Sustabiz Fundazioko I. Harri Jasotze Txapelketa jokatuko dute
Eskualdeko zortzi kirolarik lehiatuko dute Sustabiz Fundazioak lehenengoz antolatu duen txapelketa. Zapatuan [abenduak 16] 11:30ean hasiko dute, Sustabiz Herri Kirol Zentroan. Bestalde, 2024.urte hasierarako Ingude Jasotze Txapelketa eta Trontza Txapelketa prestatu dituzte.
Busturialdeko ordezkaritza zabalak lehiatuko du Sustabiz Fundazioak antolatutako lehenengo Harri Jasotze Txapelketa, zapatuan (abenduak 16), 11:30etik aurrera, Gernika-Lumoko Sustabiz Herri Kirol Zentroan.
Zortzi emakumek eta hiru gizonezkok izena eman dute. Itxasne Apraiz bermeotarra, Zihara Zabala forutarra, Leire Bergara sukarrietarra, Lucia Perez gernikarra, Amaia Mendinueta arratzuarra, Aida Ugalde zornotzarra, Ane Atxutegi usansolotarra eta Maria Martinez getxoztarra ariko dira emakumezkoen txapelaren bila. Gizonezkoetan hirurak izango dira eskualdekoak: Iñaki Rafael gernikarra, Iker Kalzada bermeotarra eta Engells Bello busturiarra.
Emakumezkoak 50 kiloko zilindroarekin eta bolarekin ariko dira, eta gizonezkoak, berriz, 87,5 kiloko zilindroarekin eta bolarekin; denek ere 3 minutuko saioak egingo dituzte harri bakoitzarekin.
Bestalde, Mikel Ugaldek bere marka pertsonala hobetzeko saiakera egingo du, 100 kiloko zilindroarekin.
“Martxa onean”. Apirilean Ekoetxea Urdaibain aurkeztu zuten Sustabiz Fundazioa, eta Joseba Etxebarria zuzendariak nabarmendu du “martxa onean” dabiltzala, eta jendea erantzuten dabilelako “pozik” daude.
Zentroa maiatzean ipini zuten martxan, eta udalerri askotan erakustaldiak eta parte hartze saioak egiten ari dira. Gainera, Europarako saltoa ere eman dute udazkenean, Joko eta Kirol Tradizionalen Europako Elkarteko kide izatera pasatu baita.
Fundazioa sortu eta aurkeztu zutenean, ez zeukaten “aurreikuspenik”, eta, orain, beste pauso bat ere eman dute. Fundazioagaz batera, Arkupe Sustabiz Kirol Elkartea eratu dute, “txapelketetara bideratu ahal izateko bide hori edukitzeko”. Herri kiroletan dagoeneko hamabi kirolarik daukate federatu fitxa, txapelketak lehiatu ahal izateko.
Etxebarriak azaldu duenez, batez ere, harri jasotze entrenamenduetara jendea “erregulartasun handiagaz” joaten da, eta maila ona daukate. Era berean, gogoratu du zentroko ateak “denentzat” zabalik daudela: “Zentroko ateak ez bakarrik Urdaibaiko jendearentzat, Bizkai osora zabalik daude. Adibidez, Ugalde eta Martinez ez dira fundazioko kideak; txapelketan parte hartzeko baldintza modura ipini genuen zentroan bost entrenamendu saio jaso behar zirela, eta emakumezkoetan zortzi kirolarik izena eman dute, kopuru oso ona da”.
Urtea amaitzeko I. Harri Jasotze Txapelketa antolatu dute, eta 2024. urte hasierarako beste bi hitzordu zehaztu dituzte. Urtarrilaren 20an Ingude Jasotze Txapelketa jokatuko dute, eta otsailaren 10ean Trontza Txapelketa.