia bi urte daramatza pultsuan, eta dagoeneko nazioarte mailako txapelketetan dabil.
Taberna giroan indartsuena nor den ezagutzeko baliatu izan da pultsua hamarkada askotan zehar, betiere harrokeriarekin loturik. Gure bazterretan gutxitan atera izan da aisialdiaren esparrutik, horretan tematu direnak egon izan badira ere. Zeharo jakina da zer den pultsua; gehiengoak bota du bat edo beste jolas edo erronka bezala, baina gutxik jakin ohi dute milaka eta milaka pertsona biltzen dituen kirola ere badela.
Arte martzialetan jarduten zuen Urtzi Hammer Bilbaok, lan istripu batek bertan behera uztera behartu zuen arte. Une latza izan zen bermeotarrarentzat, baina, Interneten bideoak ikusten ari zela, pultsua ezagutu eta gauza bakarra etorri zitzaion gogora: “Hau bai egin ahal dut“. Martxoan entrenatzen hasi zenez geroztik bi urte beteko diren arren, dagoeneko txapelketetan sariak irabazitakoa da Bilbao.
Pultsua txapelketarako neurri estandarrak dituen metro bateko altuerako mahai batean egiten da
Nahiz eta kontrakoa hedatuta egon, pultsua zutik egiten den kirola da. Duela hamarkada batzuk jesarritako modalitatea ere existitu izan zen, baina lehiakideen osasun fisikorako kaltegarriagoa zenez, kendu egin zuten. Zutik egiten den eta txapelketarako neurri estandarrak dituen metro bateko altuerako mahai batean egiten da pultsua.
Lehian aritzen direnentzat exijentzia handiko kirola da: teknika bereganatzeaz gain, gimnasioko bestelako lana ere eskatzen du. “Zenbat eta esku ezberdin gehiagorekin entrenatu, orduan eta hobe, bakoitzak bere forma, bere angelua eta tiratzeko modua dituelako”. Bilbaok bere egunerokotasuneko lana neurri handi batean eskumuturrera bideratzen du, denetariko heltzeko moldeak lantzeko. Tresna asko berak eraman behar izaten ditu gimnasiora. Bilbaok pultsua “eskuekin egiten den arte martziala” bezala definitzen du.
“Hiru teknika daude, minik ez egiteko ondo menderatu behar direnak”
Hiru teknika daude, minik ez egiteko ondo menderatu behar direnak: Top Roll – kanpotik –, Hook – barrutik – eta Press – trizepsaz baliatuz egiten dena –. “Kirol oso teknikoa da; teknika onarekin, norberak baino 20 kilo gehiago dituen pertsona bati erraz irabazi ahal zaio. Beso-borroka deitzen diogun honetan, hasiera oso gogorra da”. Izan ere, giharrek lan handia egin behar izaten dute, baina tendoiek are handiagoa. Hasieran tendoietan “min handia” izaten da, eta errekuperatzeko mugimendua eskatzen du. Minbera denez, askok eta askok ez dute pultsura itzuli nahi izaten. Mina kontrolatzeko prozesuak “urtebetetik gora” iraun dezake.
Urtzi Bilbao Ojeda: “Madrilera ere joan izan naiz entrenatzera, eta Asturiasko talde batekin geratzen naiz, eta batzuetan, baita Burgoskoekin eta Errioxakoekin ere”
Pultsu munduan sei hilabete zeramatzanean egin zuen lehendabiziko txapelketa bermeotarrak: Reinosan lehiatutako Espainiako Kopa. Ezkerreko eskuarekin, bigarren geratu zen: “Partaide gutxi egon ginen, baina lan ona egin nuen”. Handik gutxira, Rodrigo Alba, Munduko Txapelketan laugarren izandakoa, bihurtu zen bere entrenatzaile. Geroztik, entrenatzeko gehiago mugitzen hasi da bermeotarra: “Madrilera ere joan izan naiz entrenatzera, eta Asturiasko talde batekin geratzen naiz, eta batzuetan, baita Burgoskoekin eta Errioxakoekin ere”.
Txapelketaz txapelketa.
