Bertoko enpresa turistikoak Urdaibai jomuga zikloturista bihurtzeko espezializatzen ari dira
Urremendi Landa Garapen Elkarteak antolatuta, Urdaibai jomuga zikloturista, Urdaibai Bike Reserve proiektuaren 2023ko aurrez aurreko hirugarren saioan batu ziren sektoreko enpresen ordezkariak, atzo [abenduak 19], Ekoetxea Urdaibain.
Jardunaldian 2023an egindako ekintzen errepasoa egin, eta 2024rako aurreikusitako ekintzak zehaztu zituzten. Nabarmendu dutenez, 45 agente turistikok baino gehiagok parte hartu dute azken bi urteetako saioetan, eta gaur egun, 34 agente daude atxikita proiektura.
2022ko urrian aurkeztutako proiektua horrek Urdaibain zikloturismoa bultzatzeko eta sustatzeko estrategia garatzea du helburu. Aitziber Ansotegi Urremendi Landa Garapen Elkarteko gerenteak azaldu bezala, helburu nagusia Urdaibai jomuga zikloturista bihurtzea da eta, horregatik, duela bi urte Urdaibairen “espezializazioan eta turismo-eskaintzan sakontzeko” proiektu hau abiarazi zuten.
Horretaz gain, proiektuaren helburuen artean daude Kalitate Eskuliburua egitea eta bizikletari lotutako produktu turistiko berriak sortzea. Horretarako, azken hilabeteetan ahalik eta turismo sektoreko enpresa eta eskualdeko elkarte, klub eta udal gehienen parte hartzea lortu nahi izan dute.
Ansotegik azpimarratu du sorreratik proiektu parte-hartzailea dela, eta eskualdeko txirrindulari profesional eta profesional ohiek parte hartu dutela, baita beste eragile batzuek ere, adibidez, ostatuek, tailerrek, bizikletak saldu eta alokatzeko dendek, turismo bulegoek, turismo aktiboko enpresek… Ildo horretan, 2023rako onartutako Ekintza Planaren barruan, aurreikusi zuten txirrindularitza-pack bat, bizikletentzako aparkaleku batzuk eta tresna-barra bat ematea enpresa turistikoei, haien espezializazioa errazteko, bisitari zikloturistei harrera hobea egiteko, bai eta Kalitate Eskuliburuan zehaztutako gutxieneko baldintzak betetzeko ere. Hain zuzen ere, proiektuari atxikitako enpresek atzoko saioan jaso zituzten bezeroei “kalitatezko zerbitzua eskaintzeko beharrezkoak” diren oinarrizko pack horiek.
“Urdaibaiko turismo-eragile guztiak funtsezkoak dira Urdaibai Bike Reserve proiektuaren engranajean. Gogor ari gara lanean Urdaibain ahalik eta eragile gehien izan ditzagun proiektuaren sustapenean, eta Urdaibai jomuga zikloturista gisa indartzeko. Horregatik, erakunde pribatuen, elkarteen eta beste administrazio publiko batzuen lankidetza eta inplikazioa funtsezkoa da proiektu hau behar bezala gauzatzeko”, adierazi du Urremendi Landa Garapen Elkarteko gerenteak.