Lointek Gernikako entrenatzaile ohia ikertzen ari dira, adingabe bati sexu abusuak egiteagatik
Mario Lopez Lointek Gernika Bizkaiako kirol arduraduna kargugabetu du klubak. Gernikako Sare Feministak mobilizaziora deitu du biharko, 19:00etan, eta udalerriko eskola komunitateek bat egin dute Allende Salazar Herri eskolak 16:00etan deitutako elkarretaratzeagaz.
El Pais egunkariak jakinarazi duenez, adingabe bati hiru urtez sexu abusuak egiteagatik ikertzen ari dira Mario Lopez, 11 urtetan Lointek Gernika Klubeko entrentzailea izandakoa; klubeko kirol arduraduna ere izan da, gaur kargugabetu duten arte. 1998tik 2001era arte 13 urte zituen neska bati sexu abusuak egitea leporatzen diote; lehenengo Allende Salazar Herri Ikastetxeko taldeko jokalaria izan zen neska, eta gero, Gernika KESB klubekoa. Instrukzio epailearen erabakiaren zain dago orain.
Gernika-Lumoko Sare Feministak mobilizazioa deitu du biharko [abenduak 18], eta 19:00etan Pasealekuan jarri du hitzordua. Lehenago, 16:00etan, Allende Salazar Herri eskolaren aurrean batuko dira elkarretaratzean, eskola komunitateak hala deituta; dei horregaz bat egin du Seber Altube Ikastolak, Barrutiak, Mertzede Ikastolak eta Gautegiz Arteagako Montorre eskolak. Gernika-Lumoko Eh Bilduk “indarkeriarik eta erasotzailerik gabeko herria” aldarrikatu du, “inpunitaterik eta koplizitaterik gabekoa”. Gernika KESBek Zuzendaritza Batzordearen ezohiko bilera deitu du biharko, azken gertaerak “aztertzeko eta erabakiak hartzeko”.
Espainiako egunkariak azaldu duenaren arabera, biktima Lopezek entrenatzen zuen saskibaloi taldeko kidea zen. Erasoak hasi zirenean erasotzaileak 31 urte zituen, erasotuak baino 18 urte gehiago. Iazko ekainean Gernikako epaitegian jarritako salaketaren arabera, sexu abusuak jasan zituen biktimak, eta “etengabeak” ziren bere gaineko kontrola eta mehatxuak. Lehen erasoa 1998ko uztailean gertatu zen, eta hortik aurrera, jarraituak izan ziren abusuak. Salaketaren arabera, bortxatu ere egin zuen, eta felazioak egitera behartu.
Espainiako Saskibaloi Federazioak erasoak gaitzetsi ditu, “aringarririk barik”. “Federazioaren konpromisoa da jokabide horiek erabat desagerraraztea, onartezintzat jotzen baititu. Federazioak arlo horretan dituen politikak oso aktiboak dira, eta zaintza mekanismoak areagotzea dute helburu, horrelako jarduerarik gerta ez dadin”, adierazi dute ohar bidez. Gehitu dute “kasuaren zati bat” urriaren 29an jakin zutela, Gernika KESBen aurkako salaketa bat jaso zutenean: “Salaketa horretan aipatzen da prozedura judizial bat dagoela abian ustezko sexu abusu batzuengatik”. Horri buruzko “ezelako” informaziorik jaso ez arren, federazioak ikerketa espedientea zabaldu zuela jakinarazi du, eta hori salatzaileari, salatuari, klubari eta Bizkai, Araba eta Gipuzkoako Federazioari, Kirol Kontseilu Gorenari eta FIBAri jakinarazi ziela gehitu du. Ordutik, lehiaketetan parte hartzea debekatuta eduki du Lopezek.
Gernika KESBek, bere aldetik, adierazi du gaur izan duela Espainiako Federazioaren ebazpenaren berri, eta hori dela gertatutakoaren inguruan izan duen lehen albiste ofiziala. “Orain arte, klubak ez du izan ikerketaren berri ofizialik. Klubari gertakarien berri eman dion eragile bakarra Espainiako Federazioa da: hark ebazpen bat argitaratu berri du, eta klubak berehala onartu du”. Klubak gehitu du “unero” errespetatu duela indarrean dagoen legedia, eta horrelako kasuen aurrean bete beharreko protokoloak betetzen dituela. Horrez gain, kluba Lopezengandik “bereizi” dela adierazi dute.
Prestigiozko postutik kentzeko eskaera.
