Udazkeneko egitaraua positiboki baloratu du jai batzordeak
Azaroaren 4an Mikele Landaren Ullako basoari buruzko dokumentalaren emanaldiagaz hasi zen asteburuetarako egitaraua, eta zapatuan [abenduak 9] bertso-afariagaz amaitu da.
Maialen Lujanbiogaz eta Nerea Ibarzabalegaz zapatuan [abenduak 9) izandako bertso-afariagaz bukatu da Natxituko Jai Batzordeak azaroko eta abenduko asteburuetarako prestatutako egitaraua. Herriko taberna oporretan dagoelako eta herriak aisialdirako eskaintza izateko asmoz urtero sortzen dute egitaraua, eta adin guztietako jendearentzako ekintzak antolatzen dituzte. Jai batzordetik adierazi dutenez, aurtengo egitarauan “apustu berezia” egin dute, bereziki bertso-afariari dagokionean. Izan ere pandemia aurretik egina zuten azkena.
80 pertsona elkartu ziren Bolatokian afariaz eta bertsolari markina-xemeindarraren eta hernaniarraren bertsoez gozatzeko, eta “giro polita” egon zen. Antolatzaileek “balorazio positiboa” egin dute.
Bi hilabeteetan zehar egindako ekintza ezberdinen inguruko balorazioa positiboa da, beraz: “Egin ditugun beste ekintzetan ere parte hartze ona egon da. Mus txapelketan, adibidez, iaz baino askoz bikote gehiagok izen eman zuten”. Umeei zuzendutako jardueretan ere erantzun ona jaso dute. Ahulguneren bat aipatzeke, tabernako bisitari kopurua nabarmendu dute: “Domeketan zabaltzen da taberna, eta jende gutxi egon da. Orokorrean jende nagusia etortzen da, eta gero eta jende nagusi gutxiago dago”.
Urteetan zehar arrakasta izaten duen ekitaldiak mantentzeaz gain, aurtengoan berrikuntzak ere izan dituzte, besteak beste Euskararen Egunean bakarrizketa estiloko saioa. Udalak egitaraua zabaldu zuen eta horrek Eatik jendea gerturatzea eragin zuen: “Hogei bat lagun egon ziren, baina herri txikietan ez duzu askoz jende gehiago batuko, balorazioa ona da”. Bestalde, briska txapelketa ere antolatu dute aurten lehenengoz, baina honek ez zuen esperotako erantzuna izan.
Bi hilabete hauetako lana “luze” egin zaie antolatzaileei, gustura aritu badira ere. Izan ere, zapatuan bukatu zen egitaraua azaroaren lehen asteburuan hasi zen, Mikele Landa eatarraren ikus-entzunezkoaren emanaldiarekin eta Haizeder Trail ibilaldiarekin. Geroztik bestelako ekintzak ere izan dira Natxituan, hala nola, Amaiur Arronategiren Loturez erakusketara ibilbide gidatua, edo talo jana eta sagardo txotxa tailerra.