Bermeoko udal aurrekontua "inoizko handiena" izango da
Udal Gobernua osatzen duten EH Bilduren eta Guzanen aldeko bederatzi botoekin, 30,4 milioi euroko udal aurrekontua onartu dute. Bost ildo estrategiko nagusitan jasotako aurrekontu "sozialak, feministak, herrikoiak eta euskaldunak" dira, eta Bermeo bizia, jasangarria, eraldatzailea eta gertukoa dute helburu.
Bermeoko Udalak 30.435.844,98 euroko aurrekontua (Beruala 534.941,55 euro) onartu zuen 2024rako EH Bilduren eta Guzanen aldeko bederatzi botoekin atzo iluntzean [abenduak 12]; EAJ-PNVren zortzi zinegotziek kontra bozkatu zuten.
“Oso pozik gaude; udal honetan aurkeztu diren aurrekontu handienak dira. Udal aurrekontu hau gure lan lerro nagusi diren pertsonentzat egindako Bermeo gertu eta jasangarria bultzatzeko, herriko jarduera bizia sustatzeko eta eraldaketa ekonomikoa abian jartzeko bideratuko da. Aurrekontu sozialak, feministak, herrikoiak eta euskaldunak dira”, adierazi zuen Bermeoko alkate Nadia Nemeh Shomalyk. “Inor atzean uzten ez duen eta pertsonek pertsonentzat egindako” Bermeo nahi dutela nabarmendu zuen. Erronka argiak ditu Udal Gobernuak; gizarte politikak, balioak, bizikidetza, eta oinarrizko zerbitzuak bermatzea dauka jomuga. Bermeo soziala eta berdinzalea eraiki nahi dute, etxebizitza, osasuna, bizi kalitatea eta inklusibitatea oinarri izanda. Horretarako, bost ildo estrategiko nagusi jaso dituzte; Bermeo bizia, jasangarria, eraldatzailea eta gertukoa izan dadin lan-ildoak zehaztu dituzte.
Diru-sarrerei dagokienez, 13 milioi euro Udalkutxatik jasoko dituzte; tasa, zerga eta prezio publikoetatik jasotakoa 9,5 milioi euro izatea aurreikusi dute. Horrez gain, hainbat proiektu diruz laguntzeko Eusko Jaurlaritzatik eta Europako Batasuneko Next Generation funtsetatik 3,2 milioi euro jasoko ditu udalak. Funts horietatik milioi bat euro partikularrei zuzenduko zaizkiela azaldu dute.
Eraikin, Instalazio eta Lanen gaineko Zergatik (EILZ) biltzea espero duten kopurua “nahiko igoko da”; 3.300.000 euro batzea aurreikusi dute: “Lizentzietan atzerapena topatu dugu, 2021etik lizentzia asko eman barik daude”. Hiri Lurren Balioaren Gehikuntzaren gaineko Zerga (HLBGZ) ere 2021. urte amaieratik “bildu gabe” egon dela azaldu zuen Nemeh-k: “Atzerapena arazo informatikoagatik izan dela esan digute, eta 200.000 euro baino gehiago jasotzeko daude”.
Bost ardatz estrategikoak. Danontzako Bermeo atalean, Gizarte zerbitzuetarako 1.416.294,58 euroko aurrekontua edukiko dute, eta Berdintasun politiketarako, berriz, 54.200 euro.
Endika Etxebarria Telleriak azpimarratu zuenez, oinarrizko gizarte zerbitzuak indartzea da helburu nagusietako bat: “Horiek ematen diete laguntza zaurgarritasun egoeran dauden adin txikikoei eta familiei”. Bertako psikologoaren lan-jardunaldia %75era igoko dute. “Agintaldia amaitzerako %100 izatea da gure nahia”. Gizarte hezitzaileen lana “handitu” eta horiekin batera gizarteratze proiektua jorratuko dute.
Berdintasun politikak “indartu” behar dituztela ere argi daukate. Horretarako, Arantza Ormaza Tarantino zinegotziak esan modura, aurrekontua handitu dute; iaz baino 17.000 euro gehiago bideratuko dituzte euren helburuak lortzera. “Herri feminista, berdinzale, kontzientziaturiko herria eta segurua izatea nahi dugulako egin dugu apustu hori”. Besteren artean, Martxo Morea sortu gura dute, eta LGTBIQA+ kolektiboak herrian daukan egoeraren azterketa egingo dute: “Kolektibo honetako herritarrak herritik joaten ari dira, eta, hori, ikertzeko eta hobetzeko alderdia dugu”. Herri segurua lortu gura duten heinean, kanpainak bultzatuko dituzte, “babesgune desberdinak” sortzeko, eta herri kontzientziatu feminista sortzeko, maiztasunez, tailer eta hitzaldiak eskainiko dituzte, “herritar aktiboak bihurtzeko”.
