Euskadiko Goma Gaineko Txapelketaren hirugarren jardunaldia, Busturian
Gizonezkoen 640 kiloko kategoria lehiatuko du Murueta Sokatira Taldeak. Aitor Aretxaga Busturiako alkateak adierazi du, busturiarrentzat "harro egoteko" modukoa dela txapelketa honegaz bat egin, eta bertoko kirolariak eta herri kirolak "ikusarazten laguntzea".
Euskadiko Goma Gaineko 8X8 Sokatira Txapelketaren gizonezkoen 640 kilo eta emakumezkoen 540 kiloko bigarren kanporaketak jokatuko dituzte zapatuan [abenduak 16], 17:00etatik aurrera, Altamiran.
Gizonezkoen 640 kilotan, Muruetagaz batera, Abadiño A, Amaiur, Beti Gazte Ibarra, Ñapurrak eta Zuraideko bi talde arituko dira nor baino nor. Emakumezkoen 540 kilokoa, berriz, bost talde hauek lehiatuko dute: Abadiño A, Amaiur, Badaiotz, Beti Gazte eta Ibarra. Taldeek 3 tiraldiko txandetan jokatuko dute aldi berean.
Abenduaren 3an Elizondon jokatu zituzten kategoria bi horietako lehenengo kanporaketak. Gizonezkoen 640Kg-koan Beti Gazte izan zen onena, eta 8 puntu eskuratu zituen; Zuraide geratu zen bigarren, 6 (puntu) eta Abadiño hirugarren (5 puntu). Ñapurrak (5 puntu), Amaiur (4 puntu) eta Ibarraren (3 puntu) atzetik, Zuraide Bk eta Muruetak 1,5na puntu bildu zituzten.
Emakumezkoen 540Kg-koa ere Beti Gazte talde nafarrak (5 puntu) irabazi zuen, eta Ibarran puntu bakarrera geratu zen. Amaiurrek, Abadiñok eta Badaiotzek bina puntu lortu zituzten.
Hurrengo asteburuan Donezteben lehiatuko dituzte bi kategorietako finalak. “Sei sailkatu onenak Basque Country txapelketarako sailkatuko dira zuzenean”.
Herri kirolen zaleak “zorionekoak” direla nabarmendu du Aitor Aretxaga Busturiako alkateak: “Herri kirolekiko zaletasuna da diziplina hau bizirik mantentzen duena, horregatik, ilusioz hartzen dugu txapelketa hau eta Busturialde osoa animatzen dugu kirol ekitaldi honetara hurbiltzera. Gainera, parte hartzen duten taldeen artean eskualdeko ordezkaritza daukagu, Muruetako tiratzaileak. Harro egoteko modukoa da Busturiarrontzat txapelketa honegaz bat egitea, eta geure kirolariak eta gure herri kirolak ikusarazten laguntzea. Are gehiago, gure arbasoek baserrian eta mendietan egindako lanetan jatorria dauken herri-kirolei dagokienez; izan ere, gurea landa-udalerria da eta gure nortasun-ezaugarriak mantentzen ditu”. Helburu horri arreta eta ahalegin berezia eskaintzen diotela zehaztu du.
Bizkaiko Txapelketa. Abenduko lehenengo asteburuan hitzordu bikoitza izan zuten Bizkaiko taldeek. Bizkaiko 4x4ko Sokatira Txapelketa lehiatu zuten, Gamiz-Fikan. Muruetak bi talde atera zituen 310 kilotan, eta bosgarren eta seigarren sailkatu ziren. Abadiño A taldeak irabazi zuen txapelketa. Gaztedi geratu zen txapeldunorde eta Goiherrik osatu zuen podiuma.