Senda kantei buruzko topaketa hartuko du Astrak
Abenduaren 30ean (zapatua), 16:00etatik 20:00etara, Gernika-Lumoko Astran elkartuko dira.
Senda kantak euskaraz sortzeko eta beste hizkuntza batzuetakoak euskarara itzultzeko proiektua sortu dute udazken honetan, eta, horrez gain, Eguzkiloreak Euskal Senda Kantak kanala sortu dute Telegramen, eta 85 harpidedun dituzte; taldean, berriz, 50 lagun dira. Kanal horretan abestien letrak zein audioak partekatzen dituzte. “Helburua da Euskal Herrian ere kanta horiek euskaraz ere abestea. Musika bibrazioa da, energia da, eta musikak sendatzen du. Senda kantak bereziki naturari buruzko kantak izaten dira, eta luzeak baldin badaude ere, gehienetan letra gutxikoak dira, errepikapenez betetakoak. Barneko kantak izaten dira, arima edo espiritua lantzen dituenak. Zirkuluan abesten dira, eta zirkuluan sortzen da energia hori, errepikatzen, eta horrela joaten gara bibrazioa sortzen. Erritmoarekin ere jolasten da. Oso bereziak izaten dira halako zirkuluak”.
Topaketaren antolatzaileek azaldu dutenez, kantak taldean abestuko dituzte Astran. Horrekin batera, kanta berriak sortzea proposatuko dute. Horretarako, nola sortu azaltzeko ariketaren bat egitea aurreikusi dute: “Gure barnetik sortzen dira, sentitzen eta gure barruan daukagun horrekin konektatzen”.
Urriaren 7an Bermeon batu ziren lehenengoz, eta, urriaren 24an, eta azaroaren 24an, berriz, Astran. Gaur gaurkoz, 30 kantatik gorako bildumatxoa osatu dute. “Hasiberriak gara. Senda kantuak egiten ditugu, eta zeremonia edo erritu batzuetan ohituta gaude toki askotan, baina, normalean erdaraz izaten dira. Senda kantuak aspalditik ezagutzen ditut, baina, oraintsu arte erdarazkoak izan dira, Ipar Ameriketatik etorritakoak etab. Orain dela gutxi hasi ginen proiektu honekin. Euskal Herrian beti izan dugu abesteko ohitura hori, eta aurretik inoiz ez zitzaidan bururatu euskaraz sortzea edo itzultzea. Gainera, hastean euskarazko senda kantak egiten dituzten taldetxoak ezagutu ditugu. Esan genezake txispa bat sortu dugula, eta jende asko hurbiltzen ari da”, azaldu du proiektuaren kide Idoia Cuesta Trula Goiztizar-ek.
Proiektuagaz hilabete gutxi badaramatzate ere, arrakasta “handia” izaten ari dela azpimarratu dute, eta emaitzagaz eta jendearen parte hartzeagaz “pozik” daude: “Denbora gutxian interes handia sortzen ari da”.
Datorren asteko topaketari zein proiektuari buruzko informazio gehiago gura izanez gero, 635 75 95 80 telefono zenbakira mezua idazteko esan dute. Topaketan parte hartzeko gonbidapena luzatu dute: “Familia kantaria hazten ari da, eta guztien laguntzarekin gai multzo ederra sortzen ari gara. Maila, ahots eta adin guztiak ongi etorriak dira, zirkuluan abestean sortzen den energiarekin gozatzea da kontua”.
Aurrerantzean ere, tarteka, hilean behin edo bi hilabeterik behin, abesteko elkartzea da euren asmoa, eta jendea kantak sortzera animatzea gustatuko litzaiekela adierazi dute.