Erdi Aroko Bermeo ezagutzeko aukera dago Arrantzaleen Museoan
Ekaianaren 16ra arte bisitatu ahalko da erakusketa. Bermeori buruzko Erdi Aroko dokumentu originalak ikusteko aukera egongo da.
Bermeo, Bizkaiko Burua, Erdi Aroan erakusketa aurkeztu dute gaur [abenduak 13] Bermeoko Arrantzaleen Museoan. Hainbat artxibotik ekarritako eta Bermeori buruzko Behe Erdi Aroko dokumentuak egongo dira ikusgai erakusketan bihartik [abenduak 14] eta ekainaren 16a bitartean. Bitor Uriarte eta Asier Romero bermeotarrak aritu dira komisario lanetan, eta Rober Garaik sortu ditu ilustrazioak. Erakusketarekin batera izaera didaktikoa duen katalogoa ere sortu dute.
Begoña de Ibarra Bizkaiko Foru Aldundiko Kulturako zuzendari nagusiak adierazi duenez, “hurbilketa historikoan beti izan behar den zorroztasun eta seriotasunetik abiatuta, paneletako testu eta irudiek orain arteko gutxi aztertu den garai horretan Bermeok izandako bilakaera historikoa erakusten da” erakusketan. Izan ere, XIII., XIV., XV. eta XVI. mendeetako dokumentu sorta –hiribilduari buruzko dokumentu nagusietako batzuk– ikusi ahal izango dia bertan, pergaminoetan aurkeztuta. De Ibarrak azaldu duenez, erakusketa eta katalogoak Arrantzale Museoak Bizkaiko memoria historikoarekin duen konpromisoaren lekuko dira.
“Kontutan izan behar da herrikohistoriaren artxiboa birritan eten dela 1504. eta 1722. urteetako suteen ondorioz”
Erdi Aroan izandako bilakaera erakusteko orduko balio historiko handiko hainbat dokumentutan oinarritu dira: testamentuetan, auzi-agirietan, botere-gutunetan, pribilegioetan eta liburu sakratuetan. “Udalerri honen garrantzia historikoa ez da horren ezaguna. Arrantzaleen Museoak bere 75. urteurrena ospatzeko antolatu duen programazio aberatsaren barruan, erakusketa honek Bermeo benetako epizentro politiko eta ekonomikoa izan zen garaia erakusten du, Bizkaiko herri nagusia izan baitzen, gure lurralde nortasunaren eraketan funtsezko zeregina izan zuena”.
Dokumentuak Espainiako hainbat dokumentu artxibategitik lortutako dokumentuak direla azaldu Romerok: “Kontuan izan behar da herriko historiaren artxiboa birritan eten dela, 1504. eta 1722 urteetako suteen ondorioz”. Ondorioz, Nafarroako Artxibo Nagusitik, Bizkaiko Elizaren Histori Artxibotik, Simancaseko Artxibo Nagusitik, Valladolideko Errege Kantzelaritzaren Artxibotik, Lekeitioko Udal Artxibotik eta Loiolako Santutegiko Artxiboan eskuratu behar izan dituzte erakusketan ikusgai dauden dokumentuak.
“Euskal Herrian proportzio fisiko handienak dituen dokumentua da”
15 idazki original daude ikusgai erakusketan, eta bereziki horietako bi nabarmendu ditu Romerok: “Alde batetik, 1297an Bermeon hainbat prokuradoreri emandako botere gutuna. Hori oso interesgarria da hiribilduaren lehen zigilua mantentzen duelako, aurreragoko mendeetan transmitituko den sinbologia antzeman daitekeelako”. Bigarrena 1424ko Konkordia Legea da, hiribilduko kleroaren eta konbentuko frantziskotarren artean ezarri zena. Euskal Herrian proportzio fisiko handienak dituen dokumentua da”. Horrez gain, Almike eta Santa Maria de la Atalaiako bautismo liburuak eta Juan Akuriok, munduari buelta eman zion lehen bermeotarrak, Elcano-Magallanes espedizioan zendutako bermeotarrek beraien dirua jaso zezaten enperadoradeari egindako eskaera ere aurkitu daitezke, besteak beste, Arrantzaleen Museoan.