Bermeo Bizia egiteko, kultura, kirola, euskara, gazteriaren aisialdia, sormena eta jaiak sustatzeko helburua daukate.
Besteren artean, kirola egiteko aukera aniztasuna eta azpiegitura egokiak eskaintzea bermatuko dute, eta 807.351,54 euroko diru saila aurreikusi dute.
Herria erakusleiho artistiko eta kulturala bihurtu gura dute, eta 615.824 euroko aurrekontua bideratuko dute horretara. Bestalde, ume, nerabe eta gazteei aukera hezigarriak eskaintzea da Gobernu taldearen lehentasunetako bat, 147.192 euroko diru sailagaz. Herritarrak euskaraz bizi daitezen lortzea dute helburu, euskara bereizgarri eta erakargarri eginez; 152. 203 euroko aurrekontua daukate.
Herriko kultur taldeei ematen dizkieten diru laguntzak igo dituzte. Endika Etxebarria zinegotziaren berbetan, talde horiek “bizirik mantentzeko” beharrezkoa izan da igoera hori gauzatzea. Kultur agenda indartuko dute, eta baita herriko jaiak sustatu eta herriarentzat eraiki ere. Herriari bizitasuna emateko, “dirurik inbertitu barik, kultur eta jaietako mahaiak eta kultura kontseilua sortzea” dute helburu.
Kirol jarduerak sustatuko eta kirol azpiegiturak hobetuko dituzte. Kiroldegiaren irekiera-ordutegia ordubete aurreratuko dute, eta, beraz, 07:00etan irekiko dute. Askotariko kirol jardueren eskaintza edota aukera bermatuta egotea gura dute, gazte zein helduen artean. “Gazteek oporraldietan herrian kirol eskaintza bizi bat edukitzea gura dugu, eta nagusientzat bizimodu osasuntsu baten aldeko apustua egin dugu”, azaldu zuen Xabier Ortuzar Butron alkateordeak.
Herriko ikastetxe guztiei igeriketa ikastaroak jasotzea bermatuko diete: “Gau egun, zentro batean gazteek ez daukate bermatuta”. Halaber, kiroldegiko igerilekuan bi kale gehiago atera ahal izateko proiektua idazteko 18.000 euroko diru saila aurreikusi dute: “Bihar-etzi diru laguntzaren batera aurkeztu ahal izateko proiektua egin gura dugu”. Frontoian jarduera “errekuperatzeko apustua” egin dute, eta, besteren artean, sarea ipiniko dute eta markagailua aldatu. Bestalde, kiroldegiko urteko kuota %6 igoko dute, 112 euro izatetik 119 euro izatera pasatuko da 2024an (ikastaroen prezioak mantenduko dituzte).
Gazte eta umeen aisialdia euskalduntzea ardatz garrantzitsua dela nabarmendu zuen Iker Bilbao San Nicolas euskara zinegotziak. 2024ean bertsogintza berreskuratuko dute: bertso eskolak, emanaldiak… eskainiko dituzte. Itsuki Irratia herri irratia izateko lanean ari dira: “Edonork eta edozein taldek beren hitzak esan ahalko ditu”. Modu berean, udalerriko enpresa eta komertzioetan “euskarari indarra” emateko aukerak ikertzen ari dira.
Maite Caruezo Ugaldek azaldu legez, gazteria sailetik gazte ekintzailetza bultzatzen jarraituko dute, baita Adikzio eta Menpekotasuneko Prebentzio Planagaz ere, hezkuntza zentroekin elkarlanean, eta merkatariekin eta ostalariekin lanean hasiko dira. “2024ko erronka handiena izango da lantalde berria sortzea, Gaztelekuko zerbitzurako programa berria osatzeko”. Besteenganako tolerantzia, aisialdian mahai jokoak eta teknologikoak, herriko inguruak ezagutzeko eta emozioen kudeaketarako jarduerak antolatuko dituzte.
