Bermeoko udal aurrekontuaren egonkortasuna "zalantzazkoa" dela diote jeltzaleek
Bermeoko udal gobernuari "negoziaziorako jarrerarik ez izatea eta aurrekontuak zuhurtziarik gabe puztea" leporatu dio oposizioak, eta udal aurrekontuaren "oinarri nagusiak" EAJk utzitakoak direla nabarmendu du Aritz Abaroa jeltzaleak. Udal aurrekontuen kontra bozkatu badute ere, adostasunera heltzeko eta kontrako botoaren ordez, abstentzioaren alde egiteko ahalegina egin dutela adierazi du.
2024rako Bermeoko udal aurrekontua jasotako datuak aztertu eta alderatu ondoren, Euzko Alderdi Jeltzalearen zinegotziek diru-sarreren saileko datuei buruzko kezka agertu dute, “modu artifizialean puztuta” daudela uste baitute, “zalantzazko eta zuhurtziagabekeriazko” aurreikuspenekin.
Oposizioak Udal Gobernuari leporatu dio erakundeen arteko “leialtasunik eta prozedurekiko errespetua ez izatea”. Aurreko legealdian kritikatzen zituzten jarrerak “larriagotu” dituztela eta aurrekontuak negoziatzeko “prestasunik ez” dutela erakutsi esan dute: “EH Bildu-Guzan koalizioaren aldetik jokabide desleial eta errespetugabea jaso dugu”.
Jeltzaleek salatu dute prezio publikoak igotzea aurreikusten duten aurrekontuak aurkeztu dituela: “Igoera horiek komisioetan negoziatu gabe, beti egin izan den bezala. Ordenantza fiskalak eta prezio publikoak beti eztabaidatu eta onartu behar dira aurkeztu eta irizpena eman aurretik, neurri batean horiek baitira bertan jasoko diren diru-sarreren oinarria”.
Aritz Abaroa jeltzaleen bozeramaileak atzo azaldu zuenez, udal aurrekontuen kontra bozkatu badute ere, adostasunera heltzeko eta kontrako botoaren ordez, abstentzioaren alde egiteko ahalegina egin zuten.
Alderdi jeltzaleari aurkeztu zitzaion proposamena eta atzoko ez ohiko osoko bilkurara aurkeztakoa “ez datozela bat” esan zuen: “Erakundeen errespetu falta larria eta proposamenak aztertzeko eta egiteko epe gutxi izan arren, Bermeoko EAJ-PNV lanean aritu da aurreko legegintzaldian abian jarri ziren proiektuak bermatzeko eta bermeotarren bizi-kalitatea hobetzeko ekimenak proposatzen jarraitzeko”. Era berean, euren zalantzak argitzeko Udal Gobernuaren ordezkariek borondaterik ez izatea kritikatu zuen.
Aurrekontuetan jasotako proiektu handi guztiak EAJ-PNV-k aurreko legegintzaldian bideratuta utzi zituenak direla nabarmendu zuen: “Berri ona da aurrekontuen zati handi bat Bermeoko EAJ-PNV-k hirigintza eraldatzeko, segurtasuna hobetzeko eta bizilagunen kalitatea hobetzeko abian jarritako proiektuetara bideratzea, baina oso kezkagarriak dira zenbait atxikimendu”.
Oposizioak bi proposamen aurkeztu ditu: ade batetik, EH Bilduk 2011n bertan behera utzi zituen exekuzio-unitateek sor zitzaketen arazo judizial eta ekonomikoak konpontzeko HAPNren mofikazioa egitea, eta, bestetik, Bizkaiko Jaurerria berrurbanizatzeko proiektuaren idazketa eta exekuzioa, EH Bilduk bere zuzenketetako batean aurreko urteko aurrekontuetan ere ikusi zuena. “Gure harridurarako, gure proposamenetako bat ere ez da onartu, ez baitira gure zuzenketak aztertu”.
Bermeoko EAJ-PNV-ren ustez, gastuetan islatzen dira aurreko legegintzaldian lortutako laguntzei esker egingo diren proiektuak (Gaztelugatxeko San Juan Interpretazio Zentroa, Juan de Nardiz kalea berrurbanizatzeko proiektua, Lamerako argiteria berria edo turismo-bulegoaren hobekuntzak, Txibitxiaga-Itxasbegiko igogailua, Itxasbegiko aparkalekua, Iparragirre berrurbanizatzea, Zarragoitxiko sarbideko biribilgunea kentzea…), baina Eusko Jaurlaritzak emandako laguntzei esker lortutako zuzkidura ekonomikoa baino ez da jasotzen: “Udal Gobernuak ez du aurreikusi udal gisa egingo duen ekarpena, eta, beraz, zalantzan dago zenbait proiekturen bideragarritasuna. Era berean, azpimarratu behar da udalean lanpostuak egonkortzeko egiten ari den prozesuari dagokionez, kalte-ordainak ordaindu behar izanez gero, udal-gobernuak ez duela horretarako inolako partida ekonomikorik aurreikusi”.