Klubak emandako bertsioa ez dator bat Gernika-Lumoko Sare Feministak zabaldutakoagaz. Izan ere, ohar bidez azaldu dute, uda hasieran izan zutela kasuaren berri, eta informazioa izan bezain laster jarri zirela klubarekin harremanetan. “Berria jaso bezain pronto hartu genuen gure lehenengo erabakia: biktimari sinistea. Gero, erasotuaren errelatoa geure eginez eman genituen hurrengo pausoak. Berria jaso genuenean Lopez umeen kanpus bateko arduraduna zen, eta geneukan informazioaren arabera, ligako hurrengo denboraldian lehenengo taldeko entrenatzailea izatea aurreikusita zegoen. Hala, zabalik zegoen prozesua ikusita, ezinbestekoa ikusi genuen saskibaloi taldearekin harremanetan jarri eta beharrezko neurriak hartzeko eskatzea”, azaldu dute. Hala, eraso berrien prebentzioa eta erasotuaren erreparazio prozesua ipar hartuta, erasotzailea prestigiozko postutik kentzeko neurriak hartzeko eskatu zioten taldeari.
Ziurtatu dutenez, udan zenbait bilera eta dei izan zituzten kirol taldeko zuzendaritzako kideekin, “egoerari irtenbide bat emateko asmoz”. Kirol taldearen partetik, baina, “maila horretako entrenatzaile bat ordezkatzeko zailtasunak” jarri zituztela mahai gainean jakinarazi dute feministek. “Bilera ezberdinak egin ostean, bai zuzendaritzaren, bai sponsorren, bai jokalarien partetik Lopez entrenatzaile bezala mantentzeko adostasuna zegoela esan ziguten”, aitortu dute talde feministakoek. Hori dela eta, taldeagaz “adostasun batera heltzeko zabaldutako prozesua amaitu” zutela esan dute, “ez zutelako inondik inora konpartitzen erasotzaile bat lehen lerroan mantentzeko erabakia”.
Hala, klubak Lopez prestigozko postu batetik bestera mugitu izana gaitzetsi dute. “Zentzu horretan, taldeak gurekin izandako jarrera maltzurra salatu gura dugu. Adostutako neurriak hartzeko zabaldutako harremanetan gurekin gezurretan ibili izana salatu nahi dugu. Bere garaian ulergaitza egin zitzaigun talde osoaren adostasun batetan oinarritu dira Lopez prestigiozko postu batean mantentzeko, eta gaur badakigu adostasun hori ez dela existitu izan, eta, gainera, kide ezberdinek taldea uztea ekarri duela”, esan dute.
Hala, “inpunitatearekin eta konplizitatearekin” amaitzeko kalera ateratzeko deia luzatu dute: “Inpunitatearekin amaitzeko isiltasunarekin amaitu beharra dago. Eta isiltasunarekin amaitzeko erasotuei ahotsa eman eta bera jasotzea dagokigu”.
Ikastetxeetan protokoloak.
Allende Salazar Herri eskolak gertatutakoa gaitzetsi eta barkamena eskatu die euren komunitateko kide izan diren bitartean abusuak jaso dituztenei, eta bereziki Lopezen biktimari: “Zoritxarrez, gure egonerokotasunean errotuta dauden gertaerak dira, eta eskola komunitate gisa oso presente izan behar ditugu. Umeok babestea da eskola komunitatearen eginbeharra, beraz, barkamena eskatzen dugu. Ez genuen jakin behar bezala detektatzen eta behar zuen babesa ematen”.
Horrelakoak berriro ez gertatzeko protokoloak martxan dituztela gogoratu dute, “haurren babesa eta ongizatea euren funtsa delako eta eredu izan behar direlako”.
Seber Altube Ikastolak elkartasuna eta babesa helarazi diote biktimari, baita Allende Salazar eskolako komunitateari zein Lointek Gernika Bizkaiko lehengo eta egungo jokalariei ere. Horrez gain, sare feministaren eskaeragaz bat egin dute, espekulazioaetan ez erortzeko eta salaketa jarri duen emakumea zaintzeko. “Salaketaren aurrean ezin dugu beste alde batera begiratu. Horrelakoetan ardura hartzea ezinbestekoa da eta elkar zainduz behar diren neurriak hartzea ere bai”.
Erlazionatutako albisteak.
- Eskola komunitatearen gaitzespena.
- “Inpunitatea eta konplizitatea salatu ditu sare feministak.
- Gernika KESBen zuzendaritza batzordearen lehen erantzuna.
- Mario Lopezen aurkako prozedura judizialean pertsonatuko da Gernika KESB.
- Gernika-Lumoko Udalaren babesa biktimari.
- EAJk eta EH Bilduk elkarregaz proposatu dute udala akusazio partikularra izatea.
- Neurriak hartzerakoan “huts egin” duela onartu du Gernika KESBeko zuzendaritza batzordeak.