Victor Uriarte Anasagasti zinegotziaren hitzetan, artxiboa digitalizatzeko lanei eta sarean ipintzeari ekingo diete udal liburutegian, “denen eskura egoteko”. Herriko kultur eragile eta sortzaileen lanak argitaratzeko eta ibilbide kultural, historiko eta paisajistikoak sortzeko edo diseinatzeko asmoa daukate.
Eraldaketa urbanistikoa eta auzoen garapena lortu nahi dute, Bermeo jasangarria eraikitzeko bidean. 3.730.559,35 euroko inbetsioa egingo dute. “Jasangarritasuna, eraldaketa urbanistikoa, auzoen garapena, Alde Zaharraren biziberritzea, garbitasuna, irisgarritasuna, mantenua, espazio atseginak eta segurtasuna jorratzeko inbertsioa izango da”, adierazi zuen Bermeoko alkateak.
Besteak beste, Alde Zaharra biziberritzeko 3.317.728,93 euro aurreikusi dituzte, eta landa auzoen garapena eta irisgarritasuna lortzeko 117.800 euro.
Zigor Uriondo Arrue hirigintza saileko zinegotziak azaldu bezala, zenbait gune berreskuratzeko inbertsio estrategikoak dira. Alde batetik, udalak egin beharrekoak daude, eta Txibitxagako igogailuko eta Zarragoitxiko biribilgunea kentzeko eta urbanizazio lanekin hasiko dira, irisgarritasuna hobetzeko helburuagaz. Beste alde batetik, partikularrek jasangarritasun energetikora zein eraikinetan irisgarritasuna hobetzera bideratuta egin beharreko inbertsioetan udala “bidelagun” izango da. “Gune degradatuetan jendearen bizi kalitatea hobetzeko lan egingo dugu”.
Hain zuzen ere, Nardiz Tar Jon Kalearen obrarako eta gune degradatuak birgaitzeko ere erabiliko dituzte Europatik datozen diru laguntza horiek.
Next Generation funtsek ikuspegi “transbertsala” daukatela gogora ekarri zuen hirigintza zinegotziak. “Berotegi Efektuan eragiten duten gasik gabeko emisioagaz Gaztelugatxerako garraioa eta interpretazio zentroa eraikitzeko eskatu ziren diru laguntza horiek”. Azken horren bideragarritasun ekonomikoa aztertuko du udalak: “Eraikitzeaz aparte, mantenua ere kontuan hartu behar da eta”. Beste instituzio publiko batzuekin elkarlana “ezinbestekoa” izango da, “udalak bakarrik ezingo baitie” gastuei aurre egin. “Bi horiek gakoak dira, ez baldin badira egiten, ezingo dugu Lamerako argiteria aldatu, Turismo Bulegoaren eraikinaren bideragarritasun energetikoa hobetu, Alde Zaharreko bost kaletan irisgarritasuna hobetu–ez da nahikoa udalak jarriko duen diruarekin– eta material digitala prestatu”.
Gaztelugatxeko Interpretazio Zentroa egitekotan, udal lokal batean egingo dela azpimarratu zuten, eta ez alderdi jeltzaleak aurreikusi bezala Kabidxe gune sozialean. Izan ere, Kabidxe eraikin pribatua da, eta udalak eraikin publikoak edukita, ez dute bidezkoa ikusten pribatu bat erostea. “Diru publikoa lokal pribatu batean inbertizea ez dago gure helburuetan”, esan zuen alkateak. Era berean, gune sozialean dauden herriko eragileen lana balioztatzen dute eta ez dituzte bertatik kanporatu nahi: “Kabidxe mantentzea gure helburuetan dago. Hainbat elkarte batzen dira han, eta Bermeoko gizarte eta gazteria arloan lan oso handia egiten dute”.
HAPO berraztertzea ere bada lehentasunetako bat, etxebizitza turistikoak erregulatzeko; izan ere, udalerrian ez dute inolako erregularizaziorik eta dagoen arautegi bakarra Eusko Jaurlaritzarena da. “Orain arte ez da ezer egin, eta esan genezake gune batzuetan egoera kritikora heltzen ari garela. Herriaren bizi kalitatean daukan eraginaren ondorioz, etxebizitza horien eskaintza erregulatu egin behar da”, adierazi zuen Uriondok.
