Gaurko eskola biharko herri
Bermeoko San Frantzisko Herri Ikastetxeak 50 urte betetzen ditu. Mende erdi herriarentzat eta herritarrentzat lanean, etenik gabe. Oreka, berezia, elkarlana edota erreferente dira eskola definitzeko erabilitako hitzetako batzuk.
50 urte. Mende erdi. Bost hamarkada. Edozein modutan esanda ikaragarria da. 50 urte betetzen ditu Bermeoko San Frantzisko Herri Ikastetxeak. Urteurreneko abestian ezin izan dute hobeto azaldu: Gaurko eskola, biharko herri, geroaren oinarri.
2023/2024 ikasturtea berezia da, eta «ohore bat» da eskolaren 50. urteurrena bizitzea gaur egun ikastetxea osatzen duten guztientzat. Eskolako langile eta ikasleek ez ezik, familiek ere osatzen dute. Bermeoko «erreferente» da, ikasleak izandakoak orain aita-amak, aitite-amamak edota irakasleak dira. Komunitate bat osatzen dute, eta familiak ardatz garrantzitsuak dira. Denek egiten dute lan elkarlanean, ildo beretik.
Ikastetxea, nola ez, aldatu egin da bidean, gizartea eta bizitza aldatu diren bezala. Garai bakoitzeko errealitatera egokitzen joan da, belaunaldi bakoitza desberdina baita. Hain zuzen ere, hezkuntza gizartearen isla da. Horregatik baita ere, San Frantzisko eskola anitza da, gaur egungo gizartea bezala, baita inklusiboa ere. Ikasleek bere bizitzan zenbait egoera berriri aurre egiteko gai izan behar dute, hausnartu eta zain dituzten erantzunak aurkitzeko gaitasunak garatzen dituzte. «Etengabe aldatzen ari den mundu honi aurre egiteko, garrantzitsuena berez, ez da ondo heztea, baizik eta bereziki ikasten ikastea».
Baina zerbait bada, batez ere hurbila da, eskola publikoa guztien eskola den heinean, San Frantzisko Herri Ikastetxea herritar guztientzako zabalik dago. Horrelakoa izan da 50 urteko ibilbide luzean, eta bide beretik jarraituko du etorkizunean ere. Oreka lekua da, azken batean eskola. Denentzako hezkuntza eskubidea bermatuz, eskola hurbila eta anitza da.
Sinfonia. Ikasturte osorako sinfonia izango da sortu duten Denon eskola abestia. Urteurrena denen artean ospatu nahi dute, eskolan eta eskolatik kanpo. Eskolan hezi eta gaur egun gizartean ezagunak diren ikasleak argazki erakusketan ikusi daitezke. Eta denak batera elkartu nahi dituzte herri bazkarian. Eta zergatik ez, beste argazki bat gehitu.
Eskola gara denok batera, batera gara eskola, batera denon eskola.