Arrizabalagak Mendizabalegaz bikotea osatuta jokatuko du Bizkaia Txapelketa
Esku-pilotako Emakumezkoen VI. Bizkaia Txapelketa urtarrilaren 5, 7, 14 eta 21ean jokatuko dute Bilboko Bizkaia Frontoian. Lau bikote osatuko dituzte: Arrizabalaga eta Mendizabal, Aldai eta Capellan, Garai eta Gaminde, eta R. de Infante eta R. de Larramendi dira.
Ligaxkaren jardunaldi bakoitzean bi partida jokatuko dituzte, eta lehenengo bi bikote sailkatuek lehiatuko dute finala.
Arrizabalaga eta Mendizabal eta R. de Infanteren eta R. de Larramendi bikoteen arteko partidagaz hasiko da txapelketa, urtarrilaren 5ean, 18:00etan. Jarraian, Aldai-Capellan eta Garai-Gaminde bikoteen arteko partidua izango da.
Urtarrilaren 7an 12:00etan hasiko dute bigarren jardunaldia jokatuko da, eta urtarrilaren 14an ordu berean hirugarrena. Urtarrilaren 21ean final handia ere 12:00etan hasiko da.
Partidak ikusteko sarrerak Bizkaia Frontoiko leihatilan erosi ahal izango dira, 3 eurotan. Finala ETB1ek eskainiko duela aurreratu dute.
Aukera-berdintasuna. Leixuri Arrizabalaga Euskara, Kultura eta Kirol foru diputatuaren berbetan, orain arteko ildoari jarraituta, aldundiaren “lehentasuna” emakumezkoen kirola sustatzea da, erakundeak kirolaren arloan aukera-berdintasunarekiko duen “konpromisoa sendotuz”.
Atzo arratsaldeko aurkezpenean nabarmendu zuen oso garrantzitsua dela emakumeek kirol-diziplina guztietan duten zeregina nabarmentzea eta aldundiak sustatzeko konpromisoa berretsi duela: “Euren esfortzuagaz, talentuagaz eta dedikazioagaz, gure lurraldeko kirolaren historian kapitulu oso garrantzitsua idazten ari diren andreei ematen diegun babes tinkoaren erakusgarrietako bat baino ez da txapelketa hau. Era berean, emakume bikain eta aparta hauen talentuaren eta trebetasunaren erakustaldia izateaz gain, Bizkaiak kirolean ekitatearekin duen etengabeko konpromisoaren testigantza ere bada. Emakume hauek esku pilotan daukaten ikusgarritasuna euren balioaren eta gaitasunaren lekuko da”.
Jokalekuan eta jokalekutik kanpo liderrak eta etorkizuneko belaunaldientzat eredu direla gogora ekarri zuen: “Oztopoak gainditu dituzte, eta erakutsi dute generoak ez duela definitzen bakoitzaren lorpenen kapazitatea. Kirolari eta oro har gizarteari egiten dieten ekarpena ezin da baloratu, eta haren eragina frontis honetatik haratago hedatzen da”.