Guggenheim Urdaibai Stop plataforma auzitegi-kostuei aurre egiteko dirua biltzen ari da
Bilboko Guggenheim Museoa Urdaibaira zabaltzeko proiektua geldiarazteko asmoz, Guggenheim Urdaibai Stop plataformak auzitegietara jo du, eta ekarpen ekonomikoak biltzen ari da.
Abenduaren 11n, Muruetako Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren aurkako alegazioak aurkeztu zituen, eta orain, berriz, errekurtsoa eta inpugnazioa jarriko dizkio kostaldeei buruzko legean onartutako aldaketari, hau da, itsasbazterreko babesa 100 metrotik 20 metrora murrizteko erabakiari. Aldaketari hori “Madrilek Bizkaiko Foru Aldundiaren eskariz egindakoa” dela azpimarratu dute.
Prozesua luzea izango dela aurreikusten dute, eta auzibide horietarako ingurumen-auzietan aditua den Jaime Doreste Hernandez abokatua kontratatu dute. Kostu ekonomiko “handia” dela argudiatuta, ahalegin horri aurre egiteko laguntza eskatu diete herritarrei.
Sare sozialen bidez iragarri bezala, ekarpen ekonomikoak jasotzeko kontu-zenbaki hau zabaldu dute: ES80 2095 0130 20 9123296606.
Zain Dezagun Urdaibai. Bestalde, Zain Dezagun Urdaibai Elkartetik jakinarazi dute antolaketa-autonomia erabiliz, sortzen ari diren beste talde batzuengandik “aldentzeko beharra” sentitu dutela. Elkartearen “hainbeste urtetako lana nolabait gutxietsi” dutela uste dute: “Zain Dezagun Urdaibai Elkarteak urteak daramatza Urdaibaiko Erreserbaren defentsaren buru izaten, eta horrela jarraituko du, Zain Dezagun Urdaibai markarekin, Urdaibain egindako ibilbideagatik auzitara jotzeko legitimazioa duen natura babestetzen elkarte bakarra. Asteak dira sare sozialen bidez dirua biltzen ari garela auzitegietara jotzeko hasi dugun bidean jarraitzeko, duela urte batzuetatik gurekin dagoen talde berarekin jo ere. Badakigu, ondo jakin ere, legeak gure alde daudela”. Kontu korronte zenbaki honetan ari dira ekarpenak jasotzen: ES35 3008 0282 1550 3606 1728.
Gogoratu dute aipatutako proiektuari buruzko lehenengo albiste eta zurrumurruak zabaltzean, 2009an, ekin ziola lanari elkarteak, auto-antolaketa eta mobilizazioa sustatuz, eta horrela sortu zela Urdaibaietz elkarte plataforma: “Guztion artean lortu genuen Sukarrietako Kolonian altxatzeko asmoa zuten orduko proiektu hura baztertuta geratzea. Hala ere, sustatzaile nagusiek, Guggenheim Fundazioak eta Bizkaiko Foru Aldundiak, ez zuten amore eman”.