Erdal jatorridun ikasleentzat harrera eta murgiltze plana
Seber Altube ikastolak bat egin du Ikastolen Elkarteko ‘Pulunpa (e)ta Xin’ erdal jatorria duten ikasleentzako harrera eta murgiltze planagaz. Emozioetatik eta emozionatuz, euskaratik eta euskaraz.
Seber Altube ikastolak bat egin du Ikastolen Elkarteko Pulunpa (e)ta Xin erdal jatorria duten ikasleentzako harrera eta murgiltze planagaz. Ikastolan molde, forma eta hizkera informalak eskaintzen dituzten sozializazio baliabideez gozatuz, iritsi berriak diren haurrek hezkuntza sisteman sartzeko erraztasunak izango dituzte.
Proiektuak gutxiagotutako hizkuntza baten testuinguruan, kulturartekotasunetik abiatuta lan egiteko programa proposatzen du. Hizkuntza eta hizkera komunitatean murgiltzeko munduko herrialdeetatik barna bidaia pirata bat egingo dute. «Emozioetatik eta emozionatuz, euskaratik eta euskaraz, Euskal Herritik mundura eta mundutik Euskal Herrira». Zelan? Emozioen bidez, horiek dira balio erantsi nagusiak eta guztiaren oinarri. Kultura eta hizkuntza atxikimendutik abiatuta, programak jolasa, ludikotasuna eta euskara ditu erreminta pedagogiko nagusiak.
Ardatza bizitzako egoerei aurre egiteko konpetentziak dira. Horiek ulertzeko eta irtenbideak bilatzeko, hezkuntzaren ohiko transmisio funtzioa bideratzen duten kultur edukiak garatzen dituzte. Prozedura metadiziplinarrak erabiltzen dituzte.
Irati Arrien, Seber Altubeko zuzendaria
Nondik dator harrera planaren ideia, eta zergatik orain?
Aurreko ikasturte amaieran izan genuen proiektu honen berri, eta ikastolak aurrerapauso bat eman, eta gaur egungo beharrizanei erantzuna emanez, proi-ektua praktikan jartzeko momentu aproposa zela pentsatu genuen. Izan ere, gaur egun gero eta kultur aniztasun aberatsagoa daukagu gure gizartean. Eta ikastolaren esentzia galdu gabe, ikasleen sozializazio prozesuan eta horien testuinguruarekiko, euskararekiko eta euskal kulturarekiko atxikimenduan laguntzeko eta eragiteko sortu da proiektu hau.
Nola txertatu daiteke ikastolen curriculumean?
Euskal Curriculumaren garapen pedagogikoa da ikastolen curriculuma eta horrek, hain zuzen ere, bertako ikasleen irteera profil jakin bat du helburu. Hizkuntzak esangura handia dauka, izan ere, azken batean, hizkuntza bakoitzak mundua ikusteko era berri bat eskaintzen digu. Kultura edukiak, berriz, askotariko egoerak ulertzeko eta irtenbideak bilatzeko behar diren ohiko transmisio funtzioak bideratzen dituztenak dira. Horrela, kulturartekotasunaren ikuspegitik, batak bestea elikatuz, elkarrengandik eta elkar ulertuz, kulturen arteko elkar mendekotasuna erdiesteko ezinbestekoak dira. Beste osagai garrantzitsu bat da euskara ardatz duen eleaniztasuna eta konpetentzia digitala. Euskara munduratzeko eta mundua euskaratzeko ezinbestekoa da. Horregatik, osagai horretan eragin bakarrik ez, ekarpena ere egin nahi dio Pulunpa (e)ta Xin! hezkuntza eta harrera planak.
Zeintzuk dira proiektuaren helburu orokorrak?
Batetik, ikastolara iritsi berriak diren haurrei harrera egitea, testuinguru seguru eta konfiantzazkoan. Era berean, testuinguru berriarekin harremantzeko, ludikoak izango diren egoera gozagarriak eskaini eta horrekiko atxikimendu emozionala sustatzea. Horrez gain, funtsezkoa da haurren sozializazio eta euskalduntze prozesua kulturartekotasunean oinarrituta bideratuta egotea. Horretarako, harrera egiten duten haurrek emozio eta sentipenen bitartez, iritsi berriak diren haurren kultura errespetatuz, euskal kultura zabaltzen dute. Azkenik, ikasleen garapen pertsonalerako euskara oinarrizko elementua izan behar da.
Zein da metodologia?
Jolasa eta ludikotasuna ardatz, ikaslea, bere testuingurua, emozioak, izaera, garapena eta euskara erdigunean jartzen dituen metodologia bat erabiltzen da. Emozioetan oinarritutako murgiltze kultural eta lingustikoan datza. Lehendabizi, irakaslegoaren ehuneko handi batek parte hartu zuen formakuntza bat izan genuen. Ondoren, bidaia pirata atzerritik etorri berria zen ikasle bat zegoen gelan martxan jarri genuen.
Zein da estrategia?
Estrategia formazio euskalduna ematea da baina, era berean, euskaldun eleanitzak heztea. Ikastolek beren hezkuntza komunitatearen barne bizitza euskaraz garatzen dute, eta euskararen normalizazio prozesuan eragile izatea dagokigu. Euskararen eta euskal kulturaren transmisioa, garapena eta zabalkundea ziurtatu beharra dago harremanetan.
Zein da etorkizuneko erronka?
Gero eta gizarte anitzagorantza goaz, gizarte organikora, mugikorrera, likidora. Desberdintasunetan beharrean, bat egiten gaituen horretan lan egin behar dugu, denok euskal kultura biziz eta bakoitzak bere sustraiak argi izanez. Kultura guztiak errespetatuz, ulertuz baina, aldi berean, hizkuntza eta kultura minoritarioei ere daukaten garrantzia emanez, geure altxorra dugun euskara babestuz. Argi daukagu gaur egungo gizartera egokitu behar garela eta, horretarako, harrera eta murgiltze plana lehenengo pauso bat baino ez dela. Erronka handia da, baina gure aurre egiteko gogoak handiagoak dira oraindik ere.