Hegalaburraren etorkizuna, zalantzan
Nazioarteko ikerketa baten arabera, Mediterraneo itsasoko tenperaturak gora egingo du. Ondorioz, hegalaburra hazteko eremuak lekuz alda daitezke, "Bizkaiko Golkora edo beste eskualde hotzago batzuetara".
Datozen 50 urteetan Mediterraneo itsasoaren tenperaturak gora egingo dutela ondorioztatu du Azti zentro teknologikoak, Southamptongo Unibertsitatearekin eta British Antartic Survey teknologiarekin elkarlanean egindako ikerketa batean. Atun gorria Europako iparraldeko uretara itzultzea “kontserbazio lanaren arrakasta” izan dela dio Aztik, baina nabarmentzen dute nazioarteko azterlan honek Mediterraneoko ugalketa-eremuetan tenperaturek gora egiteak epe luzeko errekuperazio hori arriskuan jar dezaketela.
Aurreikusita dagoen bezala tenperaturek gora egiten badute, “hegalaburrak bere ugalketa-estrategia egokitu beharko du”. Izan ere, baliteke Mediterraneoan ugaltzen eta hazten den populazioa beste eskualde epelago batzuetan kokatu behar izatea: “Espezie horren arrantzaren kudeaketa egokitu egin beharko da”. Clive Trueman Southamptongo Unibertsitateko Ekologia Geokimikako arduradunak azaldu duenez, “28 gradutik gorako tenperaturek hegalaburraren hazkundean eragin negatiboa” izango du. Proiekzioen arabera, Mediterraneo itsasoaren zatirik handiena tenperatura hori baino altuagoa izango da datozen 50 urteetan, “beroegia han jaiotzen diren hegalabur gazteentzat”. Ondorioz, baliteke umetze-eremuak lekualdatzea, hala nola, “Bizkaiko Golkora edo beste eskualde hotzago batzuetara”, eta “atun gazteak beste espezie batzuen arrantza-tokietara eramatea”.
Atlantikoaren ekialdetik harago doan joera dela nabarmendu du Igaratza Fraile Azti-ko arrantza kudeaketan adituak: “Atlantikoaren mendebaldean, hegalaburra Mexikoko golkotik kanpo ugaltzen ari da, eta hori udako tenperatura igoeragatik gerta liteke, atun gorriaren tenperatuta optimoa neurri handi batean gainditzen baitu”. Zergatia azaltzerik ez badute ere, Atlantikoaren ekialdeko eta Mediterraneoko populazioek “antzera jokatzen dutela esan daikeleela” adierazi du, “ugaltzeko alternatibak bilatuz”.
Metodo berritzailea. Zortzi herrialdetako zientzialariz osatutako ikerketa-taldeak metodo berri bat erabili zuen, atun gorriak garatzeko tenperatura-muga zehazteko: otolito izeneko kare-egitura txiki bat erabiliz. Arrainen adina zehazteko erabili ohi den arren, ikerketa horretan atun gorriaren energia kontsumoa neurtzeko erabili dute. Aztitik adierazi dutenez, agerian utzi du energia-kontsumoa 28 gradutik gorako tenperaturetan murriztu egiten dela, eta arrainak letargiko bihur daitezke.
Arrain guztiek harrizko ehuna dute otolito izeneko belarrian, zarata hautemateko eta orekarako. Truemanek, erabilitako metodo berritzailearen aitzindariak, esan duenez, “gure lan berriak otolitoko karbonoaren eta oxigenoaren isotopo egonkor naturalen mailetako aldaketak erabiltzen ditu, hegalabur bakoitzaren tasa metabolikoa ezagutzeko”. Horrela jakin ahal izan dute noiz ari diren ura gehiegi berotzen, arrainek jasan dezaten: “Forma fisikoaren arakatzaile natural bat bezalakoa da”. Ugalketa-eremuak gehiegi berotzen badira, “arrain gorriaren produktibitatea eta arrantza-tokien jasangarritasuna” arriskuan jar litezke.