Sustabiz Fundazioaren I. Harri Jasotze Txapelketa jokatu dute, Gernikan
Hamaika harri jasotzailek parte hartu dute. Aida Ugalde, Lucia Perez eta Engells Bello nagusitu dira, bakoitza bere kategorian.
Sustabiz Fundazioaren I. Harri-Jasotze Txapelketa jokatu dute gaur [abenduak 16], Gernikan. Txapelketan parte hartu duten hamaika harri-jasotzaileek bi harri jaso behar izan dituzte: zilindroa eta bola. Emakumeak 50 kiloko harriekin aritu dira, gizonezkoak berriz, 87,5 kiloko harriekin. Bakoitzarekin 3 minutuko saioa egin behar izan dute.
Emakumeen kategorian bi mailatan banatuta lehiatu dira. Alde batetik, 60 kilo baino gutxiagoko harri jasotzaileen taldean, Aida Ugalde zornotzarra, Zihara Zabala forutarra eta Itxasne Apraiz bermeotarra aritu dira . Kategoria absolutuan, bestalde, Amaia Mendinueta arratzuarra, Lucia Perez toledoarra, Ane Atxutegi usansolotarra, Maria Martinez getxoztarra eta Leire Bergara sukarrieta lehaitu dira. Gizonezkoen kategoria Iker Kalzada bermeotarra, IƱaki Rafael gernikarra eta Engells Bello busturiarrak osatu dute.
Txapelketari ekin aurretik Mikel Ugaldek bere marka pertsonala hobetzeko saiakera egin du, 100 kiloko zilindroarekin. Gernikarrak hiru altxaketa egitea lortu du.
Harri-jasotzaileak harri zilindroarekin ekin diote lanari. Emakumezkoen maila absolutoan Perez izan da harri jasotze gehien egitea lortu duena: 34. 60 kg azpiko kategorian, berriz, Zabala eta Apraizek 26 altxaketara berdindu dute. Gizonezkoetan Bellok 31 altxaketa egin ditu, bere lehiakideek baino 6 gehiago.
Bolaren altxaketetari dagokionez, maila absolutuan Atxutegi gailendu da, 28 altxaketarekin. Harri berriarekin ere, 23 altxaketarekin Ugalde zornotzarra nagusitu daĀ 60 kilo baino gutxiago partaideen kategorian. Gizonezkoen kategorian Kalzada ez da aldagelatik atera: txapelketa aurretik ere min hartua zegoen eta ez du arriskatu nahi izan. Rafaelek 26 altxaketa lortu ditu, Bellok baino bi gehiago.
Irabazleak. Txapelketan parte hartu duten harri jasotzaile guztien lehen txapelketa izan da gaurkoa, batzuk zeinbait plazatan ibilitakoak badira ere. Emakumezkoen kategoria absolutuan 61Ā altxaketara berdindu dute Perezek eta Atxutegik. Berdinketa hausteko harri jasotzaileen pisua hartu dute kontuan, eta goizeko pisaketan pisu baxuagoa izan duen Perez bihurtu da garaile. Harri jasotzaile toledoarrak “bere Toledoko eta Madrilgo familiaren falta” sumatu badu ere, gaurkoan “gustora” sentitu dela adierazi du, bereziki zilindroarekin. 60 kilo azpiko mailan, 46 altxatze lortuta, Ugalde izan da irabazlea. Lehenengo irtetea egokitu zaio zornotzarrari, eta hasiera batean”urduri” sumatu du bere burua: “Hasieran oso txarto aritu naiz, bereziki teknika aldetik”. Bolan “askoz hobeto” sentitu da, eta kontaketari buelta ematea lortu du.
Gizonezkoen kategorian 55 harri jasotze eginda Bello nagusitu da: hiruzpalau hilabete daramatza harri-jasotze lanetan busturiarrak eta “lehenengo txapelketa izateko oso gustora” aritu dela adierazi du.
Giro aparta. Lehiakideen lanaz eta txapelketak izandako erantzunagatik “pozik” agertu da Joseba Etxebarria Sustabiz Fundazioko zuzendaria. Aurten hasitako harri jasotzaileak direla azpimarratu gura izan du: “Hasiera batean ez genuen uste abenduan 11 parte hartzaile bilduko zituen txapelketa egiteko gai izango ginenik”. Sustabiz Herri Kirol Zentroan sortu den giroa fundazioarentzat “oso garrantzitsua” dela adierazi du. “Bertoko kirolariak protagonista” izan erta familia eta lagunen babesa izatearen garrantzia azpimarratu du Etxebarriak: “Ez gara ekitaldi handietakoak, baina bai gauza txikiak eta gertukoak zaintzen dituztenetakoak”.
Datorren urtera begira “gutxienez beste harri jasotze txapelketa bat” egitea da Sustabiz Fundazioaren helburua, “beste hainbat ekitaldirekin batera”. Epe laburrera, Urtarrilaren 20an Ingude Jasotze Txapelketa jokatuko dute, eta otsailaren 10ean Trontza Txapelketa.