%11 igo dute zerbitzuetarako zenbatekoa, besteak beste, eraikinetako, asfaltoetarako eta umeen jolastokietarako mantenurako diru-sailak igo dituzte. “Zerbitzuen mantenu falta handia ikusten du jendeak, kaleetan, eraikinetan, umeen guneetan… Urteetako tendentziak eroan gaitu errealitate honetara. Gure baliabideak gutxitzen joan dira eta mantenurako bideratutako diru-sailak ez dira handiak, eta ez gara prebentziora ailegatzen, unean uneko arazoei aurre egitera baino ez da heldu udala”, azaldu zuen Ortuzarrek.
Herri Babesaren lana oso garrantzitsua da udal gobernu taldearentzat, eta haren aurrekontua ere igo dute. Udaltzaingoari dagokionez, segurtasuna, herritarrenganako arreta eta hurbiltasuna eta sistema informatikoaren eraginkortasuna dituzte ardatz.
Bestalde, auzo taxia berreskuratuko dute. Lurgintza sailaren aurrekontuan “goraka nabarmena” dago; 117.800 euroko diru-saila daukate.
Bermeo eraldatzailea atalean, eraldaketa ekonomikoari aurre egiteko prest dagoen udalerria lortzeko helburuak jaso dituzte. “Jarduera ekonomikoa, enplegua, ekintzailetza, sektore ekonomikoa, turismoa, hezkuntza eta formazioa indartzeko da”, esan du alkateak.
Turismo jasangarria, ekonomiaren garapena, itsasoari lotutako jarduerak, enplegua sustatu, nekazaritza jasangarria, bertoko produktuen aldeko apustua eta herriko merkataritza-ostalaritzaren sustapena biltzen ditu, 383.899 euroko aurrekontuagaz.
Enpresa garapenean, herriko enpresei laguntzeko ekimenak indartu dituztela eta ekintzaileentzako aholkularitzarako diru saila handitu dutela zehaztu zuen Caruezok. Udal azokari buruzko azterketa egiteko diru saila sortu dute, eta asteburuan egin modura, bertoko merkatarien azokak antolatzeko asmoa daukate: “Eta azpimarratu gura dugu Bermeoko produktuen eta zerbitzuen gida landu gura dugula. Era berean, herriarengan eta herritarrengan pentsatutako apustuak dira gureak, eta horren adierazle da Lokalbide programa. Ekintzailetzan laguntzen duela ikusi dugu, eta mantendu egingo dugu, 2.000 euro gehiago ipinita”.
Bestalde, Arrain Azokara 15.000 euro gehiago bideratzea aurreikusi dute: “Bizkaian erreferentea da, eta gure herriko identitateagaz oso lotuta dagoen azoka da; guretzat estrategikoa da”.
Turismo arloan “etapa berri bat” hasiko dutela aipatu zuen: “Gure zerbitzu eskaintza ondo antolatu eta balorean jartzeko momentua da”. Herriko ondarea balioan ipiniko dute, eta diru-saila 3.000 eurotik 15.000 eurora pasatu dute. Autokarabanen aparkalekua zelan kudeatu aztertu ostean, 15.000 euroko diru-saila sortu dute “kalitatezko zerbitzua eskaintzeko asmoz, modu kontrolatu eta jasangarrian”.
Bermeo gertua izateko bidean, gardentasuna, parte hartzea, eraldaketa digitala, udal antolaketa eta langileen kudeaketa, zorroztasuna, euskararen sustapena, kudeaketa aurreratua eta herritarren arreta izango dira lan-ildoak, eta 18.972.428,9 euro bideratuko dituzte.
Miren Gabantxo Uriagereka zinegotziak azpimarratu zuen udala eta herritarrak hurre egotea gura dutela. Burokrazia sistema “erraztea” dute helburu, eta informazio erraza, berbeta erraza eta prozesu administratibo ulergarriak egitea da lehentasuna.
Besteak beste, udalaren webgunea berrituko dute: “Oraingoak 20 urte ditu, eta benetazko webgune modernoa lantzea erabaki dugu, eta, horretarako, 40.000 eurogaz hasiko gara”.
Antolakuntza eta teknologia berriak sailaren aurrekontua %15 igo dute, herritarrekin komunikatzeko eta parte hartzea bultzatzeko asmoz. “Informatika, prozesu administratiboen kudeaketa eta segurtasunagaz zerikusia daukaten gauzetara bideratuko da aurrekontua. Udan intrusio informatikoa eduki genuen, eta udalaren sistema guztiz blokeatuta egon da. Zibersegurtasunean inbertitzea erabaki behar izan dugu, eta ez da gastua, inbertsioa da”.