Ekintzailetza eta ekonomia zirkularra
Barrutialde BHIko Zurgintzako Lanbide Heziketako ikasleek Busturialdeko hainbat ekintzaileren eskutik tailerrak jaso, eta horien esperientziak bertatik bertara ezagutu dituzte.
Ikasleen artean ekintzailetza eta ekonomia zirkularra bultzatzen dituzte Barrutialde BHIko Lanbide Heziketan. Ildo horretan, sormena pasioz, pazientziaz eta iraunkortasunez lantzearen ereduak ezagutu dituzte zurgintzako ikasleek eskualdeko sei ekintzaileren eskutik. Denak ere, ekintzaileak eta emakumeak, eta euren esperientziak partekatzean, “osagairik garrantzitsuena pasioa” dela nabarmendu dute: “Lan egin, eta bihotza ipinita, gauzak aurrera ateratzen dira”.
Ekimena NextGeneration programaren barruan finkatuta dago, Lanbide Heziketako ekintzailetza gelak, Hezkuntza eta Lanbide Heziketako Ministerioak eta Europar Batasunak finantzatuta.
Saio aberasgarria izan da, eta hartu-emanak sortu dira: “Konpetentzia teknikoak lantzea garrantzitsua den bezala, beste gaitasun batzuk lantzea ere oso garrantzitsua da. Eta ikustea ikasgeletatik eta beste norbaitentzat lan egiteaz harago, posible dela norberaren negozioa sortzea”.
Jardunaldiagaz hasteko, ekintzaileen esperientziak ezagutu dituzte. Solasaldian Mondragon Team Academy-ko koordinatzailea aritu da moderatzaile lanetan. Ondoren, tailerrak eskaini dizkiete. Adibidez, Bermeoko Bidxotzetik Sortzen enpresan altzari zaharrak margotu eta bizi berria ematen die, eta tailerrean armairu baten ateak birziklatu dituzte. “Ateak margotu eta koadroak sortuta, bizi berria eman diegu”.
Dilei – Wood & Antique Tiles enpresak hiru elementuz osatutako altzairuak sortzen ditu: egurra, burdina eta baldosa hidraulikoak. Horiek nola landu erakutsi die ekintzaileak; egur eta baldosa zaharrekin zamau-babesa eta kontsola flotagarria sortu dituzte.
Amadeus eta Dilei – Wood & Antique Tiles enpresek tailer-denda partekatzen dute (coworking), Gernika-Lumon. Amadeus koadroei markoak jartzen eta molduren akaberan espezializatutako negozioa da, eta ikasleek markoak sortu dituzte ekintzailearekin.
Gernika-Lumoko Nagore Zubillaga Interiorismoren eskutik, berriz, bezeroengan ardaztuta eta euren espazioetara bideratuta, diseinuak sortzeko prozesua ezagutu dute.
Bideaz gozatzeaz hitz egin dute, eta Gernika-Lumoko Khaleko altzarien zaharberritze denda eta tailerrekoek azpimarratu legez, “zailtasun eta zalantzak edukita ere, benetan gustatuz gero, beti topatuko duzu nahi duzun hori egiteko modua”.