Otsailean Madrilera joan zen, bertako txapelketan parte hartzera. Bosgarren postuan sailkatu zen: “Jende asko egon zen. Lehen, hasiberriak 80 kilotik gorako eta beherako taldeetan banatzen ziren, baina aurten BBEEk –Beso Borrokako Espainiako Elkartea– hasiberriak hiru taldetan banatzea erabaki du: 75 kiloz azpikoak, 90 kiloz azpikoak eta 90 kilotik gorakoak”. Bakoitzak txapelketan zein eskurekin parte hartu nahi duen aukeratu dezakeen arren, aipatzekoa da parte hartzaileen “%98k txapelketetan bi eskuekin lehiatzea” hautatzen duela.
“Bartzelonako Nazioarteko Txapelketatik, egitekoa ondo burututa, oso pozik bueltatu nintzen etxera”
Nazioarteko Txapelketan ere parte hartu du, Bartzelonan, eta ezkerreko eskuarekin lehenengo sailkatu zen; eskumarekin, berriz, bigarren: “Egitekoa ondo burututa, oso pozik bueltatu nintzen etxera”. Espainiako Kopan, bestalde, bi eskuekin lehenengo geratu zen; ondorioz, hasiberria izateari utzi dio. “Estatutuek diote, estatu-mailako txapelketa bat irabaziz gero, hurrengo kategoriara joan behar zarela”.
Guztira, bost kategoria daude pultsu txapelketetan: Junior – 18-25 urte bitartean –. Senior – 25-40 urte bitartean –, Master – 40-50 urte bitartean –, Grand Master – 50-60 urte – eta Senior Grand Master – 60 urtetik gorakoak –. Txapelketa batetik bestera, pisu tarteak ere aldatu egiten dira: “Espainiako Txapelketan tarteak 5 kilokoak izaten dira, eta kopan, ostera, 10 kiloko tartea dago. Ondorioz, Kopa zailagoa da seniorrentzat, 85 kiloz azpiko eta 90 kiloz azpiko taldeak egin beharrean, guztiak sartzen direlako 90 kiloz azpiko taldean”.
Master mailan lehiatzen hasiko da bermeotarra, 40-50 urte bitarteko kategorian
Master mailan lehiatzen hasiko da orain bermeotarra, 40-50 urte bitarteko mailan. Senior mailan ere lehiatu daiteke, baina koska horretan maila oso handia da: “Senior mailan ere lehiatu nuen kopa, eta hasi orduko galdu”. Pultsuaren ezaugarri bat aipatzerakoan, komunitate baten parte den sentsazioa azpimarratzen du: “Agian gutxiengoen kirola delako, baina pultsua familia handi bat bezalakoa da; giro oso ona dago, laguntasun handia”. Batek baino gehiagok gizonezkoek menperatutako kirola dela pentsa dezakeen arren, «ume, neska, mutil zein gizon, denek hartzen dute parte txapelketetan».
Herrialde batzuetan profesionalizatutako kirola da, baina Espainian ez dago federaziorik: “Federazioa sortu ahal izateko, gutxienez 60 bat elkarte egon behar dira edo kirol olinpikoa izan behar da”. Baina, oraingoz, pultsua ez da kirol olinpikoa, oraindik. “Olinpiko bihurtzeko prozesu edota elkarrizketak hasi dira, eta baliteke 2028rako lortzea“. Nabarmentzekoa da, besteak beste, Georgian, Bulgarian eta Turkian “kirol nazionala” dela: “Adibidez, unibertsitateetan Goi Errendimenduko kanpamenduak daude”.
Pultsulari bermeotarra otsailean jokatuko duten Oso de Madrid txapelketara begira dago
Pultsua plazara ateratzea.
Euskal Herrian, oraindik ez dago beso-borroka elkarterik: “Guk egingo dugu lehenengoa”. Izan ere, txapelketaren bat antolatu nahi baldin badute, beharrezkoa da lehenago elkartea izatea. Pultsua sobera ezaguna bada ere, azpimarragarria da Bilbao bera izatea BBEEn lehiatu den lehendabiziko euskalduna. Sare sozialetan gora eta gora egiten doan kirola da pultsua, baina kalean txapelketak eta kirolak duen egitura ezagutarazi behar diren sentsazioa du Bilbaok: “Herri kirolak berriro ere plazetan indarra hartzen doaz, eta uste dut guk ere espazio hori hartu beharko genukeela, hau da, erakustaldiak egitea“.
Pultsulari bermeotarra otsailean jokatuko duten Oso de Madrid txapelketara begira dago. Iaz egin zen lehenengoz, eta “harrera oso ona” izan zuen. Txapeldun nagusiak beste txapelketa batean batuko direnez, emaitza ona lor dezakeela uste du: “Jende gehiago animatzea espero dut”.