Testuinguru historikoa. “Mendez mendeko eskema klasikoa” jarraitu dutela adierazi du Uriartek, XIII. mendetik XVI. mendera artekoa. Lehenengo garaia “Bizkaia herrialde bezala forma hartzen hasten den garaia” bezala definitu dute lanean: “Orduan sortu ziren lehen hiribilduak, besteak beste, Bermeo. Ordukoak dira, baita ere, hemengo ekintza ekonomikoen inguruan ditugun lehen berriak”. Bale-ehizaren ilustrazioak osatzen du mende horretako panela. XIV. mendea “Bermeoren mendea” legez aurkezten da, herria merkataritzan “benetako garrantzia” hartzen hasi zen garaia. Aro horri dagozkio herriak Bizkaiko buru bezala emandako lehen testigantzak. Bermeo harresi batez inguratzeko, 1334. urtean Alfontso I.ak emandako agindua ere testuinguru horretan kokatzen dela nabarmendu du Uriartek.
“Bermeoren beherakada” eman zen XV. mendean. Bermeok portu edo herri bezala izan zuen beherakada nabaria izan zen: “Herriak hainbat eta hainbat desastre pairatu zituen”. Azkenik, XVI. mendearen panela sute batez irudikatu dute. Romerok esandakoari errefentzia eginez, 1504. urteko sutea ekarri du gogora Uriartek: “Beste sute asko izan ziren Erdi Aroan, baina hori esanguratsuena izan zen”.
Bizkaiko burua katalogoa. Erakusketaren ideia nagusiak biltzen dituen katalogo bat ere sortu dute erakusketarekin batera. “Helburu dibulgatiboa” duen liburua da, eta bereziki Bermeoko ikasleei zuzenduta dago. Bermeoko nerabeak erakusketara gerturatzea “oso garrantzitsua” da komisarioentzat, “Bermeon Erdi Aroa nolakoa izan zen ezagutzeko”. Erakargarri egiteko asmoz, “testu sinpleak eta ilustrazioak” tartekatu dituzte. Izan ere, ilustrazioen bitartez mende bakoitzeko ezaugarri nagusiak adierazi nahi izan dituzte. Rober Garai ilustratzailea izan da komisarioek gogoan dituzten “ñabardura historikoak “ulertu eta irudi bihurtzeko ardura” izan duena.
Erakusketa erakargarriago egiteko, panel bakoitzean QR kode bat jarri dute. Kode horrek zuzenean Instagrameko filtro batera eramango du ikuslea, ilustrazioa errealitate areagotuan ikusteko aukera eskainiz.
Erakusketa ekainaren 16ra arte bisitatu ahalko da, Arrantzaleen Museoan. Aixa Gazteluk, Arrantzaleen Museoko zuzendariak. erakusketarekin batera museoan bertan hainbat jarduera osagarri egingo direla iragarri du, hala nola, hitzaldi zikloa; hizlarien artean Romero, Uriarte eta Garai egongo dira.
EGITARAUA
Urtarrilak 18, eguena.
– Bitttor Uriarteren Dokumentazioaren ikuspuntutik Bermeo, Bizkaiko Burua, Erdi Aroan hitzaldia.
Otsailak 15, eguena.
– Asier Romeroren Erdi Aroko dokumentaziotik gabeko herria? hitzaldia.
Martxoak 14, eguena.
– Isabel Mellenen Participación de las mujeres en el contexto socio-economico familiar durante la Baja Edad Media hitzaldia.
Apirilak 25, eguena.
– Jesus Muñiz eta Asier Romeroren Santa Maria de la Atalaya: historia de un icono desaparecido hitzaldia.
Maiatzak 30, eguena.
– Rober Garai ilustratzailearen Recreación gráfica: una mirada al pasado de Bermeo hitzaldia.